Gaur aurkeztu dituzte krosean parte hartuko duten antxitxikari nabarmenenak, udaletxeko pleno aretoan egin duten aurkezpenean. Emakumezkoen lasterketa nagusirako momentuko atletarik onenak ekartzen saiatu direla esan du kroseko zuzendari Zigor Diezek. Edinah Jebitok (Kenya, 2001) izango da lasterketa irabazteko faborito nagusia, besteak beste, badakielako zer den Elgoibarren irabaztea, bera gailendu baitzen iaz. Jebitok sailkatuta dago otsailean Australian, Bathurst hirian, jokatuko duten Munduko Kros Txapelketa jokatzeko, eta badu meritua lehia izugarria baita Kenyan. Bigarren egin zuen mundialerako sailkatze probetan. "Iaz Elgoibarren egin zuen moduan antxitxika egiten badu, zaila izango da inork gainditzea, baina aurkari sorta gogorra ekarri diogu lasterketa ahalik eta lehiakorrena eta ikusgarriena izan dadin", azaldu du Zigor Diez Mintxeta Atletismo Taldeko arduradunak. Iazko irabazleak Margaret Chelimo Kipkemboi herrikidea izango du aurkari gogorrenetariko bat Mintxetan. Munduko txapelketetan podiumera igotakoa da Kipkemboi, iaz brontzezko domina lortu zuen 10.000 metroko lasterketan eta 2019an zilarrezkoa 5.000 metrokoan. Francine Niyionsaba (Burundi, 1993) ere gertutik jarraitzeko atleta izango da. Astelehenean ailegatu zen Elgoibarrera eta aurkezpenean izan da gaur. Hamazazpi alditan irabazi du Diamond League prestigiotsuko probaren bat, eta kros denboraldi honetan Venta de Bañoseko krosa irabazitakoa da. Tokioko Olinpiar Jokoetan bosgarren postuan sailkatu zen 10.000 metrokoan. Rahel Daniel gazteak ere (Eritrea, 2001) izan dezake zeresana, iaz bigarren postuan amaitu baitzuen munduko kros denboraldia. Eta horrez gainera, Atapuercako kros garrantsitzua irabazi berri du. Faboritoen sorta osatzeko Winfred Mutile Yavi (Bahrain, 1999) aipatu behar da. 3.000 metroko oztopo proban historiako seigarren markarik onena dauka eta proba horretan laugarren egin zuen azkenengo munduko txapelketan.
Aipatuez gainera, Ingalaterrako, Belgikako, Portugalgo edo Turkiako saltakariak ere etorriko dira eta baita urtero etortzen diren hainbat atleta espainiar ere, besteak beste, Irene Sanchez-Escribano, Isabel Barreiro, Cristina Ruiz Espainiako kros txapeldunordea. Iraia Mendia atleta gipuzkoarra ere nabarmendu du Zigor Diezek. Europako 20 urtez azpiko kategorian 9. postua eskuratu zuen atleta lazkaotarrak eta estreinakoz lehiatuko da Elgoibarren senior mailako lasterketan. "Gogoa daukagu behingoz bertako atleta bat onenekin lehian ikusteko", esan du Diezek.
• Selemon Barega, txapeldun olinpikoa
Gizonezkoetan Selemon Barega (Etiopia, 2000) izango da izarrik nagusiena, ezbairik gabe. Duela bost urte, 18 urte besterik ez zituela, Elgoibarren erakutsi zion munduari atletismoko izar berri bat jaio zela. Oraindik izenik ez, baina elitera jauzi egiteko zorian dauden atletak bilatu eta Mugertza krosak eskaintzen duen erakusleihoan mundura ezagutzera ematea gustatzen zaie Mintxeta atletismo taldeko arduradunei, eta halaxe gertatu zen Baregarekin. Euritan eta lokatz artean jokatu zen Mugertza krosaren 75. ekitaldia irabazi zuen etiopiarrak, bere adin bereko Jakob Kiplimo ugandar gaztearekin lehia bizian eta ikusgarrian aritu eta gero. Harrezgero, garaipen garrantsitzuak eskuratu ditu Baregak. Urrezko domina irabazi zuen Tokioko Olinpiar Jokoetan, 10.000 metroko lasterketan, eta iaz izar handietakoa izan zen Eugenen (AEB) jokatu zituzten Munduko Atletismo Txapelketan, urrea irabazi baitzuen 3.000 metrotan eta zilarra 5.000 metroko proban. Hala, Elgoibarrera itzuliko da Barega, baina aurrez izan zenean baino titulu eta curriculum dezente handiagorekin. Gizonezkoen lasterketarako fitxaketak ixtea lan nekeza izan dela aitortu du Diezek. "Oso konplikatua izan da aurten, Munduko Kros Txapelketa laster jokatzekoa delako, Kenyako trialengatik eta beste hainbat kontugatik. Azken ordura arte asko borrokatu behar izan dugu atletarik onenak Elgoibarrera ekarri ahal izateko. Ez dugu zerrenda luzea lotu, baina zerrendaburua, Selemon Barega, ikustea merezi duten atleta horietakoa da. Ez da askotan errepikatuko halako txapeldun bat, txapeldun olinpikoa eta mundukoa, bertatik bertara ikusteko aukera izatea Mintxetara igota", esan du. Izen handiko atleta gehiago ekartzeko lanean jarraitzen dutela gaineratu du eta lotu dituzten atleta nabarmenenak aipatu ditu: Birhanu Balew (Bahrain, 1996), Zakariya Mahamed, Adel Mechaal, Carlos Mayo, Santiago Catrofe, Fernando Carro, Javi Guerra edo Pol Oriach dira gizonezkoen lasterketa nagusian arituko diren beste atleta nabarmen batzuk.
• Ikuskizuna ziurtatua
Lehen lasterketa, alebin neskena, 9:30ean hasiko da domekan. Guztira hamabi lasterketa izango dira. Senior emakumezkoena 12:30ean hasita eta 13:15ean gizonezkoena. Junior mailako atletak lehiatzen diren Mamo Wolde Sariari dagokionez, 11:35ean hasiko da emakumeena eta 12:00etan gizonezkoena. Antolatzaileek 1.000 saltakari espero dituzte, hau da, partaidetza errekorretik gertu ibiliko dela uste dute. "Ikuskizuna ziurtatuta dago. Ia 1.000 parte hartzaile, 13 herrialdetakoak, eta horien artean txapeldun olinpikoak eta munduko txapeldunak. Oraingoz, falta zaigun bakarra ikusleak Mintxetara igotea da. Eguzkia edo euria egin, herritar guztiak animatu nahi ditut proba zuzenean ikustera", adierazi du Zigor Diezek. Hogeita bat urte bete dira aurten Mintxeta Atletismo Taldeak Mugertza krosa antolatzeko ardura hartu zuenetik, Ego Toki elkartekoei erreleboa hartu eta gero. Harro daude urteotan egindako lanarekin eta bidelagun izan dituzten babesle, erakunde, komunikabide eta boluntario zein herritar guztiei eskerrak eman dizkie Zigor Diezek Mintxeta taldearen izenean. Urte asko daramatzagu antolakuntzan, lan handia egin dugu eta nekatuta gaude, baina ilusioz eta gogoz jarraitzen dugu aurrera". Iazko lasterketan eragina eduki zuen pandemiagatiko inolako mugarik gabe jokatuko da aurtengo krosa.
• Mamo Wolde Sariaren 20. urteurrena
Mamo Wolde sarian lehiatuko diren 20 urtez azpikoen arteko lasterketetek nazioarteko parte hartzea izango dute, Ingalaterra, Frantzia, Belgika eta Portugalgo selekzioetako saltakariak etorriko baitira Elgoibarrera, eta baita Espainiako hainbat komunitatetako antxitxikariak ere, besteak beste, Katalunia eta Kantabriakoak. Adin txikiko lasterketak ere pandemia aurreko egoerara itzuliko dira eta iaz baino lasterkari gaztetxo gehiago etorriko da Elgoibarrera. "Umetan eta gaztetan gure lasterketa ezagutu dezaten nahi dugu, handitzean berriro etor daitezen", azaldu du Diezek.
• Ongi-etorria, zapatuan
Elgoibarko alkate Ane Beitiak nabarmendu du krosa erakusleiho "handi-handia" dela Elgoibarrentzat, herria munduan ezagutzera ematen duelako. Antolatzaileak, boluntarioak eta herritarrak eskertu ditu Beitiak harro egoteko moduko proba hau horrenbeste urtean antolatzeagatik. Gainera, azken bi urteetan egin ez duten atletei egiten zaien ongi-etorria berreskuratuko dutela aurtengoan aurreratu du. "Niretzat azkenengoa izango da eta parte hartzera animatu nahi ditut herritarrak". Zapatuan egingo diete ongi-etorria 79. Mugertza krosean parte hartu zuten atletei, 19:30ean, Kalegoen plazan.
∞Lotura duten albisteak:
- Kimeli eta Jebitok kenyarrak gailendu dira euritan eta lokatzarekin jokatu duten Mugertza krosean (2022-01-09)
- Bost lagun omenduko dituzte Mugertza krosean (2022-01-07)
- Goi mailako partaidetza Mugertza krosaren itzuleran (2022-01-05)
- Mugertza krosa bertan behera lagatzea erabaki du Mintxeta atletismo taldeak (2020-12-15)
- Mugertza krosa jokatu ahal izateko bete beharreko baldintzak (2020-12-02)
- Mugertza krosak hirugarren postuari eutsi dio Espainiako krosen sailkapenean (2020-05-20)
- Obiri eta Worku izan dira azkarrenak 77. Mugertza krosean (2020-01-12)
- Jebet eta Barega gailendu dira krosaren osagai guztiak eduki dituen 75. Mugertza krosean (2018-01-14)