Mugertza krosa bertan behera lagatzea erabaki du Mintxeta atletismo taldeak

Barren.eus 2020ko abe. 15a, 15:11

Mintxeta atletismo taldeak jakinarazi du 2021eko urtarrilaren 24an jokatzekoa zen Mugertza Krosa bertan behera lagatzea erabaki dutela.

Arduradunek esan dute, Elgoibarko Udalak bat egin duela erabaki honekin, eta erabateko babesa eta adostasuna erakutsi diola atletismo taldeari.

Mintxeta atletismo taldeak hausnarketa prozesu baten ondoren hartu du datorren urteko Mugertza Krosa bertan behera lagatzeko erabakia. Beraien asmoa krosaren 78. edizioa antolatzea zen, baina horretarako zenbait baldintza jarri zituzten, eta koronabirusaren ondorioz, bi baldintza ezin direla bete nabarmendu dute: Batetik, ezingo lukete 20 urtez azpiko atleten parte-hartzea bermatu, eta kategoria absolutuetako bi probak bakarrik antolatu ahal izango lituzkete. Horrez gain, une honetan indarrean dagoen araudiak ez du baimentzen kirol proba publikoarekin jokatu ahal izatea. Bigarren baldintza honek pisu handia zeukan antolatzaileentzat: "Antolakuntzan parte hartzen dugunok uste dugu gure krosa herriarena dela, zaleena, eta ahalik eta ikuskizunik handiena eman behar dugula. Eta, mundu guztian ezaguna izanik, oinarrizkoa den zutabe hau izan ezean, ez du zentzurik lasterketa antolatzeak; izan ere, atletek ezin izango dituzte gozatu ikusleen txalo beroak, eta ezta Mintxetan egiten den jaia ere".  

Krosaren antolakuntzan laguntzeko prest azaldu zaizkie herritarrak, baina egoera honen aurrean arduraz jokatzea erabaki dute: "Azken egunotan pertsona eta erakunde asko gugandik hurbil sentitu ditugu, eta krosa antolatzera animatu gaituzte. Elgoibarko krosa desberdina da, gure herriko ekitaldirik esanguratsuena, nazio mailako egutegiko probarik zaharrena, eta atletismoaren munduan murgilduta dauden pertsona gehienentzat, munduko probarik onena. Ardura oso handia genuen, gure krosa erreferente delako, eta gure antolakuntza eredu izateak ilusio handia egiten zigulako, baina gure inguruko osasun neurriak ez dira Elgoibarrek merezi duen moduko Krosa bermatu ahal izateko bezainbeste hobetu".

Eskerrak eman dizkiete erakundeei, Elgoibarko herriari, babesleei, atletei, boluntarioei, federazioei eta hedabideei eman dieten laguntza leialagatik. "2022ko urtarrilean berriz elkar ikusiko dugulakoan, gabon zoriontsuak guztioi, eta 2021erako, osasuna guztiontzat". 

2020 12 02 mugertza krosa elgoibar 2020 igerilekua barren giz

∞Lotura duten albisteak: