Ekiola ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, Elgoibarko eta Mendaroko Ekiola egitasmoa ezagutzera ematekoko herritarrentzako informazio bulegoek bisita eta kontsulta ugari jaso dituzte azken bi asteetan, bi herrietan. Hori dela-eta, herritarrei arreta emateko lehen fase hau astebetez luzatzea erabaki dute, barikura arte.
- ORDUTEGIA: Elgoibarren, Aita Agirre kulturgunearen sarreran dago informazio gunea. Egunero dago zabalik, eguen arratsaldean eta eguaztenean izan ezik, egun horretan –asteazkenean, hilaren 11n– Mendarora joango baitira, jubilatuen tabernaren ondoan dagoen udal bulegora. Bi kasuetan, orain arteko ordutegiarekin jarraituko dute: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Ekiola ekimenean interesa duten herritarrek txosten pertsonalizatuak eskatzeko aukera dute guneotan. Agiri horiek beren kontsumo elektrikoaren fakturen arabera egiten dituzte, kooperatibako kide izan nahi duten ala ez baloratu ahal izan dezaten. Txosten horretan kooperatibako kide izateko baldintzei buruzko informazio zehatza jasotzen dutela azpimarratu dute, "familia bakoitzaren kontsumoaren arabera eginikoa".
Lehen fase honetan auto-hornikuntzarako eguzki energia ekoizteko planta berria kudeatuko duen kooperatiba ezagutzera eman nahi dute eskualdean eta herritarrak egitasmora gerturatu. Planta hori Azkaraterako bidean kokatu nahi dute eta urtean 1.416 oMW ekoitziko lituzke, edo beste era batera esanda, 650 familia ingururen energia beharrak asetzeko gai izango litzake. Datu horietan oinarrituta, Ekiola eguzki-energia kooperatiba eratzeko 650 bat kooperatibista behar dituzte
Batez besteko kontsumoa urteko 2.200 kWo denean, kooperatibista bakoitzak 2.300 euro inguruko ekarpena egin beharko du, eta gaur egun kontsumitzen duenaren urteko generazio berdinaz baliatuko da, gainera ohiko etxebizitzetarako inbertsioen kasuan PFEZean %15eko kenkaria aplikatuz. Horrekin, Ekiolaren funtsezko printzipioetako bat betetzen dela zehaztu dute, hau da, kooperatibistak urteko elektrizitate-eskariaren % 100 subiranoak izatea. "Elgoibarko eta Mendaroko Ekiolako energia-kontsumitzaile bakoitzari 24 €/MWh kostatuko zaio energia sortzea, -karguak, zergak eta bidesariak kanpoan utzita- lehen urtean (KPIaren urteko igoera), eta proiektuaren balio-bizitza 30 urte ingurukoa izango dela kalkulatzen da. Horrek energia sortuko du epe luzera oso kostu-prezio erakargarrian".
Lotura duten albisteak:
- Hodei Arzak: “Ingurumenarekin eta energia burujabetzarekin daukagun ardurari erantzuteko bidea da Ekiola” (2025-06-04)
- Asteon aurkeztuko diete herritarrei Elgoibarko eta Mendaroko Ekiola energia kooperatiba (2025-05-20)
- Elgoibarrek eta Mendarok tokiko eguzki-parke fotovoltaiko bat sustatuko dute (2023-01-27)
- Elgoibarren eta Mendaron energia berdea sortzeko Ekiola proiektua laster da martxan (2025-03-14)
- Elgoibarrek eta Mendarok tokiko eguzki-parke fotovoltaiko bat sustatuko dute (2023-01-27)
- Energia berriztagarriak sustatzeko herritarren kooperatiba energetikoen proiektua aurkeztu dute eskualdean (2021-03-15)