Bederatzi gazte elgoibartarrek jasoko dituzte etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak

Barren.eus 2021ko uzt. 9a, 13:23

Elgoibarko Udalak gazteek etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntza deialdia zabaldu zuen apirilean, eta 35.000 euroko partida bideratu zuen horretarako. Hamahiru eskaera jaso dituzte.

Elgoibarko Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzera bideratutako laguntzak eskaintzen ditu, 2017tik hona. Dirulaguntza horiek bi helburu nagusi dituzte: gazteak, bereziki, emantzipazio bidean laguntzea eta herrian etxebizitzen alokairua sustatzea.

Joan den apirilaren amaieran, 2021eko urteari dagokion deialdia zabaldu zuen Udalak, 35.000 euroko aurrekontuarekin. Onuradun izateko baldintzen artean, ezinbestekoa da 18 eta 35 urte bitarte izatea, gutxienez azken bi urteetan Elgoibarren erroldatuta egotea, jabetzako etxebizitzarik ez izatea edota 18.000-30.000 euro gordin arteko diru-sarrerak izatea. Guztira hamahiru eskaera jaso dituzte aurtengo deialdian, eta bederatzi izango dira laguntza-lerroaren onuradunak, baldintzak bete dituztenak. Gauzak horrela, gazte bakoitzak gehienera urteko 3.000 euroko laguntza jasoko du etxebizitzaren alokairua ordaintzeko. Laguntzaren zenbatekoa diru-sarreren araberakoa da.
Urteko errenten ordainketak hiru alditan egiten dira eta lehena hilabete honetan zehar jasoko dute, horretarako dagozkien hilekoen ordainketak jada zurituta. 

∞Lotura duten albisteak: