Gazteen Egunarekin hasiko dituzte zapatuan Mendaron zazpi eguneko Santa Ana jaiak

Barren 2024ko uzt. 17a, 11:00

Uztailaren 24an Joxe Eizagirre brigadako langileak botako duen etxafuegoak hasiko ditu ofizialki Santa Ana jaiak Mendaron, baina zapatu eta domeka hau ere harrapatuko dituzte santanek aurten, Gazteen Eguna eta Adinekoen Eguna aurreratu egin dituztelako.

Zazpi eguneko jaiak izango dituzte aurten Mendaron, Aste Nagusi baten parekoak, bi asteburu harrapatuko dituztenak. Lehenengo asteburu honetan, uztailaren 20an eta 21ean, Gazteen Eguna eta Adinekoen Eguna ospatuko dituzte, eta uztailaren 24an hasiko dituzte ofizialki jaiak, iluntzez. Zapatua, esan bezala, Gazteen Eguna izango da. Gazte Asanbladakoek hartu dute jaietako lehenengo egun hori antolatzeko ardura, jai batzordekoen babesean, eta haien neurrirako egitaraua antolatu dute, Udalaren  laguntzarekin. 

Frontenis txapelketako finalak

Hasteko, maiatzaren hondarrean hasi zuten frontenis txapelketako finalak izango dituzte zapatuan. Emakumezkoen finalean, Irati Mendikute eta Josune Mantecak osatutako bikotea eta Ane Landa eta Miren Gisasola eibartarrak osatutakoa lehiatuko dira, eta gizonezkoen finala zer bi bikotek jokatuko duten bihar, hilaren 18an, erabakiko da. Finalerdietan lehiatuko diren lau bikoteak honako  hauek izango dira: Axular Agirregabiria eta Ander Aberasturi Vs. Julen Perez Cortes eta Gorka Melgosa batetik, eta bestetik, Unax Salegi eta Ander Garate Vs. Manex Prieto eta Gorka Arrizabalaga.

Uztailaren 20an bertan egingo dute sari banaketa ekitaldia ere, finala bukatu bezain laster, ondoren frontoian elkarrekin bazkalduko dutelako hala nahi duten guztiek. Izan ere, gazteentzako herri bazkaria dago iragarrita. Ondoren, Elektrotxufla txarangarekin hara-hona ibiliko dira gazteak herrian zehar, eta gauerako, Añube taldearen eta Tatta&Denso raplarien kontzertuak eta Txotxa ta Potxola DJen emanaldia daude iragarrita.

Adinekoen Eguna, domekan

Domekan, berriz, Adinekoen Eguna ospatuko dute. 70 urtez gorakoei Aizpen emango dieten bazkaria, eta Mendaroko Gazteak taldekoen dantza emanaldia dira egitarauko ekintza nagusiak egun horretarako. Hona hemen, baina, bi egunetako egitarau osoa.

UZTAILAREN 20a, GAZTEEN EGUNA

  • 10:00 Frontenis txapelketako finalak.
  • 12.30 Sari banaketa ekitaldia eta txupinazoa, Gaztetxean.
  • Ondoren, karropoteoa.
  • 15:00 Gazteen bazkaria eta jolasak, frontoian.
  • 19:00 Elektrotxufla elektrotxarangarekin kalejira.
  • 23:00 Añube musika taldearen kontzertua, Herriko Enparantzan.
  • Ondoren, Tatta&Denso eta Txola ta Potxola DJak.

UZTAILAREN 21a, ADINEKOEN EGUNA

  • 12:00 Meza, Garagartzako parrokian.
  • 13:00 Adinekoei omenaldia, frontoian.
  • Ondoren, Mendaroko Gazteak dantza taldekoen dantza emanaldia.
  • 14:30 70 urtez gorakoen bazkaria, Aizpe gastronomia elkartean,hango zuzendaritza taldearen eskutik.
  • Ondoren, Arno DJarekin dantzaldia, Aizpen.