Zaporeak erronkako antolatzaileak eta laguntzaileak Urkotronik enpresaren egoitzan batu ziren aurten estreinekoz eskualde osora zabaldu duten erronkak izan dituen emaitzen berri emateko. Elgoibarren garbantzuak batu zituzten eta makarroak Mendaron. Parte hartu duten Debabarreneko herrietan, guztira, 12.000 bat kilo janari bildu dituzte, eta honezkero ondo antolatuta eta paketatuta daukate guztia, Greziara bidaltzeko prest. Horrez gain, bidalketa gastuei aurre egiten laguntzeko 8.000 euro inguru bildu dituzte, rifa eta bestelakoen salmentari esker, eta diru horri oraindik jasotzen ari diren donazioena gehitu behar zaio. Debabarreneko Zaporeak erronkako arduradunek eskerrik beroenak eman dizkiete modu batean edo bestean parte hartu duten herritar guztiei, eta datorren urtean erronka berriarekin itzuliko direla aurreratu dute.
• Zozketetako irabazleak
Bestalde, gogoratu rifen zozketa zapatuan bertan egin zutela eta hauek dira saritutako zenbakiak: 3968 (afaria Sagarra jatetxean eta Maite Zanguituren artelana); 2817 (afaria Amatxi jatetxean eta Angel Güenagaren artelana); 2771 (afaria Mendiola jatetxean eta Cristina Azpiriren artelana); 3303 (afaria Kasinon eta Santi Entrenaren artelana); 0528 (afaria Belaustegi jatetxean eta Esteban Orozen artelana); 2275 (afaria Kontent jatetxean eta Elisabeth Egurenen artelana); 0148 (afaria Baratze jatetxean eta Mauri Martinen artelana); 3276 (afaria Salegi jatetxean eta Javier Allenderen artelana); 2826 (Ederto-Harakel elkarteak emandako produktu-sorta eta Esther Galarzaren artelana).