Dultzaineroen kalejirarekin hasi dute Kontzezio azoka eguneko egitaraua gaur, goizean goiz. Iker Odria eta Asier Rodriguez elgoibartarrak eta Andoni Riaño mendaroarrak osatutako hirukoa kalez kale ibili da, dultzaina eta atabala joaz. Ordurako baserritarrak eta artisauek atonduak zituzten beren postuak frontoian, eta goiztiarrenak hasiak ziren plazara inguratzen, sasoiko produktu onenen bila. Herriko Enparantza bueltan beste dozenaka postu jarri dituzte, goxo, jaki, apaingarri eta jostailuz beteta, eta plazan, estalkipean, Arno guraso elkartekoak sagardo lehiaketara aurkeztutako sei sagardotegitako sagardoa banatzen ari ziren. Parez pare, udaletxeko arkupeetan Mieltxo talogileak postuan jende ilara luzea zegoen taloak erosi zain, eta Herriko Enparantza eta Azpilgoeta lotzen dituen zubian nekez egin zitekeen aurrera, hango postu eta jende artean. Euskara taldekoek ere jarri dute gaur beren mahaia frontoi parean, Mintzalagun kanpainarako lagunak batzeko. Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzeko egitasmoa da Mintzalagun, datorren urtera begira Mendaron ere martxan jarri nahiko luketena.
Erruz ibili da jendea kalean, eguraldi epela lagun. 12:00etarako hogei bat minutu falta zirela irten dira Azpilgoetako Kultur Etxetik Mendaroko Gazteak dantza taldekoak eta Ameikutz musika eskolako trikitilariak kalejiran. 12:00etan jarria zuten dantza emanaldirako ordua, eta kalejiran egin dute Azpilgoetatik Herriko Enparantzara arteko bidea. Plazan, dozena bat dantza dantzatu dituzte haur eta helduek, eta dantzaldia amaitutakoan, sagardo lehiaketako sariak banatu dituzte Udaleko arduradunek. Izeta sagardogileak irabazi du lehiaketa, 443 punturekin, eta txapela eta Errigora produktuen saski batekin saritu dute. Ez da hori izan, baina, banatu duten sari bakarra. Mausitxa gaztandegiko gazta baten pisua asmatzeko lehiaketa ere antolatu du Udalak, baina parte hartu dutenetatik inork ez du asmatu zenbat pisatzen zuen. 1.006 gramoko gazta zela zehaztu du Nerea Larrañaga kultura teknikariak sari banaketan, eta pisura gehien gerturatu diren lau lagunen artean banatu dute gazta, lau zati eginda. Bien bitartean, ikastolako jolastokian saltaka ari ziren umeak. Realeko puzgarriak ekarri dituzte gaur Mendarora, eta goiz eta arratsaldez egon dira zabalik, haurren gozamenerako.
Goizekoak eginda, bazkaltzera egin dute mendaroar askok. Aspalditik zeuden beteta gaur eguerdirako herriko elkarte gastronomiko eta tabernak, eta kuadrilla arteko giro hori suma zitekeen kalean ere. Arratsalderako, Tope Natxiok herriko giza-proba taldekoek tiraldia zuten iragarria. Jon Salegi Sarube taldeko gidari izandakoa omentzeko ekitaldia izango zela zehaztua zuten (Mendaro, 1972-2023). Azkeneko hilabete pasatxoan zapaturo batzen ibili dira gaur plazara irten diren neska-mutilak. Herriko kirolariez gain, baziren kanpotik etorritakoak ere, besteak beste Angiozartik, Eibartik, eta Berrobitik. Bi talde egin eta elkarren kontra aritu dira, 500 kiloko harriari tiraka, eta bigarren txandan lehiatu direnek irabazi dute erronka, hamabost minutuko tartean 36 plaza eginda, beste taldeak baino hiru plaza eta erdi gehiago. Tiraldia bukatu dutenean, plaza erdira atera dituzte Jon Salegi zenaren emazte Sonia Garcia eta bien seme-alaba diren Arene eta Kaiet, eta txaloka hartu dituzte herritarrek. Tope Natxiok taldeko lagunek kamiseta bana, txapela eta oroigarria banatu dizkiete eta taldekideetako batek, Maite Mugartegik, bertsoa ere kantatu die, hunkituta.
Giza proba amaituta, erromeria hasi dute Lehian talde bizkaitarrekoek plazan, eta bete egin da Herriko Enparantzako karpa. Ume, gazte, nahiz heldu, elkarrekin dantzatu dira Lehianekoek jarritako erritmora. Bukatu aurretxoan, Institutuko ikasleek errifen zozketa ere egin dute. Bi zenbaki atera zituzte: irabazlea (0126) eta ordezkoa (8.320). Hamabost eguneko epea du irabazleak saria eskuratzeko. Bestela ordezkoari emango diote.
Ez da hor amaitu, baina, gaurkoa. Erromeria ondorenean musika jartzen hastekoak ziren herriko bi DJ: Pius eta Esther. ARGAZKI BILDUMA
Hona Ion Urbietak Gazteak taldekoek gaurko dantza emanaldiaz egindako bideo-laburpena.