Gazteei etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak emango dizkie Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2017ko urr. 27a, 12:04

Elgoibarko Udalak 50.000 euroko diru-laguntza bideratuko du, etxebizitza alokatu nahi duten 18 eta 31 urte bitarteko herriko gazteentzako.

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, helburu bikoitza du gazteentzako diru-laguntza programa honek: Alde batetik, gazteei bere emantzipazio prozesuan eta helduen munduan sartzen laguntzeko; eta, bestetik, gazteen artean sustatzea alokairuzko etxebizitza bat lortzea Elgoibarren.
Elgoibarko alkate Ane Beitiaren berbetan, Udala etxebizitza arloan konponbideak eskaintzeko aurrerapausoak ematen ari da. "Etxebizitza politika publikoaren bidez alokairua sustatzen gabiltza, arrazoizko prezioak eta etxebizitzak eskuragarriagoak izan daitezen. Administrazioak subjektu aktiboak izan behar gara eta gazteen eskubideak bermatzeko lanean gabiltza”, adierazi du.
• Baldintzak eta zenbatekoak
Deialdian ezarrita daude diru-laguntzak eskatzeko baldintzak eta haien zenbatekoa, eskatzaileen diru-sarreren araberakoa izango da. Etxebizitzarako laguntza hilean alokairuagatik ordaintzen denaren %50ekoa izango da, komunitate eta etxebizitzako gehigarriak kenduta, hilean, gehienez ere, 250 eurokoa izanik.
Lehenengo baldintzei dagokionez, 18 eta 31 urte bitarteko gazte emantzipatuak izan behar dira, alokairuzko kontratu baten titularrak eta laguntza jasotzailea ezin izango da etxebizitza baten jabe izan. Diru-laguntzak irauten duen epealdian etxebizitzan erroldatu ahal izango dira, kontratuaren titularrak, euren ezkontide edo Erregistroan inskribatutako izatezko bikotea, eta euren kargura dauden adingabeak.
Beste baldintza batzuen artean, onuradunek ezin izango dituzte, urtean, 25.000,00 euro gordin baino gehiagoko diru-sarrerak izan eta Elgoibarko herrian egon beharko dute erroldatuta, gutxienez eta etenik gabe, 2 urteko antzinatasunarekin, edota udalerrian, etenik gabe, 5 urtez erroldatuta egon direla erroldatuta egiaztatu beharko dute.
Eskabideak aurkezteko epeak
2017. urteari dagozkion laguntzen deialdirako eskaerak aurkezteko epea, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 10 lanegunekoa izango da.
Eskaera egiteko, dagokion instantziarekin batera, oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da herritarrentzako arreta bulegoan.
Interesa duten pertsonek, aipatutako oinarrietan, bete beharreko baldintza, balorazio irizpide eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazio gehiago kontsultatu ahal izango dute. 
Hurrengo estekan informazio orria, diru-laguntzaren oinarri arautzaileak eta eskaera orria aurkitu ditzakezue: www.elgoibar.eus

elgoibar alokairua frantzizko