Dislegi Debabarrena elkartearentzat izango da Mendaroko garagardo azokan batuko duten dirua

Barren 2024ko uzt. 6a, 11:33

Dislexia ezagutzera emateko ekitaldiak, iaz Elgoibarren. Arg: Aitor Zabala

Uztailaren 11n zabalduko dute Mendaron garagardo azoka solidarioa. Hirugarren urtez egingo dute, eta aurten batzen duten dirua Dislegi Debabarrena elkartearentzat izango da. 

2022an sortu zuten Debabarreneko Dislexia Elkartea, Gipuzkoako Dislexia Elkartearen aterkipean. Dislexia duten pertsonei eta haien familiei laguntzen diete Dislegin, dislexiaren eragin akademikoa eta soziala murrizteko tresnak eskainiz eta aholkuak emanez. Era berean, dislexia duten pertsonek ikasteko dituzten zailtasunak ezagutarazten, gizartea sentsibilizatzen eta kolektibo horrentzako aukeraberdintasuna lortzen egiten dute lan. Eta hain justu ere, dislexiaren inguruko kontu guzti horien inguruko hitzaldi batek hasiko du datorren eguenean, garagardo azokaren antolatzaileek, M7, kultura sustatuz taldeak, osatu duen egitaraua. Dislexiaren Erronka Gipuzkoan izenburua eman diote hitzaldiari eta Dislegiko adituek emango dute, Mendaroko San Agustin Kulturgunean, 18:00etan hasita. Hitzaldiko aurkezpen-lanak Oihana Tarragual elkarteko kideak egingo ditu.
Horrez gain, erakusketa bat ere osatuko dute Dislegikoek, garagardo azokak irauten dituen hiru egunetarako, eta mahai informatiboa ere jarriko dute domekan, uztailaren 13an, goizez, 11:00etatik 13:00etara. Erakusketa, berriz, jubilatuen ondoko lokalean zabalduko dute eta 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da, egunero. 

Frontoian egingo diren bazkari eta afarietarako erreserbak Uztargi tabernan edota frontoian bertan egin beharko dira.

UZTAILAK 11, EGUENA
18:00-20:00 'Dislexiaren erronka Gipuzkoan' hitzaldia, San Agustinen.
18:00-20:00 Umeentzako tailerrak
18:00-20:00 Dislexiari buruzko erakusketa, jubilatuen ondoko lokalean. Hiru egunetan izango da hau, ordutegi berean.
20:30-22:30 Dislexia bistaratuz afaria, frontoian. Galle-Tiak Fabrik-en azkenburukoak eta Saint-Gerons txokolate dastaketa.

BARIKUA, UZTAILAK 12
10:30-13:00 Haurrentzako gozogintza tailerra Galle-Tiaken eskutik. Plaza mugatuak. Izena emateko: 633 050 406
13:00-18:00 Enpresetakoentzako bazkaria, jolas, opari eta sorpresa ugarirekin.
18:00-20:00 Esther DJa, Uztargin.
20:30-22:30 Afariak, frontoian
00:00-02:00 Remember Oraiko, Uztargi tabernan.

ZAPATUA, UZTAILAK 13
11:00-13:00 Dislexiari buruzko mahai informatiboa.
11:00-13:00 Mahai-jolasak, frontoian
14:00-18:00 Bazkariak
20:00-22:30 Afari solidarioa eta itxiera, frontoian. Opariak izango dira.

 

∞Lotura duten albisteak: