Bero handia zela-eta, izan zuten bakarren batzuek apustua bertan behera laga edo atzeratzeko tentazioa, baina jokatzea erabaki zuten azkenean, ordua aurreratuta. Taldeka, erreleboka, Herriko Enparantzatik Gaintxipiara arte nor azkarrago iritsi zen jokoa. Eta jokoan zegoena: ohorea besterik ez; edo hori dena.
Hiru laguneko zortzi talde egin zituzten, zozketaz, eta halaxe abiatu ziren 9:00etan lehenengo errelebokoak udaletxe atzetik, korrika. Etxaberako bidegurutzean zituzten zain lagunak lehenengo erreleboa emateko, eta Berasaluzen hurrengoak. Neska eta mutil, hogeita lau lagun ziren guztira, zortzi taldetan banatuta. Korrika ibili zaleak bakarren batzuk, bestelako kirolen batean ibilitakoak beste batzuk, eta denboran kirol askorik egin gabeko bakarren batzuk ere bai tartean. Giro izugarria jarri zuten, baina, batzuek eta besteek.
Bazen apustua irabazteko faboritorik ere aurrez, zozketak ez dakarrelako beti oreka berarekin, eta bete zen kiniela. Alain Zulaika, Patxi Salegi eta Ander Gorostegi gailendu ziren azkenean, 33:00:12ko denbora eginda. Bigarren egin zuen taldea Iker Bedialaunetak, Halef Marquesek eta Hodei Ezpeletak osatu zuten eta 34:34:57ko denbora markatu zuten Gaintxipia puntan. Hirugarren sailkatu zen taldeak, Jon Fernandezek, Josune Mantecak eta Imanol Etxeberriak osatutakoak, berriz, 35:50:99ko denbora egin zuen. Nolanahi ere, irabazi denek irabazi zuten. Proba bukatu ostean bainua hartu zuten Presapen elkarrekin eta bertan egin zuten hamaiketakoa ere, apustuan parte hartu ez zuten lagunek lotua zutelako hori ere. Eta horiek denak egin ostean, elkarrekin bazkaldu zuten.
- ARGAZKI-BILDUMA: Apustu berezia Mendaron