1986az geroztik, Donostiako Gotzaindegiaren jabetzakoa dira Santa Ana ermita eta berau dagoen orubea, orduan inmatrikulatu zituelako Elizak, baina ondarea zaintzeko premia ikusita, batzar batera deitu ditu Udalak herritarrak azaroaren 15erako. Udaletxean izango da batzarra, 19:00etan. Mendaroko alkate Enetz Ezenarroren azalpenak eta zenbait herritarren iritziak jaso ditugu honako bideoan:
Santa Anako ermita ez dago egoera onean. Erretila berria hartuko luke, korua hondoratuta dauka eta arrakalaren bat ageri du horman. Eta hala dagoenetik, mendaroarren urtean behingo bisitarik ere ez du jasotzen. Uztailaren 26a izan dute beti harako eguna Mendaron, Santa Ana eguna, herriko zaindariaren omenezkoa, baina badira bi urte santanetan ere mezarik ematen ez dutena han, segurtasunaren izenean hala hobetsi zutelako [2009an, 2016an eta 2019an ere ez zuten han jairik egin, eguraldi txarragatik lehenengo bietan eta luizi bat izan zelako 2019an]. Azkeneko konponketak 1982. urtean egin zituzten ermitan, auzolanean, Anjel Bazterretxea [Mutriku, 1936-Mendaro, 2019] abade zela. Herriak beretzat zeukan sasoi hartan Santa Ana, hein batean 1986ra arte ez delako hari buruzko aipamenik agertzen Jabetza Erregistroan. 1986ko irailaren 4an inmatrikulatu edo jarri zuen bere izenean Elizak, Jose Maria Setien gotzain zen garaian, eta gaur egun, Donostiako Gotzaindegiarena dira eraikina eta 754 metro koadroko orubea.
Leku estrategikoan dago eraikia Santa Ana ermita, Kilimon haranerako sarreran, haitz baten gainean, eta horrek pentsarazi izan du jatorrian -XV.mendean- defentsarako dorre izanzitekeela. Geroagora ere estrategikotzat jo izan dute Santa Ana, beste zenbait interesengatik. Mertxe Olazabal mendaroarrak kontatutakoa da, esaterako, 1954an, Saka harrobikoek hura erosteko saiakera egin zutela harrobia bera handitzeko, baina mendaroarrek ezetza eman zutela, ez eztabaidatu barik: "Gure aitak [Inazio Olazabal txoperranekua] kontatzen zuen batzarra egin zutela orduan Garagartzako parrokian zer egin erabakitzeko. Esaten zuen kanterakoen eskaintza tentagarri egin zitzaiela askori eta sutu zela bera zenbait herrikiderekin Garagartzako parrokian egin zuten bilera hartan. 'Gure arbasoei hainbeste lan kostatu zitzaiena merke saltzen dugu gero guk!' esan ei zuen batzarrean, eta nolabait konbentzitu zituen gainerakoak, azkenean, ezetza eman zutelako". Baina halako proposamenik egin gabe egin zuen bere Elizak 1986an, beste leku askotan beste zientoka eraikinekin eta bestelako ondasunekin egin duen antzera, inmatrikulazioaren bidez.
- ERREPORTAJEA osorik BARREN astekariko 1304. zenbakian -PDF-
Hona Santa Ana ermitak gaur egun duen itxura erakusten duten dronearekin ateratako irudiak, Ion Urbietak ateratakoak, eta Anjel Bazterretxeak 1982an ateratako argazkiak, ermita zkenekoz konpondu zutenekoak, auzolanean, 1982an.