Euskararentzako justizia, lege-babesa eta arnasa eskatzeko elkarretaratzera deitu du UEMAk uztailaren 19rako

Barren 2025ko uzt. 17a, 13:59

Administrazio publikoan euskararen normalizazioa eta biziberritzea bultzatzeko neurrien aurkako epai asko izan dira azken boladan eta Madrildik etorri da azkena,  Espainiako Auzitegi Gorenetik. Sententzia horren kontra mobilizatzera deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta elkarretaratzeak antolatu ditu UEMAk uztailaren 19rako. Azaleko argazkia: Kontseilua

Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udaletan euskararen normalizazioa bultzatzeko 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzea berretsi du atzoko bere sententzian. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban udal ordezkari bakar bat ez daukan VOX alderdi ultraeskuindarrakren eskariz, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen 2023ko irailean EAEko Udal Legearen hainbat artikulu, euskararen normalizazioaren ingurukoak denak:  9.2 artikulua (bereziki euskararen arnasguneetan udal jarduerak euskaraz egitea baimentzen zuena); 11. artikuluaren lehengo atala (aukera ematen ziena udalei hizkuntza arloko udal eskumen propioa izatea, hau da, bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren arabera zehaztea hizkuntza irizpideak), 12. artikulua eta 17.1 artikulua, besteak beste (esaten zuena udal langileek euskaraz egingo zietela lehen berba herritarrei eta hark aukeratutako hizkuntzan jarraituko zutela gero komunikazioa. Eta aukera ematen zuena hartzaile zehatzik gabeko mezuak zabaltzen direnean -gailu automatikoen bidez, telefonozko informazio zerbitzuen bidez edo bozgorailuetatik-, lehenik euskaraz ematea ). 

Gorenak atzo ebatzi zuenez, 12. artikulua bakarrik da salbatzeko modukoa. Honela dio artikulu horrek: "Euskadiko toki entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek, beren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, tokiko jardueretan euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza gisa orokorrean eta normaltasunez erabiltzeko modua antolatu eta arautuko dute".

Euskararen Kontseiluaren ustez, sententzia euskararen normalizazioaren kontrakoa ez ezik, euskal gizartearen eta erakundeen kontrakoa da. Atzoko sententziaren eta norabide bidean etorri diren aurrerakoen helburua "euskararen minorizazioa betikotzea" dutela salatu du: "Oraingoan ere argi ikus daiteke euskararen minorizazioa betikotzea helburu duen oldarraldi judizial eta politikoa, Auzitegiak VOXen premisa ia guztiak bere egin baititu. Baina, euskararen normalizazioaren kontra ez ezik, euskal gizartearen borondatearen eta euskal erakundeen kontrako epaia da. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean gehiengo oso zabalez onartutako araudia eta Eusko Jaurlaritzak garatutakoa da Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetzea erabaki duena".

MOBILIZAZIORAKO DEIA

Kontseiluak gogorarazi du euskara eta euskal hiztun komunitatea "larrialdi linguistiko egoeran" daudela, eta normalizazio prozesua "atzeraldian sartzeko arriskuan". "Administrazioan euskarak pairatzen duen minorizazio egoera gainditu eta euskararen alde egiteko zoru minimo bat jartzen zuten dekretu hauek, baina, beste behin, Espainiako botere judizialak bide hori egitea galarazi du", zehaztu duten horren harira.

Horregatik, oldarraldi judizialaren kontra mobilizatzera deitu du, eta eskatu du euskararen normalizazioaren alde lan egitea gutako bakoitzak, dagokigun lekutik. Mobilizaziorako deiarekin bat egin du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere eta elkarretaratzeak antolatu ditu zapaturako, uztailaren 19rako. Udaletxe aurretan egingo dira elkarretaratzeak, 12:00etan.