Jon Larrañaga, Kepa Mendikute eta Hodei Ezpeletaren taldea gailendu da Mendaroko apustu herrikoian

Barren.eus 2023ko abe. 2a, 17:55

Hiru laguneko 18 talde lehiatu dira gaur Mendaron jokatu duten herri apustuan; 54 lagun guztira. Herriko Enparantzan hasi eta Gaintxipia tontorrerainoko bidea nork azkarrago egin zuten erronka, eta Jon Larrañaga, Kepa Mendikute eta Hodei Ezpeletak osatutako hirukoa izan da proba osatzen lehenengoa, 31:05ko denborarekin.

 Iazko ekainean jokatu zuten erronka bera errepikatu dute gaur, baina oraingoan jende gehiagok, eta orduan baino dezentez eguraldi makurragoarekin, nahiz batzuek iazko ekaineko beroa baino gusturago hartuko zuten, beharbada, gaurko euria eta freskura korrikarako. 09:00etan zuten ordua jarrita herriko plazan talde argazkia egiteko, eta 10:00ak puntuan hasi dute erronka. Hemezortzi lagun ziren udaletxe atzean jarri duten irteera puntuan. Bazen nerbioa eta egonezina irteeran, bai eta erreleboak emateko puntuetara joanak zirenen artean ere. Hiru errelebotan osatu behar zuten ibilbidea. Plazatik Etxabeko bigurutzeraino egin dute lehenengo taldekoek korrika, 1,8 kilometro inguru, eta abiada bizian abiatu dira korrikalariak plazatik, irteera ikustera batu den jendearen txalo zaparrada artean. Lehenengo errelebo puntura iristen azkarrena Jon Larrañaga izan da, 9:06:47ko denboran. Euskal Herriko lokotx batze txapelketa jokatzekoa du Larrañagak Mungian abenduaren 6an, eta nabari zaio sasoiko dagoela. Hemezortzi segundora iritsi da Iraitz Ferreira, eta Ander Zulaika izanda Etxabeko bidegurutzera iristen hirugarrena, Ferreirarengandik minutu eta zortzi segundura. Erreleboa emango zietenak prest zituzten Etxabeko bidegurutzean, gora eta behera saltaka zenbait, hotzak uzkur-uzkur eginda lagatzeko beldurrez. Kepa Mendikutek eman dio erreleboa Jon Larrañagari. Hirugarren erreleboa Berasaluze baserri parean zuten ematekoa, eta hantxe zuen zain Mendikutek Hodei Ezpeleta herriko aizkolari gaztea. Erraz egin du Ezpeletak Gaintxipiara artekoa, eta 31:05 denboran osatu dute ibilbidea hiru erreleboetan azkarrenak izan direnek.  ARGAZKI ALBUMA.  Apustu ondorenean, elkarrekin bazkaldu dute erronkan parte hartu dutenek, eta Patxangoi txarangarekin jarraitu dute gero jaia.

Sailkapen nagusia:
 
  1. Jon Larrañaga, Kepa Mendikute eta Hodei Ezpeleta: 31:05
  2. Alain Zulaika, Iker Bedialauneta eta Ander Ariznabarreta: 33:17
  3. Unai Mendikute, Imanol Etxeberria eta Patxi Salegi: 34:07
  4. Iñigo Zubiaurre, Asier Larrañaga eta Mikel Fernandez: 34:36
  5. Ander Zulaika, Aitor Etxeberria eta Israel Soto: 34:39
  6. Kai Zubiaurre, Eneko Salegi eta Mikel Urkiaga: 35:09
  7. David Hernandez, Axular Agirregabiria eta Julen Dobarro: 35:38
  8. Nagore Urkiza, Ibon Mazariegos eta Beñat Fernandez: 35:53
  9. Lukas Pains, Julen Diaz eta Ander Gorostegi : 36:29
  10. Egoitz Mendikute, Jone Karkamo eta Iñaki Goenaga: 36:46
  11. Iraitz Ferreira, Lucia Duran eta Andoni Riaño: 36:47
  12. Bolunburu anaiak eta Joseba Manteca: 37:07
  13. Ana Alberdi, Eneko Urain eta Aitor Etxeberria: 37:16
  14. Maren Fernandez, Ander Urain eta Ion Fernandez: 38:02
  15. Bruno Dos Santos, Aitor Larrañaga eta Illart Urain: 39:23
  16. Irati Mendikute, Isaac Mancebo eta Halef Marques: 40:10
  17. Ander Garate, Mirari Olazabal eta Ander Aberasturi: 40:44
  18. Unax Salegi, David Seijas eta Josune Manteca: 44:07

2023 12 02 Mendaroko apustua irabazleak

2023 12 02 Mendaro apustua Hodei Ezpeleta

2023 12 02 Mendaroko apustua esprina

2023 12 02 Mendaroko apustua jone

2023 12 02 Mendaroko apustua erreleboa2

2023 12 02 Mendaroko apustua erreleboa