Elkarrizketa

Hodei Arzak: “Ingurumenarekin eta energia burujabetzarekin daukagun ardurari erantzuteko bidea da Ekiola”

Barren 2025ko eka. 4a, 10:25

Hodei Arzak Ekiolako zuzendaria Mendaron eman zuen saioan.

Elgoibarko eta Mendaroko Ekiola energia kooperatiba aurkeztu dute, energia burujabetzaren bidean, energia sortzeko aukeratzat. Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Korporazioko Krean ingeniaritzaren arteko lankidetzaren emaitza da Ekiola, eta Elgoibarko eta Mendaroko udalen eta Danobatgroupen babesa dauka. 

Ekainaren 7ra arte, herritarrei proiektuaren inguruko informazioa eta aholkularitza emateko bulego bana zabalduko dute gure bi herrietan. Elgoibarren, Aita Agirreko areto nagusian emango dute zerbitzu hori astelehenetik zapatura (eguaztenetan ez), 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Eguaztenetan Mendaron egongo dira, jubilatuen ondoko lokalean, Elgoibarko ordutegi berean (elgoibaretamendaro.ekiola.eus).

Ekiolako zuzendari Hodei Arzak Mendaron herritarrentzat egin zuten aurkezpen saioan. BARREN 

Zer arrazoi izan ditzakete herritarrek Ekiolara batzeko?
Elgoibar eta Mendarokoa sustatzen dugun hamargarren kooperatiba da eta ziurta dezakegu bideragarria dela guztiz, bazkidetza-ekarpen bidez lortu beharreko diru-kopurua lortu artekoa Energiaren Euskal Erakundeak jartzen duelako, hasteko. Bazkideen ekarpen horrekin, Ekiolak obra finantzatuko du eta energia emango die datozen urteetan, kooperatibak berak duen kostu prezioan. Herritarrei energia berdea, jasangarria eta 0 kilometrokoa eskuratzeko aukera ematea da helburua eta uste dut hori dela arrazoi behinena: herritarrek ulertzea burujabetza energetiko propiorako bidean lehen pauso batzuk emango dituztela. Motibazio ekonomikoa ere hor dago, noski, baina gu beti saiatzen gara azaltzen guretzat hori ez dela garrantzitsuena; Ekiola ez dela herritarren ekonomiarako inbertsiorako proiektua. Ingurumenarekin eta energia burujabetzarekin izan dezakegun ardurari erantzuteko bidea ematen digu Ekiolak.

Edonor izan daiteke Ekiolako bazkide, energia kontsumoa edozein duela ere? 
Zuzendaritzak dio komunitate energetiko bat izateko -eta hau hala da- parte-hartzaileak izan behar direla herritarrak, tokian tokiko entitate publikoak edota enpresa txiki eta ertainak, eta sustatu ere hori egiten dugu, ez daitezela bakarrik herritarrak izan bazkideak. Beraz, horietako edozein izan daiteke bazkide, energia kontsumoa edozein duela ere. Faktura bat ekarrita, urte osoko bolumen energetikoa zein duen kalkulatzen diogu guk eta horren arabera azpiegitura fotovoltaikoko panel kopuru bat esleitzen diogu kooperatibatik. Modu horretan, sortzen duen energiaren kopuru bat gordeko dio kooperatibak bazkideari eta trasladatuko dio fakturara.
Kalkulatu dugu urtean 2.000 kilowatteko batez besteko kontsumoa duten 650 familiaren energia beharrak asetzeko gai izango garela eta bazkide-kopuru horren bila ari gara, baina ez dago zertan kopuru hori izan. Jendeak batez besteko kontsumo hori baino handiagoa baldin badu, bazkide gutxiago beharko ditugu, eta alderantziz, baina edonola ere, egin beharreko diru-ekarpena proportzionala izango da beti. Hau da, kooperatibista bakoitzak ez du kopuru bera ordainduko; zenbateko hori familia unitatearen eta haren kontsumoaren araberakoa izango da.

Kooperatibara batu nahi dutenek instalaziorik egin behar al dute etxean?
Ez. Sare elektrikora konektatuta dago norbanakoa, eta handik iritsiko zaio energia. Konplikatu nahi ez duenarentzat eta etxeko teilatuan eguzki plakak jarri ezin dituen herritar horrentzat da ekimen interesgarria Ekiola, edonork parte hartzeko diseinatua dagoelako. Argitu behar dugu, baina, Ekiola ez dela autokontsumorako proiektua. Espainiako errege dekretu batek zehazten du norbere teilatuan edo bi kilometro baino gutxiagora dagoen azpiegitura fotovoltaikoa dela autokontsumoari dagokiona, baina beste autohornikuntzarako sistema honetan distantzia hori gainditu egiten da, kooperatibak azpiegitura eraikiko den lekutik 25 kilometroko erradioan daudenei emango dielako zerbitzua. Gero, komertzializazio eskema baten bitartez, kooperatibak sortzen duen energiaren ekonomia fakturara eramaten da.
Autokontsumo eredua litzateke idealena, baina, autohornikuntzarako beste sistema honetan, bidesariak ordaindu behar dira, merkaturatzeko sarea erabiltzen baita. Kalkulatzen da Elgoibar eta Mendaroko Ekiolako energia-kontsumitzaile bakoitzari 24 euro/MWh kostatuko zaiola energia sortzea lehen urtean. Proiektuak 30 urteko bizitza izango du, eta beraz, kontsumitzaile horrek epe luzera oso kostu-prezio erakargarrian sortuko du energia.

Bizi garen zonalde honetan egun eguzkitsuak ez dira hainbeste ere izaten, eta sortu daiteke kezka. Gure etxeko kontsumo-beharrak %100ean bermatuko ditu kooperatibak?
Bai, bai. Egun guztietan ez da energia kopuru bera sortzen, jakina, baina urteko balantzea berdintzen dugu guk: urtean zehar sortzen dugu urtean kontsumitzen dugun beste energia. Energia sortzeko teknologia ezberdinak aztertu genituen, baina energia berriztagarrien artean fotovoltaikoa da herritarren kontsumoari erantzuna emateko eredu egokiena. Jakina, oraintsu izan dugun itzalaldiaren pareko beste bat balego, argindar gabe geldituko ginateke, baina bestela lasai egon daitezke herritarrak ez direlako egun tristeak eginagatik argindarrik gabe geldituko.

Handia da dugun energia menpekotasuna. Zer pisu dauka gaur Euskal Herrian energia fotovoltaikoak?
Energia fotovoltaikoak sekulako garapen teknologikoa izan du azken urteetan, eta horri esker efizientzia handia lortu da eta kostuak izugarri merketu dira. Teknologia fotovoltaikoa, beraz, oso konpetitiboa da. Bere mugak dauzka, jakina, baina gainerako teknologia guztiek bezala. Muga handiena da eguzki orduetan sortzen duela energia eta, gurea moduko herrietan, potentzia handiagoa behar dugula konpentsatzeko. Energia fotovoltaikoaz ari garenean, ordu baliokidetan hitz egiten dugu, hori delako unitatea esateko leku batean zenbat energia potentzial sor dezakegun. Bada, hemen eta gaur egungo panelekin, 1.200 ordu baliokide sortzen ditugu eta proiektu bera Andaluzian jarriz gero, 1.800 bat. Beraz, %50 energia gehiago sortuko genuke han kostu berdinean, baina hala ere, izan diren aurrerapenekin eta horrek ekarri dituen kostuen merketzearekin, lortu ditugun dirulaguntzekin eta energia modu kolektiboan sortzeak dakartzan abantaila ekonomikoekin asko merketu da dena.

Zer ezaugarri izango ditu Azkarateko planta fotovoltaikoak? Zer eremu hartuko du?
Magal batean eraikiko dugu, gaur beste ezertarako erabiltzen ez den lur-sail batean eta, hektarea pasatxoko espazioa okupatuko du eta urtean 1.416 oMW ekoitziko ditu. Egia da Elgoibarren eta Mendaron leku bila ibili ginenean ez genuela beste aukera askorik ere ikusi proiektu fotovoltaiko bat eraikitzeko.

Zeintzuk dira epeak?
Hamabost egunen buruan hasiko ditugu obrak eta azaro-abendurako eraikita egongo da azpiegitura osoa, ondoren legeztatzeko prozesua hasi ahal izateko. Normalean, bigarren hori prozesu luzeagoa izaten da eraikitzea bera baino, baina hiru urte daramazkigu sukalde-lanetan eta ziurtatuta daukagu proiektua bideragarria dela. Gure asmoa da apirila alderako energia likidatzen hastea.

Beste herrietan zer erantzun izan duzue?
Denetarik. Azpeitian sortu genuen lehenengo kooperatiba, Ekindar, eta han berehala bete zen, baina Arrasaten, adibidez, gehiago kostatu zitzaigun. Toki batzuetan erantzuna beroagoa izan da eta, beste batzuetan, hotzagoa. Herriaren idiosinkrazia, merkatu librean argindarrak momentuan duen prezioa... faktore asko nahasten dira. Leku gehienetan berehala lortzen dira lehenengo 150 bat bazkide eta gero gehiago kostatzen da beste jende batengana iristea. Argindarraren faktura asko igotzen denean jendea beroago egoten da, baina guk ez dugu horrekin jokatu nahi. Guri iruditzen zaigu epe luzerako proiektua dela eta parte hartuz gero konbentzimenduz parte hartu behar dela, sinistuta gizarte osoaren onerako ari garela.


Eta 30 urtera zer suposatzen da gertatuko dela kooperatibarekin?
Jakizu, baina berez diru-partida bat gorde dugu eta kooperatibak badauka poltsa bat proiektua desegiteko. Baina lurra erosi egin dugu, azpiegitura bera hor izango da 30 urte barru ere energia sortzen eta kooperatibak erabakiko du zer egin: potentziatu, teknologian egindako aurrerapenak baliatuta, edo desmuntatu. Baina guretzako kooperatiba hauek erreminta bat dira jarraitzeko pentsatzen zer egin daitekeen dauzkagun behar energetikoei erantzuteko, asko daukagulako egiteko eta oso gutxi egin dugulako. 2030. urterako kontsumituko den energiaren %32 jatorri berriztagarrikoa izan behar dela dio Europako Batasunak eta Ekiolak bat dator eredu horrekin.

Eta kooperatiba utzi nahiko balu noizbait norbaitek?
Irtetea librea da. Hasierako diru-ekarpena itzultzeko eskatu eta listo. Kooperatibak itzuli egin beharko dio, beti ere ez bada kooperatibaren bideragarritasuna zalantzan jartzen. Zalantzan jarriko balitz, pixkanaka itzuliko lioke jarritako dirua. Egin diren irteteko eskaera apurretan, hori bai, dirua kolpez itzultzea erabaki dute kontseilu errektoreetan.