Iaz, moduan, 54 lagun lehiatuko dira, hiru kidez osatutako 18 taldetan. Kuadrilla ezberdinetako lagunek eman dute izena eta zozketa bidez erabakiko dituzte taldeak, neskaz eta mutilez osatutakoak. Proba bezperan, barikuan, egingo dute zozketa herriko enparantzan, 20:00etan. Hortaz, talde harremanak sendotzeko asti gutxi edukiko dute, zapatuan 09:30ean hasiko baita kirol erronka. Herriko Enparantzatik Gaintxipiara arte nor azkarrago iritsi izango da jokoa, taldeka eta erreleboka. Etxebeko bidegurutzean eta Berasaluzen izango dira erreleboak, eta errepidearen ezaugarriak kontuan hartuta, autoetan ez igotzeko eskatu diete ikusleei.
Lehen erreleboa egingo dutenek 1,9 kilometroko (170 metroko desnibel positiboa) ibilbidea osatu beharko dute. Bigarren errelebistek ere 1,9 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diote, baina aldapa handixeagoa izango da, 200 metroko desnibel positiboa baitu Etxebetik Berasaluze arteko zatiak. Azkenik, Berasaluzetik Gaintxipia gainera arteko zatiak 1,2 kilometro eta 190 metroko desnibela ditu.
Iazko erronka Jon Larrañaga, Kepa Mendikute eta Hodei Ezpeletaren taldeak irabazi zuen, eta aurrenekoan, 2022an, Alain Zulaika, Patxi Salegi eta Ander Gorostegi gailendu ziren.
Kirol erronka amaitutakoan, parte-hartzaile guztiek elkarrekin bazkalduko dute Luzaiden, eta Latuna Bando Txarangak girotuko du bazkalostea eta hortik aurrerakoa.
Lehen bi ekitaldiak, irudietan: