Santa Ana ermita birgaitzeko asmoz Udalak deitutako batzarrak ikusmina sortu du Mendaron

Barren.eus 2023ko aza. 16a, 12:33

Santa Ana ermita berritzeko borondatea agertu du Mendaroko Udalak, eta orain arte emandako pausoak zeintzuk izan diren azaldu zien atzo herritarrei. Santa Ana ermita ez dago egoera onenean, eta jakina da herrian, azkeneko urteetan Santa Ana eguneko mezarik ere ez delako eman han, arriskutsu zegoelako. Eta gaiak ikusmina sortu du herrian. Atzo, alkatetzatik orain arte emandako pausoak azaldu zituen Enetz Ezenarro alkateak, herritarren ekarpenak jaso aurretik. 1986az geroztik Donostiako Gotzaindegiarena da ermita, eta ezer egiten hasteko haren baimena behar du Udalak. Donostiako Gotzaindegiak esana dio Udalari hilabete bat edo biren buruan prest izango duela ermitaren egoeraren inguruko txostena, eta ondoren, proiektua idatzi beharko da. Behin hori eginda eta aurrekontua dagoela, obra nola ordaindu aztertu beharko dute aldeek. Udalak Trinitate ermita konpondu zueneko eredua dauka buruan. Orduko hartan, Gipuzkoako Foru Aldundiak (%70), Donostiako Gotzaindegiak (%10), Mendaroko Udalak (%10) eta Mendaroko herriak (%10) ordaindu zuten obra eta orain ere antzeko ereduren bat izango den ustean abiatu du prozesua Udalak. Atzo, bileran parte hartu zuten herritarren gehiengo handia ermita konpontzearen alde agertu zen, baina finantziazioak sortu zuen eztabaidarik. Elizak inmatrikulazio bidez bere egindako eliza izanda, Elizak berak konpondu beharko lukeela uste zuten zenbaitzuk, eta Udalak dirua jartzekotan, ermitak herriarena izan beharko luketela beste zenbaitek; jabetzan ez bada, erabileran. 

Mendaroko Udalak alde praktikotik jo nahi du. Inmatrikulazioaren gaiari duen garrantzia kendu gabe, urgenteena ermita bera konpontzea dela uste du Udalak, eta bide hori lantzeko sortu nahi dute batzordea ere. Hala ere, herritarrek beste zerbaiten beharra ikusiz gero, horri heltzeko ere prest agertu da Enetz Ezenarro alkatea. Nolanahi ere, informazioa biltzen jarraituko duela azpimarratu zuen alkateak, eta aurrerago antolatuko dutela beste bilera bat gaiaren inguruan.

∞Lotura duten albisteak: