Aurkeztu dute Debabarreneko Zaporeak erronka solidarioaren aurtengo ekitaldia

Barren 2025ko ots. 26a, 15:05

Debabarreneko Zaporeak erronkaren aurkezpena, Eibarko Untzaga gizarte zentroan. Arg: Eta Kitto.

Janari-bilketa martxoaren 24tik 28ra bitartean izango da, eskualdeko herri guztietan. 50.000 kilo batzea izango da erronka, iaz jasotako halako bi. Elgoibarren Pedrosillano garbantzuak batuko dituzte eta hodi itxurako makarroiak Mendaron.

Atzo aurkeztu zuten Eibarren Zaporeak erronkaren zazpigarren edizioa. Eibarko eta Ermuko sukaldari batzuek sortu zuten Zaporeak ekimena Greziako errefuxiatuei jaten emateko, eta eskualdeko herri guztiek parte hartzen dute egun elkartasun ekimen honetan. Aurkezpen ekitaldian erronka antolatzeaz arduratzen diren Zaporeak-eko kideek eta laguntzaileek parte hartu zuten.

50.000 kilo elikagai batzeko erronka

Ekimenaren sustatzaileek azaldu zutenez, janaria eta dirua lortzeko Debabarreneko Zaporeak erronkari eutsiko diote aurten ere, “horrela Grezian kateatuta dauden errefuxiatuei egunero jatordu duin bat eskaintzeko helburuarekin”. 50.000 kilo janari batzeko erronka jarri diete herritarrei, iaz halako bi. Iazkoan, adibidez, 575 kilo garbantzu batu zituzten Elgoibarren. 2023an 12.000 kilo janari batzea lortu zuten.

Janari-bilketa martxoaren 24tik 28ra bitartean izango da eta, aurreko edizioetan bezala, herri bakoitzean elikagai bat bilduko dute: Eibarren, pardina dilistak; Elgoibarren, garbantzu pedrosillanoa; Deban, Ermuan eta Soraluzen, bonba-arroza; Mallabian eta Mendaron, hodi erako makarroiak; eta Mutrikun, arraina kontserban.

Zozketa eta Tuper Solidarioa

Horrekin batera, dirua biltzeko asmoz rifak salduko dituzte, eta sariak Debabarreneko artista independenteek egindako koadroak eta bestelako artelanak izango dira. Ohiko martxan, erronkarekin kolaboratzen duten jatetxe bakoitzari artelan bana eman diote, zozketa bitartez oparitzeko. Eskualdeko hamar artistek oparitu dituzte koadroak, honako hauek: Begoña P. Aizpun, Esteban Oroz, Leire Kareaga, Mauri Martin, Elisabet Eguren, Angel de la Torre, Esther Galarza, Maite Zanguitu, Marina Barrena  eta Yolanda Capelo.

Koadroak oparitu dituzten eskualdeko artistak oparitutako artelanekin. Arg: Eta Kitto!

Erronkari amaiera emateko, tuper solidarioa egingo dute martxoaren 29an. Aurten Ermuko Orbe Kardinalaren Plazan egingo dute, 14:00etatik 15:00etara: egun horretan Debabarreneko sukaldariek janaria prestatzen emango dute goiza, plazan bertan, eta ondoren tuperrak (erdia lentejak bakailaoarekin, beste erdia arroza Lumagorrirekin eta fruta pieza bat) 5 euroan salduko dituzte.

Zaporeak elkartearen iazko balantzea

Zaporeak Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da. Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Iazko urtearen balantzea egin du elkarteak, eta hainbat datu eman. 2024. urtea erronkaz, ekitaldiz, sukaldeko hobekuntzez, lankidetzaz eta elikagai bilketez betetako urtea izan zela adierazi dute, baina, batez ere, Lesboseko errefuxiatu kanpalekuan bizi diren asilo eskatzaileentzat "elkartasunez eta milaka anoa duinez" betetako urtea izan zela azpimarratu dute. "2024a 825.297 anoa prestatzearen poztasunarekin eta poztasunarekin itxi genuen. 825.297 errefuxiatuk zuen maitasuna eta elkartasuna sentitu dute janari aberats baten bidez, ez dugu hitzik. Eskerrik asko, zuek gabe hau ez zen posible izango".

Aldizkari digital batean jaso dute 2024ko laburpena errepasoa