Egurki enpresak egingo ditu eta ekain amaierarako amaitzea aurreikusten dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Sailak ezarritako baldintzak betez egingo dituzte lanok, eta 45.700 euro inguruko aurrekontua izango dute (BEZ barne).
Gipuzkoako Foru Aldundiak Babestutako Ondarea Birgaitzeko dirulaguntzetarako eskaera egin du Udalak, Gotzaitegiarekin 30 urterako lagapen akordioa sinatuta, eta hortik inbertsioaren zati bat berreskuratzea espero du Udalak.
Otsailean zabaldu zuen Mendaroko Udalak Santa Ana baseliza ez zegoela hasieran uste zuten bezain egoera txarrean. Hala jakinarazi zien Gipuzkoako Ondare Historiko-Artistikoa Saileko arkitektoak, ermita ikuskatzera egindako bisitan. Erretila berria egin, egoera txarrean dauden egurrak aldatu eta beste lan osagarriren bat egitearekin nahikoa izango zela zehaztu zien arkitektoak, eta obra hori egiteko, Babestutako Ondarea Birgaitzeko diru laguntzetara aurkezteko asmoa agertu zuen Udalak, joan zen azaroan Santa Anarekin zer egin erabakitzeko bilerara agertu ziren herritarrek esandakoak entzun eta lehentasunetako bat hori zela ondorioztatuta. Bi kontu aipatu zituzten bereziki bilera hartan herritarrek: inmatrikulazioarena eta kultur ondarea zaintzeko lehentasuna. 1986an inmatrikulatu zituen Donostiako Gotzaindegiak Santa Ana ermita eta berau dagoen orubea eta eraikin hori Udalak bere egin beharko lukeela uste zuten zenbaitek. Hori hala izanda ere, ermita konpontzeak lehentasuna zuela uste zuten gehienek. Eta bide horretatik jo du Udalak, dirulaguntzetara aurkeztu eta obraren sustatzaile izatea bere gain hartuta.
- Begi guztiak Santa Anan jarrita (2023-11-11)