Iosu Rodriguezek bosgarren postua lortu du Dubain jokatu duten Munduko Kulturismo Natural Txapelketan

Barren 2025eko azaroaren 20a

Iosu Rodriguez, ezkerretik hirugarrena, bere kategorian lehiatu ziren gainerako kulturistekin.

Iosu Rodriguez kulturista elgoibartarra buru eta bihotz aritu da asteburuan Dubain jokatu zuten World Natural Games ICN munduko txapelketarako prestatzen, eta pozik dago lortu zuen bosgarren postuarekin. 

Munduko txapelketarako prestatzeko Italian ere lehiatu zen duela bi aste. Italiatik, baina, aho zapore gaziarekin itzuli zen, ez baitzuen espero lehiakide bakarra izango zuenik bere kategorian. Oraingoan, berriz, hamabi lehiakide igo ziren oholtzara, hainbat herrialdetakoak: Txekiar errepublika, Filipinak, Australia, Polonia, Italia, India edo Iran, besteak beste. "Dubairako lehiakideak nahi nituen, zenbat eta gehiago hobe, eta bete zen nire desioa. Herrialde askotariko kulturista onenekin alderatu zuten nire gorputzean hainbat hilabetean egin dudan lana, eta asebeteta jaitsi nintzen oholtzatik", azaldu du kulturista elgoibartarrak Dubaitik, lehiaketaren ostean atseden hartu eta herrialdea ezagutzeko probestu baitu hara eginiko bidaia. 

BARRENi aste batzuk lehenago emandako elkarrizketan esan zuen moduan, gorago sailkatzeko itxaropena zuen arren, onartzen du epaileen erabakia. "Nire entrenatzaileak eta Espainiako selekzioko hautatzaileak berak ere podiumetik gertuago egoteko aukerekin ikusten ninduten arren, handia zen maila. Nire kategorian hamabi mutil igo ginen oholtzara, ikusgarriak denak. Epaileek 40 bat minutuan eduki gintuzten oholtzan poseak egiten, zaila egin baizitzaien onenak aukeratzea. Nik igartzen nuen lehenengo postuetan sailkatzeko hautagaietako bat nintzela, epaileek beste lehiakideekin konparaketa ugari eginarazi zizkidatelako. Gainera, ia beti mantendu ninduten oholtzaren erdialdean, eta seinale ona da hori. Izerdipatsetan bukatu nuen saioa, karranpekin, giharrak horrenbeste behartzearen ondorioz. Aurrez esan dudan moduan, gustora jaitsi nintzela oholtzatik, nik bakarrik baidakit han aurkeztu nituen giharrak garatzeko zenbat esfortzu egin behar zan dudan. Postuak zenbaki hutsak dira; erakutsi dudan gorputzarekin nago konforme ni, eta taularatu nuen ariketarekin harro, ikuskizun hutsa izan zela aitortu baididate hainbat lagunek, eta han zeuden ikusleek ere". Azken txapelketa honek kulturismo lehietan jarraitzeko gosea piztu diola dio, eta txapeldun izan arte jarraitzeko asmoa du.

Rodriguezek hirugarren postua lortu zuen duela hiru urte Pragan jokatu zuten Munduko Kulturismo Natural Txapelketan, eta bigarrengoz aritu da aurten Munduko Txapelketa batean. 

Rodriguezek Instagram sare sozialean duen kontura igo du Dubaiko txapelketan egin zuen saioetako bat