Gazteen alokairua sustatzeko 35.000 euroko diru laguntza bideratuko du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2021ko api. 22a, 08:22

Herriko gazteei alokairuko etxebizitza eskuratzeko erraztasunak eskaintzeko helburuarekin, Elgoibarko Udalak 35.000 euroko dirulaguntza (50.000 eurokoa izan zen iaz) banatuko du 18 eta 35 urte bitartean dituzten elgoibatarren artean.

Gazteen emantzipazioa sustatzeko diru laguntza lerroa onartu du aurten ere Elgoibarko Udalak, 2017an hasi zuen ekimenaren barruan. Udaletik jakinarazi dute dagoeneko zabalik dagoela aipatu laguntza eskatzeko epea. Laguntza horren bitartez etxebizitza alokatzeagatik ordaindu beharreko hileroko kuotaren zati bat lagunduko da diruz, eta kasu honetan, kontuan hartuko diren errentak 2021 urtekoak izango dira.

Diru-laguntza eskatzeko bete-beharreko oinarrizko baldintzak ondorengoak dira:

  • 18 eta 35 urte bitartean izatea.
  • Gutxienez azken bi urteetan Elgoibarren erroldatuta egotea.
  • Jabetzako etxebizitzarik ez izatea.
  • Alokairu kontzeptuan beste laguntzarik ez jasotzea.
  • Urtean, 18.000 euro eta 30.000 euro bitarteko irabazi gordinak izatea.
  • Bi kide edo gehiagoren kasuan, diru-sarrera ororen baturak ezingo du urtean 58.000 euro gordin baino gehiagokoa izan.
  • 18.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten lagunek, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen Gaztelagun programan egin ditzakete laguntza eskaerak.
  • Aurreko hiru deialditan laguntza hau jaso ez izatea.

Aurrez aipatu bezala, diruz lagunduko da alokairuko hileroko kuotaren ordainketa, kasu honetan, 2021 urteari dagozkion kuotak. Edozein kasutan, laguntza hori jaso ahal izateko alokairuaren prezioak ezingo du 600 euro bainoa handiagoa izan eta laguntza honetatik kanpo gelditzen dira babes ofizialeko etxebizitzak, azpierrentamenduak, gelen alokairua eta etxebizitza gisa erabiltzen diren lokalak.

Horrela, diru-laguntzaren zenbatekoa diru-sarreren araberakoa izango da:

  • Sarreren batura 40.000 eurotik beherakoa bada laguntza hileroko alokairuaren prezioaren % 50ekoa izango da, gehienez ere, hilero 250 euroko balioarekin.
  • Sarreren batura 40.000 eurotik gorakoa eta 58.000 eurotik beherakoa bada laguntza hileroko alokairuaren prezioaren % 30ekoa izango da, gehienez ere, hilero 150 euroko balioarekin.

Urteko errentei dagozkien ordainketak, halaber, hiru alditan egingo dira eta, horretarako, dagozkien hilekoen ordainketak zuritu beharko dira, errenta ordaindu izanaren ordainagiriak modu telematikoan aurkeztuz.

Interesdunek zabalik dute eskaera egiteko epea, ekainaren 4a baino lehen eta modu elektronikoan egin beharko da www.elgoibar.eus webgunearen bitartez. Horretarako beharrezkoa izango da ziurtagiri elektroniko bat izatea (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela…) eta hori Elgoibarko Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan eskuratu ahal izango da.