"Bihotz oneko jende askoren baturatik sortu dugu ‘Zerua eta garia’ egitasmoa"

Barren.eus 2022ko uzt. 8a, 11:34

2022 07 08 Zerua eta garia garagardo azoka antolatzaileakLau eguneko garagardo azoka, herriko jaien atarian. Ez duzue erronka makala jarri!  

Julian: Bai, lehenengo aldia izateko erronka handiegia dela esan izan digute, eta badakigu geuk ere ez dela erronka txikia, baina uste dugu Mendaroko herriak baduela gaitasuna erantzuteko, ikusi dugulako mendaroarrek nola erantzuten duten herrian antolatzen diren beste ekintza edo ospakizunetan. Lau egun izango ditu gure azokak, eta egun bakoitza giza-talde bati eskainiko diogu; lau jai txiki izango dira. Elgoibarko Sanlo eskubaloi taldekoei eskatu diegu aholkularitza, logistika eta antolakuntza-lanak lotzeko, aurrez antolatu izan dituztelako halako azokak eurek, eta orain, espero dugu jendeak erantzutea; jendea etortzea kontsumitzera eta egingo diren ekintzetan parte hartzera. Inguruan izaten ditugun azokekin konparatuta, gureak uztailaren 15eko eguna izango du berezia. Enpresentzako eguna izango da eta antolatzeko herriko enpresetara jo dugu, laguntza eske. Batzuek dirua eman digute, beste batzuek materiala eman digute oparitan banatzeko eta bazkaritarako tiketak eskatu dituzte beste batzuek, langileak etortzeko. Iruditzen zaigu azoka aukera polita dela enpresetakoek uda aurreko bazkariak egiteko, eta orain arteko datuekin esan dezakegu 200 bat lagun etorriko direla. Gustura hartuko ditugu, baina, gehiago ere, prestatuta gaude-eta. 

 

Nola eta zergatik bururatu zitzaizuen garagardo azoka antolatzea?
 
Felix: Goiz batez kafea hartzen geundela bururatu zitzaigun Juliani eta bioi ondo legokeela zerbait egitea herriko eragileentzat eta herrian lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeentzat dirua biltzeko. Otsailean izan zen hori, eta ideia horri bueltaka ari ginela, gerra hasi zuen Errusiak Ukrainan eta jakin genuen nola milaka lagun ari ziren beren etxeetatik ihes egiten. Berehala jakin genuen familia batzuk Mendarora ere etortzekoak zirela eta egoera horretan iruditu zitzaigun erantzun behar geniola horri, lagundu behar geniela errefuxiatuei.
 
Esti: Bai, bilera batera deitu gintuzten martxo hasieran Felixek eta Julianek ukrainarrei laguntzen aritzen diren hiru elkarteetako ordezkarioi, eta guk esker hitzak baino ez dauzkagu haientzat, Ukrainako egoera oso gogorra delako oraindik ere, nahiz albistegiak zabaltzeari laga dion. Bilera hartan galdetu ziguten ea interesatzen zitzaigun ekimena eta baiezkoa balitz erantzuna, ea azokari ukitu ukrainar hori ematen laguntzeko biderik ikusten genuen, ea ahalko genuen gure elkarteetakoak ekarri testigantza ematera eta ea Ukrainari lotutako ekintzak antolatzen laguntzeko aukerarik ikusten genuen. Eta horretara mugatu gara gu, gainerako guztia beraiek hartu dutelako beren gain. Azokaren antolakuntzan %10a jarri dugu guk, elkarteetakook. Ukrainako jantzien erakusketa antolatu dugu, Ukrainako koroak eta panpinak egiteko tailerra ere bai eta azokako lehen eguneko jatekoa ere geuk prestatuko dugu. Borscha prestatuko dugu, Ukrainako plater berezia. Ukrainan ez ezik Europa ekialdeko herrialde askotan prestatzen dute barazkiz, lekalez eta haragiz egindako gisatu moduko hau eta joan zen astean Gizateriaren Kultur ondare ez-materiala izendatu zuen Unescok eta Ukrainarekin lotu. Sekulakoa izan da hori ukrainarrentzat! Borscha prestatzeko errezeta ugari daude, jakina, baina hemen jango duguna gerratik ihesi Mendarora etorri den emakume batek, Nina Ilnytskak, prestatuko du Kilimon elkartean, gu denon laguntzarekin. Borsch gorria prestatuko dugu.
 
