Santa Ana Jaiak

Txirristaka tabernako ugazaba Juan Jose Loiolak bota du santanetako txupinazoa

Barren 2025ko uzt. 24a, 23:00

Mendaro herriak beste urte bete ditu Juan Jose Loiolak Txirristaka tabernaren barra ostean eta berak hasi ditu gaur santanak ofizialki. 

Joan zen asteburuan hartu zuten abantada, baina gaur hasi dituzte ofizialki Santa Ana jaiak Mendaron, Juan  Jose Loiolak bota duen txupinarekin. Etxafuegoa bota eta bat, udaletxeko balkoitik plazara jaitsi da Katasorgina, eta plazako oholtza zapaldu bezain laster hasi dira Bizi Poza txarangakoak kalea girotzen. Erraldoi eta buruhandiak ere atera dituzte konpartsakoek eta kalez kale ibili dira mendaroarrak musikaren erritmora dantzan. Hala ere, txupinazora orduko ere izan da Mendaron zer ikusi eta zertaz gozatua. Izan ere, Gazte Asanbladakoek antolatuta, gazteek herri bazkaria egin dute frontoian. 145 bat gazte elkartu dira bazkaltzen, eta jolasak egin dituzte gero, txupinazora abiatu aurretik. Bizi Poza txarangakoen ondotik, Hondarribiako Zker Band elektrotxarangak hartu ditu kaleak iluntze partean, eta lerro hauek idazteko unean, La Txamakoak ari dira kontzertua ematen. Ondoren, Txola ta Potxola herriko disko jartzaileen txanda izango da. Bihar, berriz, Santio Eguna ospatuko dute.

Hona biharko egitaraua:

  • 12:30 Meza nagusia, Garagartzako elizan.
  • 13:00 Kuttune taldearen kontzertua, Herriko Enparantzan.
  • 18:00 Mendaroko Gazteak taldekoen dantza emanaldia, frontoian.
  • 19:30 Mandiope erramupian jaialdia, Azpilgoetan, Itziarko Mandiope dantzalekuaren oroimenez.
  • 22:00 Nagusien danborrada, eskolan hasita.
  • 00:00 Mexico Lindo mariatxi taldea.