Santa Ana Jaiak

Juan Jose Loiola: "Aurtengoak izango dira nire azken santanak Txirristakan eta espero dut giro onean joatea dena"

Barren 2025ko uzt. 22a, 16:47

Juan Jose Loiola 'Panizok' hasiko ditu aurten santanak Mendaron, Txirristaka tabernako ugazabak. 

1983ko maiatzean zabaldu zuten taberna Angel Loiarte eta biek, Trinitate jaietan, eta Txirristaka izena ipini zioten, Mendaroko Barberokoa errotan jaio zen Eusebio Mugertza 'Txirristaka' bertsolariaren omenez. Taberna hark Mendaro herriak beste urte bete ditu, 42 aurten, eta ugabazabaren hitzetan, aurtengoak izango ditu azken santanak.

Nola hartu duzue jaiak hasteko eskaintza?
Ezustean. Ez nuen imaginatu ere egiten halakorik etor zitekeenik, eta kosta zitzaidan ulertzea eta barneratzea ere, baina aitortuko dut izugarrizko poza eman didala jai-batzordekoek ni aukeratu izana. Uste dut 42 urteko ibilbideari aitortza moduko bat dela, eta gustura hartu dut. Pentsatu nahi dut zerbait ondo egin dugula eta jendeak hori estimatu duela. Ohore handia izango da niretzat jaiak hastea. Badakit urduritasun handiz biziko dudala momentua, eta ez dakit zer esateko gai izango naizen. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet hemendik urte guzti hauetan ondoan izan ditudan guztiei. Ez da erraza gurea moduko negozio batean hainbeste urte betetzea, eta garbi daukat etxekoen eta bezero izan ditudan guztien babesik gabe ezinezko izango zitzaidala. Galdu ditut tabernan etxeko izan ditudan bezeroak ere urte hauetan, eta sarri akordatzen naiz haiekin, baina egun horretan inoiz baino presenteago izango ditut guztiak eta hasita nago barruan korapiloa sentitzen.

42 urte eman dituzu barra atzean, eta nekez izango zenuen santanez gozatzeko aukerarik, ala?
Taberna zabaldu genuenean gazteagoak ere baginen eta eguerdian irekitzen genuenez, parrandan ere ibiltzen ginen gauez gitarra hartuta-eta, baina orain akabatuta amaitzen dut lan-jarduna eta taberna itxi eta etxera joateko gogoa baino ez dut izaten jaietan. Lanean eman ditut jaiak urte askoan, eta aldatu dira garaiak eta aldatu da jendea ere, baina esango nuke esentzian santanak ez direla asko aldatu. Egitarauan izaten dira aldaketa batzuk, aldatzen dira musika taldeak eta abarrak, baina, Mendaron herritarren jai-gogoak egiten dituzte santanak berezi. Esatekotan esango nizuke lehen jaien zain-zain izaten ginela urte osoan, gaur besteko aukerarik ere ez zelako izaten aisialdirako, eta orain, kontzertuetara joateko aukerak-eta handitu direnez, jaiek ez dietela suposatzen lehen besteko zirrararik askori. Kanpora alde egiten dutenak ere izaten dira. Horrez gain esango nuke egunez gehiago bizi direla orain jaiak eta parekoagoak direla. Lehen, egunez, orduak ematen genituen terrazan jende zain, eta gauez eromena izaten zen. Orain, egunez ibiltzen da jende gehiago. Emakume gehiago ere ikusten da zorionez jaiaz gozatzen. 

Erretiroa usaintzen hasia zarela entzun dugu, bai eta Txirristaka tabernak azkeneko santanak izango dituela ere, zure eskutan bederen. Egia da? 
Bai, hala da. Aurtengoak izango ditut azkeneko santanak barra atzean eta espero dut giro onean joatea; jendeak goza dezala, baina besteenganako errespetuz, denon kalterako diren indar-erakustaldiak lagata. Egia esan azken txanpa hau ederra ari da izaten bestela. Iaz, gozatu egin nuen Txirristaka bertsolariaren 150. urteurreneko kultur programarekin. Haren izena eman genion tabernari Loiartek eta biok eta iruditzen zait asmatu genuela, koadro horri esker jende askok izan duelako haren berri. [Txirristakaren gaztetako argazkia dauka tabernako horma batean zintzilik, eta honela kantatu zion iaz Andoni Egañak Txirristakaren paperean aritu zen Beñat Gaztelumendi kantu lagunari, koadroan bibote handiarekin ageri den gizonari buruz: 

Baina berdin du gabe ibili 
edo bibote mardula
garai batean zure izenik
ez zen aipatzen sekula
argazki horrek zer eman dizun
ezin liteke kalkula
ba al dakizu fama(re)n erdia
Panizo(r)i zor diozula.]

Iaz, Andoni Egañak liburua ere eskaini zion Txirristaka bertsolariari eta niretzako sekulako oparia izan zen hura. Ekarri zidaten erregalo eta hunkitu egin nintzen Egañak liburuan egin zidan aipamena irakurtzean, asko estimatzen dudan bertsolaria delako. Aurten, berriz, jaiak hasteko ohorea izango dut. Oso eskertua nago. Aurten hasi egingo ditut, eta datorren urtetik aurrera, bizi, lagunen ondoan. Zapi berdea lepora lotu eta egitarauaz gozatzeko asmoa daukat datorren urtean, osasunak laguntzen badit behinik behin. Musika gustatzen zait niri eta badaukat gogoa kontzertuez gozatzeko. Mendaro herri txikia izan arren talde handiak etorri izan dira: Maixa eta Ixiar, bere sasoirik gorenean, Gozategi, Gatibu, Su ta Gar, Puro Relajo...

Zer da jaietatik gehien gustatzen zaizuna?
Santa Ana eguna. Iruditzen zait jaia hasten den lekuan hastea berezia dela eta bertsolariekin tabernaz taberna egiten den txikiteo hori ere polita dela, sortzen den giroagatik. Belaunaldiz belaunaldi eutsi zaio horri, eta herriko gazteek, gainera, bere sentitzen dute. Uste dut hori ezin dugula sekula galdu. Aurten, gainera, San Anara bueltatzeko aukera izango dela entzun dut eta pozten naiz.

Barra atzetik gauza asko ikusten dira eta milaka anekdota izango dituzu seguruena. Kontatzeko modukorik bai?
Anekdotak asko, eta xelebrekeriak ere bai, baina sekula ez ditut ahaztuko 1988ko santanak. Akordatzen naiz santana bezperetan, Mendarozabalen futbol-txapelketako finala jokatzen ari zirela, gorri-gorri jarri zela zerua eta bota zuela demasekoa. Sekula ez nuen ordura arte nik zerua kolore horretakoa ikusi. Ikaragarria izan zen. Garagartza ur azpian gelditu zen eta sekulako kalteak izan ziren Mendaron. Jakina, bertan behera utzi zituzten jaiak, eta iraileko lehenengo astean ospatu genituen. Pasatakoak pasata, sekulako jaiak izan ziren. Jendetza handia etorri zen Elgoibartik ere. Nekez ahaztuko ditut santana haiek. Bestela oso gogoan daukat santanetan Garagartzan egiten zen sokamuturra eta han sortzen zen giro berezia ere.

Pentsatu al duzu zer esan balkoitik?
Etortzen zaizkit burura kontu batzuk, baina esan nahi nituzkeenak esan ditut jaietako egitarauan eta hemen. Txupinazoaren zain dagoenak jaiak hastea nahi izaten du, eta ez naiz luzatuko. Eskerrak eman eta ondo pasatzeko esango diet herrikide guztiei.