ARGAZKI-BILDUMA: 75. Juan Muguerza Nazioarteko Krosa
Parte hartzaileen maila ikusita kirol ikuskizuna ziurtatuta zegoen Mugertza krosaren 75. edizioan, eta gaur egin duen eguraldiak ikuskizuna areagotu eta lasterketak dotoretu ditu. Atletek zein ikusleek lokatz artean lehiatu -lehenek- eta jarraitu behar izan dute krosa, Leruneko garaiak gogora ekarriz. Mintxetako igerilekuen inguruko berdegunea desagertu eta basaren marroi kolorea nagusitu da, lasterketak igaro ahala. Hala, senior probetako parte hartzaileek ohikoa baino ahalegin handiagoa egin behar izan dute ibilbideak osatzeko. Oinetakoa ere galdu du lokatza artean emakumeen lasterketan hirugarren egin duen Lilian Kasait Rengerukek (hona Rengerukek zapatilla lokatzetan galdu duen unea).
Emakumeen proba nagusian lau atletez osatutako taldeak hartu du agintea hasieratik, eta horien artean Ruth Jebetek jarri du erritmo biziena. Keniar jatorriko antxintxikari bahreindarrak iaz bigarren egin zuen Elgoibarren, eta aurten garaipenak bakarrik balio zion Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan 3.000 metro oztopetako irabazleari. Ez dio ihes egin. Jebetek Agnes Tirop (Kenia, 1995) izan du aurkari gogorrena. Tiropek Munduko Kros Txapelketa irabazi zuen 2015ean, eta laugarren egin zuen 2017koan, Ugandan. Letesenbet Gidey etiopiarra gaixorik jarri ostean, Mintxetakoek azken orduan fitxatu zuten Tirop kroserako. Jebetek 11 segundoko aldea atera dio helmugan, 27 minutu eta 15 segundoko denbora eginda. Aurrez esan bezala, Lilian Kasait Rengeruk (Kenia, 1997) sailkatu da hirugarren postuan, irabazlearengandik 53 segundora. Gebeyanesh Ayele etiopiarra sailkatu da laugarren postuan eta etiopiar jatorriko Trihas Gebre euskal herritarrak egin du bosgarren
• 17 urteko bi gazte onenak seniorretan
Gizonezkoetan Selemon Barega eta Jacob Kiplimo gazteak izan dira probako dominatzaileak. Oraindik izenik ez baina elitera jauzi egiteko zorian dauden atletak bilatu eta Mugertza krosak eskaintzen duen erakusleihoan mundura ezagutzera ematea gustatzen zaie Mintxeta atletismo taldeko arduradunei, eta orain urte batzuk Leonard Komonekin gertatu zen moduan, aurtengoan ere bete betean asmatu dute. 2.000. urtean jaiotako bi atleta, Selemon Barega etiopiarra eta Jakob Kiplimo ugandarra, Mugertza krosean garaipenak eskuratutako hiru atleta (Komon, Kipruto eta Toroitich) baino gehiago izan dira. Elkarrekin ailegatu dira azken metroetara, eta Baregak (33:52) bi segundoko aldea atera dio Kiplimori helmugan. 2014ko Mugertza krosa irabazi zuen Timothy Toroitich (Uganda, 1991) sailkatu da hirugarren postuan, irabazlearengandik 29 segundora. Habadi Hadisek (Etiopia, 1997) egin du laugarren, 34 segundora, eta Conseslus Kiprutok eskuratu du bosgarren postua. 3.000 metrotako txapeldun olinpikoak eta eguingo Munduko txapeldunak segundu bateko aldea atera dio Ilias Fifa espaniarrari.
SAILKAPENAK: lasterketa guztietako emaitzak
- Inoiz baino atleta gehiago lehiatuko dira 75. Mugertza krosean (2018-01-13)
- Mugertza krosaren iraganak eta orainak bat egin dute 75. urteurrena ospatzeko Galan (2018-01-12)
- Gazelen Hatsa’, krosaren historia, testigantzak eta irudia batzen dituen liburua (2018-01-11)
-
Goi mailako parte hartzea izango du Mugertza krosaren 75. ekitaldiak (2018-01-10)
- Elgoibar galaz jantziko da Mugertza kroseko irabazleei eta herritarrei esker ona erakusteko (2018-01-08)