Hasi dira Zaporeak ekimenerako elikagaiak batzen

Barren 2025ko mar. 24a, 18:08

Merkatu plaza da garbantzuak eraman daitezkeen Elgoi8bareko lekuetako bat.

Gaurtik abian da Zaporeak erronkaren zazpigarren edizioa, eta dagoeneko ari dira Greziako Lesboseko kanpamendura ailegatzen diren errefuxiatuentzako elikagaiak batzen. 

Debabarrena guztian egingo dute janari bilketa, gaurtik barikura bitartean. Herri bakoitzean elikagai bat bilduko dute: Eibarren, pardina dilistak; Elgoibarren, garbantzu pedrosillanoa; Deban, Ermuan eta Soraluzen, bonba-arroza; Mallabian eta Mendaron, hodi erako makarroiak; eta Mutrikun, arraina kontserban. Aurten 50.000 kilo batzeko erronka jarri dute, iaz halako bi. Iazkoan, adibidez, 575 kilo garbantzu batu zituzten Elgoibarren. 2023an 12.000 kilo janari batzea lortu zuten.

  • Elgoibarren, astelehenetik ostiralera jasoko dituzte garbantzuak Merkatu Plazan, 10:00etatik 13.00etara arte eta 17:00etatik 20:00etara arte. Era berean, Santa Anako Eroski supermerkatuan,  Marrubi dendan (Antonio Arrillaga kalean) ere Txillarre Eko-dendan ere jasoko dituzte garbantzuak. Gainera, institutuko eta Elgoibar Ikastolako ikasleek gelara ere eraman ahal izango dituzte elikagaiak. Zaporeak taldekoek sentsibilizazio saioak eman dituzte bi ikastetxeotan. 
  • Mendaron, Lagun Betikoak tabernan, Rotetan, Sonianean eta Coviran janari dendan jasoko dituzte makarroiak.

Errifak eta Tupper Solidarioa

Bestalde, Zaporeak ekimenaren aldeko errifak salgai daude Elgoibarko hainbat denda eta tabernatan, besteak beste: Darama denda-tailerra, Marrubi fruta-denda, Armueta harategia, Alire estetika zentroa, Txillarre eta Tantaka taberna. Errifa bakoitzak 1 euroko prezioa du eta zozketa martxoaren 29an egingo dute, Ermuko Orbe Kardenal plazan egingo duten “Tupper Solidarioa” ekimen solidarioaren barruan. Debabarreneko sukaldariek janaria prestatzen emango dute goiza, plazan bertan, eta ondoren tuperrak (erdia lentejak bakailaoarekin, beste erdia arroza Lumagorrirekin eta fruta pieza bat) 5 euroan salduko dituzte, 14:00etatiki 15:00etara bitartean.