- Elgoibarren eguenean, maiatzaren 22an, egingo dute eguzki-instalazio berria herritarrei aurkezteko saioa, 19:00etan Aita Agirre Kulturguneko ekitaldi-aretoan. Herritar guztie irekia dela zehaztu dute arduradunek.
- Mendaron barikuan, maiatzaren 23an, egingo dute aurkezpen saioa. Udaletxeko batzar-aretoan izango da, 18:00etan, eta hori ere saio irekia izango da.
Sustatzaileek aurreratu dutenez, aurkezpen saioetan Ekiola eguzki-energia kooperatibari buruzko datu zehatzak aurkeztuko dizkiete herritarrei, eta zalantzak argitzeko aukera izango dute. Aurkezpenok Ekiola proiektuaren sozializazio fasearen abiapuntua izango direla azaldu dute Elgoibarko eta Mendaroko alkateek gaur egin duten prentsaurreko agerraldian. Lehen fase honetan auto-hornikuntzarako eguzki energia ekoizteko planta berria kudeatuko duen kooperatibara ezagutzera eman nahi dute eskualdean eta herritarrak egitasmora gerturatu. Planta hori Azkaraterako bidean kokatu nahi dute eta urtean 1.416 oMW ekoitziko lituzke, edo beste era batera esanda, 650 familia ingururen energia beharrak asetzeko gai izango litzake.
Aholkularitza bulegoak Mendaron eta Elgoibarren
Mendaroko zein Elgoibarko Udalek Ekiolari buruzko informazio eta aholkularitza zerbitzua emango duten bulegoak izango dituzte. Txandakako jardunean egongo dira zabalik, maiatzaren 26tik ekainaren 7ra bitartean.
- Elgoibarko bulegoa Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian egongo da. Honako ordutegia izango du: astelehenetik zapatura -eguaztenetan izan ezik- 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
- Mendaroko bulegoan asteazkenetan emango dute arreta zerbitzua, jubilatuen ondoko buleoan, Elgoibarko ordutegi berarekin.
Aipaturiko bulegoetan behargin espezializatuek emango dute arreta zerbitzua, eta txosten pertsonalizatuak ere emango dizkiete hala eskatzen duten herritarrei. Txosten horiek kontsumo elektrikoaren fakturen arabera egingo dituzte, kooperatibako kide izan nahi duten ala ez baloratu ahal izan dezaten. Txostenotan Ekiola energia kooperatiban parte hartzeko baldintzei buruzko "informazio zehatza" ere jaso ahal izango dute, "eta familia bakoitzaren energia kontsumoaren araberakoa izango da informazio hori".
650 kooperatibista
Arduradunek azaldu dutenez, 650 bat kooperatibista batu nahi dituzte Ekiola energia kooperatibara. Kalkulatzen dutenez, kide kopuru horrekin eguzki-parke fotovoltaiko bat eraikitzeko aukera izango lukete. Hainbat onura ikusten dizkiote eguzki-parke bat eraikitzeari, onura ekonomikoak eta baita ingurumenarentzat eta gizartearentzat onurak ere. "Batez-beste 2.200 kW0ko urteko kontsumoa duen lagun batek 2.300 euroko ekarpena egin beharko lioke kooperatibari, eta, gaur egun kontsumitzen duen urteko sorkuntzaren onuradun izango litzateke, ohiko etxebizitzetarako inbertsioen kasuan PFEZean % 15eko kenkaria aplikatuta". Era honetan, Ekiolaren "funtsezko printzipioetako" bat beteko litzatekeela diote, alegia, kooperatibistak subiranoak izatea elektrizitate-eskariaren %100ean, urte batean.
Kostuak eta epeak
Ekiolarekin bat eginez gero, Elgoibarko eta Mendaroko energia-kontsumitzaile bakoitzari 24 €/MWh kostatuko zaio energia sortzea (karguak, zergak eta bidesariak kanpoan utzita) lehen urtean (KPIaren urteko igoera), eta proiektuaren balio-bizitza 30 urte ingurukoa izango dela kalkulatzen dute. "Horrek energia sortuko du epe luzera oso kostu-prezio erakargarrian", azaldu dute.
Elgoibarko eta Mendaroko Ekiola 2025. urtearen bukaerarako amaitzea aurreikusten dute, eta espero dute 2026tik aurrera kooperatibako bazkideek beren energiaz baliatu ahal izatea, auto-hornikuntzako instalazioa abian jarri eta gero.
Elgoibarko eta Mendaroko udalek hasieratik babestu dute Ekiola berri hau, eta Danobatgroup-ek ere hartu du parte prozesuan, proiektua gauzatzen lagundu baitu, hasierako gastuetara bideratutako 120.000 euroko ekarpena eginda.
Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Korporazioan integratutako Krean ingeniaritza sustatzailearen arteko lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da Ekiola proiektua, eta eredu kooperatiboan energia-komunitateak sortzea du helburu, herritarrek berek sor dezaten beren beharrak asetzeko behar duten energia elektrikoaren % 100. "Gainera, kooperatibak berak lege-tresna gisa funtzionatzen du etorkizun energetikoari bere planteamenduen arabera aurre egiteko, eta bere kideek ez dute etxeko instalazio elektrikoaren inongo alderdirik aldatu behar. Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren instalazioa 30 urtean zehar funtzionamendu eta errendimendu ezin hobea izateko diseinatu da", adierazi dute. Azkenik, gogora ekarri dute Ekiola eredua bat datorrela 2030. urterako kontsumituko den energiaren % 32 jatorri berriztagarrikoa izatea helburu duen Europar Batasuneko politikekin.
Lotura duten albisteak:
- Elgoibarrek eta Mendarok tokiko eguzki-parke fotovoltaiko bat sustatuko dute (2023-01-27)
- Elgoibarren eta Mendaron energia berdea sortzeko Ekiola proiektua laster da martxan (2025-03-14)
- Elgoibarrek eta Mendarok tokiko eguzki-parke fotovoltaiko bat sustatuko dute (2023-01-27)
- Energia berriztagarriak sustatzeko herritarren kooperatiba energetikoen proiektua aurkeztu dute eskualdean (2021-03-15)