Santa Ana Jaiak

Euskararentzako lege babesa eskatu dute mendaroarrek santanetan

Barren 2025ko uzt. 20a, 09:26

UEMAk egindako deialdiari erantzunez, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia salatu eta euskararentzako justizia eskatu dute mendaroarrek Santa Ana jaietan.

Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ondoren, UEMAk epaia salatzeko eta euskararentzat justizia eskatzeko deia egin zuen eguenean, udalerri euskaldunetan atzo eguerdirako elkarretaratzeak deituta, eta UEMAko kide diren 118 udaletatik ia 100  udalek heldu zioten presazko deialdiari, tartean Mendarokoak. Hala, santanetako lehen eguneko jai-egitaraua ere hogei minutu geroago hasi zuten atzo, herritarrek elkarretaratzera joateko aukera izan zezaten. Eta erantzun zuten mendaroarrek. Dozenaka lagun elkartu zen atzo eguerdian udaletxe aurrean eta azken epaia salatzeko kartelak erakutsi zituzten, euskarak benetan aurrera egin dezan lege berria behar duela aldarrikatzearekin batera.