"Askotan galdetzen digute zein den Txola eta zein Potxola, eta kalean bata edo bestea esan eta biotako zein jiratzen den zain ere egoten dira lagunak, baina geuk ere ez daukagu zehaztuta. Besterik gabe gustatu zitzaigun izena, Interneten santanetarako izen artistiko baten bila hasi ginenean", zehaztu du Ane Landak.
Abenduan, Kontzezio eguneko parrandan bota zuten kuadrillan gustura arituko liratekeela musika jartzen herrian, eta kuadrillakide batek Gazte Asanbladan zebilkien anaiari esan eta egin diete lekua Santa Ana jaietako egitarauan.
- Gazteen Egunean, uztailaren 20an, emango dute saioa, zapatua eta domeka bitartean. Zapatuko musika emanaldiak Elektrotxufla elektrotxarangarekin hasiko dira, 19:00etan. Gauean, kontzertua emango du Añube rock-punk musika taldeak, 23:00etan, plazan; eta, ondoren hasiko dira DJen emanaldiak. Tatta & Denso raplariak lehenik eta Txola eta Potxola gero.
Normalean hartu ohi den bideaz kontrakoa
Txola ta Potxolak asmo handirik gabe aurkeztu zuten beren burua; DJ gisa bidea egiteko baino gehiago, ondo pasatzeko eta herriko jaien antolaketan beren alea jartzeko, baina inork ez du ukatuko ausartak izan ez direnik. Normalean hartu ohi den bideaz kontrakoa hartu dute hasteko, ohikoagoa delako gazte lokalen batetik salto egitea plazara, eta ez alderantziz, baina pozik eta eskertuta daude Gazte Asanbladakoek eman dieten aukeraz. "Egun horretan gure aurretik joko dutenek oso goian lagako dute langa eta ez pentsa erreparorik ematen ez digunik, baina saiatuko gara giro horri eusten. Hala ere, badakigu ez dugula mundu guztiaren gustua egingo", aitortu du Zubiak.
Ibiliak dira aurrez txosnan edota Ormola tabernan musika jartzen, lagun artean beti ere, baina santanetakoa debuta izango da eta ezin dute urduritasuna ezkutatu: "Gure herrian gaude, onerako eta txarrerako. Guri horrek egiten digu ilusioa, Mendaron musika jartzeak, baina lehenengo aldia izango da guretzat eta enpatia
eskatzen diegu herritarrei", dio Landak umorez.
Playlista osatua dute dagoeneko, eta aurreratu dute denetarik izango dela kantutegian, baina bereziki, reggetoia. "Hasi zaizkigu gurasoak eta haien ingurukoak kantuak eskatzen, baina egun hori Gazteen Eguna da eta gazteentzako musika jarriko dugu", zehaztu dute.
Lotura duten albisteak: