Santa Ana Jaiak

Herri oso baten esker ona jaso du Txirristaka tabernako Juan Jose Loiolak Mendaroko jaietan

Barren 2025ko uzt. 26a, 20:59

Gazte talde baten ekimena izan da, baina herri oso bat batu da gaur eguerdian Txirristaka taberna parean Juan Jose Loiola jabea omentzeko. Mendaro herriak beste urte bete ditu Txirristaka tabernak, 42, eta aurtengoak dira Loiolak barra atzean egingo dituen azken santanak.

Goizean goizetik kamiseta berdinarekin ikusi dugu gazte kuadrilla handi bat. Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolariaren argazkia zuten paparrean, alde batean, eta Txirristaka hitzak bordatuta, bestean. Soma zitekeen zerbait berezia, baina asko uste gabe etorri da eguerdikoa. 15:30ak aldera, Txirristaka taberna parean egin dute geldialdia poteoan gazteek, jabea omentzeko. Aurten izango ditu azkeneko Santa Ana jaiak Juan Jose Loiolak tabernako barra atzean, eta 42 urtean egindako lana eskertu diote herriko gazteenek. Juan Jose Loiola eta haren lankide diren bi zerbitzarientzat kamiseta bana zekarten gazteek, eta baita, txapel bat ere nagusiarentzat. Tabernatik aterarazi dute Juan Jose Loiola, eta ezustean hartu du herritarrek prestatutako eskerra. Ordurako jendetza handia batua zen taberna atarian eta txaloka hartu dute guztiek Loiola. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak ere batu dira omenaldira eta hiruna bertso kantatu dizkiote. Hitzik esan ezinda eta begiak bustita jaso du omenaldia Loiolak, eta txapela astinduz eta eskua bihotzera eramanez eskertu du herrikideengandik jasotakoa.