EITBren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Hitzetik Hortzera telebista-saiokoak joan den otsailaren 27an izan ziren Mendaron, Txirristaka protagonista nagusi duen saioa grabatzen, eta domeka honetan eman zuten telebistaz, ETB1-en. Saioaren atal hori dagoeneko ikusgai dago Nahieran atalean eta baita Youtuben ere.
Andoni Egaña bertsolaria eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea batu zituzten Garagartzako plazan, joan zen azaroaren 6an Mendaroko Udalak aurkeztu zuen Txirristaka gaztetxoentzako liburuaren harira. Egañak idatzi eta Axpik ilustratu zuen Mendarok gaur arte eman duen bertsolari handienari eskainitako liburua, eta protagonista jaio zen etxetik metro gutxira dagoen plazan elkarrizketatu zituen Mirari Martiarena Hitzetik Hortzera saioko aurkezleak.
Azkoitian eta Andoainen eginiko bi bertsoalditako saioekin tartekatu dute Egañari eta Axpiri eginiko elkarrizketa: Saioko lehen minutuetan ikus daiteke Txirristakari buruzko elkarrizketa (03:30 minuturaino) eta elkarrizketaren bigarren zatiak 13:16 minututik aurrera jarraitzen du. Hirugarren zatia 28:55ean hasten da, laugarrena 40:56an eta 56:16an azken zatia.
Txirristaka liburuaren sormen prozesuaz berba egiteaz gainera, Txirristakaren bizitzari buruzko hainbat datu aipatzen ditu Egañak elkarrizketan, gutxi izango baitira gaur egun Txirristakaren inguruan bera baino gehiago dakitenak. Besteak beste, Txirristaka izengoitiaren jatorriaz mintzo da zarauztarra eta baita erabili zituen beste izengoiti batzuetaz ere.
Bertso idatziak egin eta haiek saltzetik bizi zen Garagartzan jaiotako bertsolaria, eta gaitegi zabala zerabilela dio Egañak: bere bizimoduari buruzkoak, Donostiako bizimoduaz, hango bizimoduaren garestitzeaz, e.a. Garai hartan garrantzi handia zuten bertso jarriek, informazio iturria edo informatuta egoteko bidea baitziren. "Erromeriara joan maleta handi batekin, maletan gainean igo eta bertso jarriak saltzerako garaian, uste dut efektista samarra zela, graziosoa zen, ez zituen serio saltzen, imintzioak eginaz baizik, euskara eta gaztelera tartekatuz, efektu handiagoa lortzeko... esango nuke euskal literaturako lehenengo marketing aditua dela", dio Egañak.
Egañak Beñat Gaztelumendirekin batera Mendaron egin zuten performancea ere badakar gogora elkarrizketan.