'Hitzetik Hortzera' saiokoak Mendaron izan dira grabatzen

Barren 2025ko ots. 27a, 13:40

EITBren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Hitzetik Hortzera telebista-saiokoak Mendaron izan dira gaur grabatzen. Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolaria izan dute grabaziorako gaia.

Andoni Egaña bertsolaria eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea batu dituzte Garagartzako plazan,  joan zen azaroaren 6an Mendaroko Udalak aurkeztu zuen Txirristaka gaztetxoentzako liburuaren harira. Egañak idatzi eta Axpik ilustratu zuen Mendarok gaur arte eman duen bertsolari handienari eskainitako liburua, eta gaur, protagonista jaio zen etxetik metro gutxira dagoen plazan elkarrizketatu ditu Mirari Martiarena Hitzetik Hortzera saioko aurkezleak. Bertsolaria, liburuaren sortze-prozesua eta Mendaro herria izan dituzte hizketagai nagusi, eta liburuko zatitxo bat irakurriz amaitu dute grabazioa. Programako arduradunek jakinarazi dutenez, Martxoaren 8an emitutuko dute saioa Euskal Telebistan, azken ordukorik ezean. 

Mendaroko Udalak, In Leike kultur elkarteak eta herritar talde batek Eusebio Mugertza jaio zeneko 150. urteurrenaren harira antolatutako kultur programaren baitan argitaratu zuten liburua, iaz, eta Mendaroko Udalak ale bana oparitu die nahi izan duten herriko eskola-umeei, familiako bana.