Zeintzuk elkarterentzako izango da azokan bilduko duzuen dirua?
Esti: Asociación Chernobil Elkartea, Chernobilen Lagunak eta Ukraina-Euskadi erakundearentzat. Mendaron hiru familiak dugu elkarte hauetakoren batekin lotura. Gure herrian urte asko daramatzan Yulia Prokopenko (Cherkasy, Ukraina), esaterako, Ukraina-Euskadi elkarteko kide da. Kultur elkarte bat da hau, Euskal Herrian bizi diren ukrainarrek beren artean harremantzeko sortutako elkartea eta Donbasseko gerraz geroztik indar handia hartu duena. Beste bi elkarteek beste egiteko bat dute: Txernobil inguruan bizi diren klase apaleko familietako haurrak udan eta Gabonetan Euskal Herrira ekartzea harrera-familietara. Gure etxekoak, esaterako Asociación Chernobil Elkarteko kide gara eta Rosa Babarro eta Dorleta Aranbarri ama-alabak, Ainhoa Garro eta Oscar Aizpurua senar-emazteak eta Idurre Arakistain, berriz, Chernobilen Lagunak elkartekoak. Bi elkarte horiei esker etorri dira urte ezberdinetan Mendarora Makcim eta Yana Semenyuk neba-arrebak (8 urtez etorri zen Makcim eta hiru urtez eta aurtengo Gabonetan Yana), Inna Ilnytska (12 urtez etorri zen), Nastia Petrenko (11 urtez etorri zen) eta Anna Koval (3 urtez) eta bi elkarte horien bidez etorri dira Euskal Herrira, gerratik ihesi, Inna eta bere ama Nina eta Anna Koval eta haren ama Oksana eta bi neba-arreba gazteagoak: Nastia eta Nazar. Azken laurak gure etxean daude harreran, eta horiek ekartzeko, Galdakoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen eta CC Ayuda al Desallorro gobernuz kanpoko erakundearentzat ari ziren boluntario batzuen laguntza ere izan genuela nabarmendu nahi nuke.
Bi elkarteon funtzioak aldatuz joan dira azken hilabeteotan ahal izan den moduan. Udako programek ez dute zentzurik gaurko egoeran eta orain bi eginkizun nagusi dauzkagu: Ukrainan gelditu diren familiei laguntzea giza-laguntza bidalita eta hona etorri nahi dutenei bidea erraztea. Horretarako, gure elkarteak, esaterako, aparteko kontu bat sortu du, herritarrek egiten dituzten diru-ekarpenak eta Euskal Herrian han eta hemen egiten ari diren elkartasun ekintzetan batzen den dirua kudeatzeko.  
 
Nola osatu duzue azoka egunetarako egitaraua?
Julian: Saiatu gara ekintzak lotzeko herrian dauzkagun talde espezializatuen aholkularitza lortzen. Musika lotu nahi dugula, ba jo dugu Gararockekoengana; xake-partidak antolatu nahi ditugula, ba jo dugu Otarre klubera. Baliteke herriko eragileren batekin ahaztu izana, baina saiatu gara herrian dugun ezagutza aintzat hartzen. Egia da denbora gainera etorri zaigula eta ez dugula egin beharbada egin beharko genukeen moduan, baina uztailean egin nahi genuen azoka, jaien aurretik, abuztua hilabete hila delako Mendaron, udazkenean ez genuelako ikusten eta gainera, gerraz ere gero eta gutxiago hitz egiten delako. Edozelan ere, ahalegindu gara herriko jendearekin lotzen hau dena, ez genuelako ulertzen beste moduan egin zitekeenik. Eta esan beharra daukagu jendeak oso ondo erantzun duela eta jo dugun ate bakar baten ere ez dugula ezetzik jaso laguntzeko. Eta esan nahi nuke, baita ere, proiektu hau Udalean ordezkaritza duten hiru alderdien babesarekin gauzatuko dugula, garbi geneukalako hasieratik herri oso baten proiektua izan behar zuela honek, ondo baitakigu herri txikietan bereziki zenbat begiratzen diogun zein dagoen ekimen baten atzean. Hau ez da argazkian gaudenon kontua, hau ez du, ezta ere Udalak antolatu; hau mendaroarren artean gauzatuko dugun elkartasun ekimen bat da eta Mendaroren marka eramango du.
 
Felix: Hori da. Ate asko jo ditugu, mesede asko eskatu ditugu eta iruditzen zait Zerua eta garia egitasmoa bihotz oneko jende askoren baturatik sortu dela.
 
Azokako gune zentrala frontoian egokituko duzuela aurreratu duzue, eta egunean 200 bat lagun batzea espero duzuela jatorduetan. Nola antolatu duzue ? Non hartu beharko dira tiketak?
Felix: Osteguneko afaritarako menua berezia izango da: Borscha prestatuko dugu eta Galletiak-ek emandako postrearekin osatuko dugu afaria, eta 8 euroan saldu. Egun horretarako bereziki aurrez izena ematea eskatzen ari gara, 943 030 150 telefono zenbakira deituta. Azokan sartzerako erosi beharko da pitxarra, 2 euroan. Gainerako egunetarako menua ohiko garagardo azoketakoa izango da: Ukondo errea (12,50), oilasko izterrak (11,50) edo saltxitxak (7,50), eta kafea barne. Hori bai, barikuan, bazkaritan, menu itxia eskainiko dugu, 20,50 euroan (konbinatuarekin, 25,50 euroan): ukondo errea, oilasko izterrak edo saltxitxak, kafea eta postrea. Enpresen eguneko bazkariaren inguruan azpimarra bat ere egin nahi nuke. Egun horretan pitxarra itzultzen dutenei Kilimontxo bana emango diegu eta Kilimontxo horrekin ostiral arratsaldean egingo diren ekintzetan -zezen mekanikoa, saskiratzeak, futbolina...- parte hartu ahal izango dute eta parte hartzeagatik sari erakargarrien zozketan sartuko dira. Laguntzaileek oparitarako emandako sariak zozkatuko ditugu: otorduak eskualdeko izen handiko jatetxeetan, Errioxako ardandegietara bisitak... Haurrentzako eta helduentzako opariak dauzkagu banatzeko.
Afaria hartu eta etxera eramateko aukera ere eskainiko dugu, baina bakarrik saltxitxak aukeratu ahal izango dira.
 
Julian: Bai, eta nabarmenduko genuke garbi dakienak etorriko dela aurrez izena emateko mesedez, antolakuntza lanak errazteko, nahiz eta, jakina, datozen guztiei emango diegun jaten. Eta dei berezi bat ere egingo nieke herritarrei, barikuan, hilaren 15ean, afaltzera etortzeko. 
2022 07 08 Egitaraua