7.695 euroko laguntza eman diote Biodonostia Institutuari Mendaroko Garagardo azokakoek

Barren.eus 2024ko urt. 29a, 13:55

Uztailean lau egunez Mendaron antolatu zuten garagardo azokan bildutako dirua Biodonostia Osasun Institutuari eman diote antolatzaileek. Bularreko minbizi metastasikoaren kontrako immunoterapia berri bat ikertzeko erabiliko dute dirua.

7.695 euroko laguntza izan da guztira, eta joan zen barikuan eman zieten txekea Biodonostiako arduradunei San Agustin kulturgunean, Uztargi tabernakoek eta Galle-tiak gozotegikoek Gararock taldearen laguntzarekin antolatu zuten jazz kontzertua hasi aurretxoan.

Maria Muñoz Caffarel eta Amaia Zipritria ikertzaileek zuzentzen duten proiekturako izango da dirua, bularreko minbizi metastasikoaren kontrako immunoterapia berri bat ikertzeko. Immunitate-sistemaren aktibazioan datzan terapia biologikoari esaten diogu immunoterapia. Immunitate-sistemak babesten gaitu kanpoko erasotzaileengandik nahiz gure gorputzak sortutakoengandik, esaterako minbizitik. Baina, orain arte, eta urte askoan, zelula kantzerigenoei eraso izan diete beti, kimioterapia erabilita edota terapia bideratuagoak erabilita, eta orain, immunoterapiaren bidez lortu nahi dutena da erdi loan gelditu den immunitate-sistema berriz heztea, tumorearen kontra egiteko esna dadin.
Biodonostia Institutukoek, Maria Muñoz Caffarel bera buru zutela, eskerrak eman zizkieten barikuan mendaroarrei emandako laguntzagatik.

Ikus hemen Maria Muñoz Caffarelek BARREN aldizkariari eman zion elkarrizketa.

 

∞Lotura duten albisteak: