Mugertza kroseko antolatzaileek krosaren aurkezpenean jakitera eman zuten bost lagun omenduko dituztela aurtengo krosean. Honela azaldu zuten: "Inoiz ez da erraza horrelako proba bat antolatzea, pandemia ez badago, krisi ekonomikoa hor dago, eta Elgoibarko herri osoaren babesik gabe ezinezkoa zatekeen proba antolatzea. Horregatik, ezinbestekoa da bidelagun izandakoei esker ona adieraztea eta joaten direnean haien oroimena gordetzea. Gauzak hala, antolakuntzak azken hilabeteetan utzi gaituzten krosaren bost lagun omenduko ditu aurten. Fermin Arrese, antolatzaile nekaezina hainbat urtez eta krosaren maitale izandakoa; Bego Gil, urte luzez boluntario izandakoa; Lucas Larraza, proba lau aldiz irabazitako korrikalaria; Alejandro Gomez, atleta oso maitatua eta Agnes Tirop, 2018ko irabazlea. Azken hori, indarkeria matxistaren biktima izan da".
Bostei omenaldia egingo diete atletei ongi etorria egiteko zapatuan egingo duten harrera-ekitaldian, 19:30etik aurrera. Udaletxeko arkupeetan egingo dute aurten ekitaldia eta ez dira udaletxera igoko, ohikoa duten moduan. Era berean, domekan, lasterketa egunean, minutu bateko isilunea egingo da omenduen omenez.
•Azken orduko altak eta bajak
Urtero izaten dira azken orduko altak eta bajak Mugertza krosean, eta aurten handiagoa da arriskua pandemia dela-eta. Puntako bi atleta etiopiar lotu dituzte antolatzaileek domekarako. Gizonezkoetan lehiatuko da bata, Getnet Wale 21 urteko antxitxikaria. Tokioko Olinpiar Jokoetan 3.000 metro oztopoduneetan laugarren postua lortu zuen eta denboraldiko hirugarren markarik onena egin du aurten 5.000 metrotako lasterketan. Bere herrikide Senbere Teferi da azken orduko bigarren fitxaketa. Mugertza krosa irabazi zuen Teferik 2017an eta honek ere denboraldiko hirugarren markarik onena egin du 5.000 metrokoan.
Bestalde, bi bajen berri eman dute Mintxetako arduradunek. Aron Kifle eritrearrak eta Eva Cherono keniarrak ez dute parte hartuko.
•Alebinen eta infantilen lasterketak bertan behera
Mintxeta Atletismo Taldeko arduradunek jakitera eman dutenez, bertan behera gelditu dira 12 urtez azpiko (alebin) eta 14 urtez azpiko (infantil) lasterketak, Jaurlaritzako Osasun Sailaren dekretuak hala egitera behartu dituelako. Gainerako lasterketak euren ordutegietan jokatuko dira.
∞Lotura duten albisteak:
- Goi mailako partaidetza Mugertza krosaren itzuleran (2022-01-05)
- Mugertza krosaren 78. ekitaldia 2022ko urtarrilaren 9an jokatuko da (2021-10-20)
- Mugertza krosa bertan behera lagatzea erabaki du Mintxeta atletismo taldeak (2020-12-15)
- Mugertza krosa jokatu ahal izateko bete beharreko baldintzak (2020-12-02)
- Mugertza krosak hirugarren postuari eutsi dio Espainiako krosen sailkapenean (2020-05-20)
- Obiri eta Worku izan dira azkarrenak 77. Mugertza krosean (2020-01-12)