Santanetako kartel lehiaketako sari banaketaren ondoren ekin zioten barikuan Txirristaka Bertsopaper lehiaketako sari banaketari. Iaz, Txirristakaren 150. urteurreneko kultur programa antolatzen jardun zen taldeko Idoia Narbaizak egin zituen aurkezpen-lanak eta Mendaroko alkate Enetz Ezenarro eta In Leike kultur elkarteko presidente Eukene Gurrutxaga aritu ziren sariak banatzen. Guztira sei sari banatu zituzten, hiru kategoriatan, eta txikitik handira banatu zituzten.
Sari nagusia Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena beasaindarrarentzat izan zen. Baina bat sobera bertso-sorta aurkeztu zuen lehiaketara Goikoetxeak eta epaimahaiak sortaren kalitatea nabarmendu zuen, bereziki "gauzak iradokiz esateko duen gaitasun handian" azpimarra jarrita. Garaikurra eta 1.000 euroko saria eskuratu zituen. Bigarren aldia da Goikoetxeak Txirristaka Saria jasotzen duena. Izan ere, 1999ko edizioan ere bera gertatu zen irabazle, eta orduko oroitzapenak ekarri zituen gogora beasaindarrak saria jaso berritan.
Kategoria nagusian bigarren saria iaz bigarren egin zuenarentzat izan zen, Oier Etxeberria Zubimendi azpeitiarrarentzat. Nire traje onenez bertso-sortagatik saritu zuten. Etxeberriak garaikurra eta 500 euroko saria jaso zituen. Kategoria nagusi honetan 2006an edo lehenago jaiotakoek parte hartu zezaketen eta gutxienez zortzi eta gehienez hamabi bertsoko sortak aurkeztu behar zituzten. Guztira hamalau lan jaso ditu Mendaroko Udalak.
B kategorian, berriz, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotako euskal herritarrek parte hartu zezaketen. Iaz ez zuten kategoria honetan ale bakar bat jaso Mendaroko Udalean, eta aurten hiru jaso dituzte. Maila honetan lehenenego saria Oier Juaristi Agirrebeña azkoitiarrak jaso zuen, Mundua bertso-sortagatik. Epaimahaiak "maila tekniko handiko" bertsoak zirela jaso zuen, eta bertsolariaren "koherentzia narratiboa, gaiaren sakontasuna eta kontakizunaren garapena, eta ikuspegi kritikoa" azpimarratu zituen. Garaikurra eta 200 euroko balioa duen kultura bonoa eskuratu zituen. Bigarren saria, berriz, Mara Orbe Alcalde bilbotarrarentzat izan zen, baina haren etxekoek jaso zuten saria, berak ezin izan baitzuen ekitaldira etorri. Garaikurra eta 150 euroko kultur bonoa eskuratu zituen.
Azkenik, A kategorian, 2011n edo geroago jaiotako debabarrendarrentzako kategorian, Nora Garate Larrañaga elgoibartarrak eta Anitz Ezenarro Narbaiza mendaroarrak jaso zituzten sariak, hurrenez hurren. Irabazlearen bertso-sortak Altxor bat Mendaro izenburua zuen eta epaimahaiaren hitzetan sorta irabazlea kategoria honetan jaso dituzten 43 lanetan "edukiz zein teknikoki sortarik osoena" izan zen. Nora Garatek garaikurra eta 100 euroko kultur bonoa eskuratu zituen, Mendaroko Morroskillo dendan gastatzeko. Bigarren saria, berriz, Anitz Ezenarro Narbaiza mendaroarrarentzat izan zen, Uda ostean bertso sortagatik.
Mendaroko Udalak eta In Leike kultur elkarteak antolatu dute Txirristaka Bertsopaper lehiaketa, iaz berreskuratu ostean, eta aurten, eskualdeko hiru bertsolarik osatu dute epaimahaia: Irune Basagoitik, Aitor Zubikaraik eta Eneko Beretxinagak.
Argazkiak eta bideo grabazioa: Ion Urbieta.