Ander Gorostegi, Manex Rey eta Ander Ariznabarretak osatutako hirukoak irabazi du Mendaroko erronka herrikoia

Barren 2024ko urr. 26a, 12:37

Hiru laguneko hemezortzi talde lehiatu dira Mendaron gaur jokatu duten herri-erronkan, guztira 54 lagun, iaz beste. Eta aurreko edizioetan bezala, handia izan da erronkak sortu duen ikusmina goizean goizetik. 

Herriko Enparantzan hasi eta Gaintxipia tontorrera arteko bidea osatu behar zuten parte-hartzaileek, bidean bi errelebo emanda. Talde bakoitzean hiru lagun. Lehenengoek Etxabeko bidegurutzerainoko zatia egin behar zuten, han lagunei erreleboa emateko (1,9 kilometro eta 170 metro positiboko desnibela). Bigarren zatia Etxabetik Berasaluzera artekoa zen (1,9 kilometroko ibilbidea eta 200 metroko desnibela), eta hirugarrena, handik tontorrera artekoa (1,2 kilometro eta 190 metroko desnibela). 09:30ean puntuan irten dira udaletxe atzetik hemezortzi lagun, eta Alain Soto izan da Etxabeko bidegurutzera iristen aurrenekoa. Etxaben, Alef Marques izan da bigarren eta Beñat Kerexeta hirugarren. Bigarren zatian, baina, aldea kendu die denei Ander Ariznabarreta soraluzearrak. Etxabera bosgarren iritsi den Manex Rey taldekidearen eskutik jaso du erreleboa Ariznabarretak eta erraz egin du Berasaluzera arteko zatia. Berasaluzera iristen lehenengoa izan da bera, Julen Bolunburuk egin du bigarren eta Patxi Salegik hirugarren.

Tontorrera arteko bidean kolore gutxi izan da. Ariznabarreta aldearekin iritsi da Berasaluzera eta alde horri eutsi dio haren taldekide Ander Gorostegi debarrak gora arteko zatian. 31:35ko denboran osatu dute irabazleek (Manex Rey, Ander Ariznabarreta eta Ander Gorostegik) ibilbide osoa. Ia bi minutuko aldea atera diote bigarren taldeari. Iraitz Ferreira izan da bigarren egin duten taldetik azken erreleboa osatu duena, eta horrenbestez Gaintxipiako tontorra zapaltzen bigarrena. Hirurren Unai Sanchez iritsi da tontorrera.

Lehenengo hiru postuetan sailkatu diren hiru taldeak eta denborak:

  1. Manex Rey, Ander Ariznabarreta eta  Ander Gorostegi (31 minutu eta 35 segundu)
  2. Nagore Urkiza, Mikel Larrinaga eta Iraitz Ferreira (33 minutu eta hemerezi segundu)
  3. Halef Marques, Ander Garate eta Unai Sanchez (33 minutu eta 50 segundu)

Erronka jokatu  dutenek elkarrekin bazkaltzekoa dute orain, Luzaiden, eta arratsalderako Latuna Bando Txarangarekin kalejira lotu du Mendaroko Udalak. 

Iazko erronka Jon Larrañaga, Kepa Mendikute eta Hodei Ezpeletaren taldeak irabazi zuen, eta aurrenekoan, 2022an, Alain Zulaika, Patxi Salegi eta Ander Gorostegi gailendu ziren.

Lehen bi ekitaldiak, irudietan: