Santa Ana baselizak ez duela kalte larririk ondorioztatu du Ondare Historiko-Artistikoko arkitektoak

Barren 2024ko ots. 8a, 10:27

Santa Ana Baseliza dronearekin ateratako irudian. Egilea: Ion Urbieta Sanz.

Santa Ana Baseliza berritzeko hasitako bidean ematen ari diren aurrerapausoei buruzko informazioa jakitera eman du Mendaroko Udalak.

Gipuzkoako Ondare Historiko-Artistikoa Saileko arkitektoak Mendaron izan da, Santa Ana Baseliza birgaitzeko proiektuaren inguruan Enetz Ezenarro alkatearekin berba egiteko eta baselizaren egungo  egoera zein den bertatik bertara ezagutzeko. Eraikina ikuskatu ostean, arkitektoak ondorioztatu du ermita ez dagoela hasieran uste zen bezain kaltetua. Teilatua konpondu, egoera txarrean dauden egurrak aldatu eta beste lan osagarriren bat egitearekin nahikoa izango dela jakinarazi dio arkitektoak alkateari, eta orain, obra hori egiteko, Babestutako Ondarea Birgaitzeko diru laguntzetara aurkeztuko du proiektua Mendaroko Udalak.


Santa Ana ermita birgaitzeko asmoz Udalak joan den azaroaren 14an egin batzarrak ikusmina sortu zuen Mendaron, pleno aretoa herritarrez bete baitzen. Alkatetzatik ordura arte emandako pausoak azaldu zizkieten herritarrei.