Noiz eta nola hasi zinen kulturismoan?
2018an kulturismo txapelketa bat ikustera joan nintzen Bartzelonara, eta han piztu zitzaidan lehiatzeko interesa. Entrenatzaileari esan nion ea prestatuko ninduen eta, nahi banuen, probatuko genuela erantzun zidan. June Gonzalez da nire entrenatzailea. 2019an Euskadi eta Nafarroako txapelketan lehiatu nintzen, baina gehiago nahi nuen.
2022an lortu zenuen txapelketa profesionaletan parte hartzeko txartela.
Bai, ordura arte amateurra nintzen, baina, 2022an eskuratu nituen emaitza batzuei esker, txartel profesionala lortu nuen. Horrek aukera ematen dit nire herrialdea ordezkatzeko nazioarteko txapelketetan, eta nik Espainiako selekzioarekin hartzen dut parte. Pragan jokatu zen mundu txapelketan hirugarren egin nuen 2022an, eta aurten, Dubaira noa mundu txapelketa jokatzera. Espainiako selekzioarekin 20 bat joango gara, baina profesionalak bederatzi gara. Munduko onenekin lehiatuko naiz.
Asteburu honetan Italian hartuko duzu parte. Zein da zure helburua?
2022tik lehiatu gabe nago, eta munduko txapelketaren aurretik pase bat egitea ondo etorriko zait. Txartela aktibatzeko ere balioko dit. Espainian ez dago aurten txapelketa profesionalik, eta horregatik erabaki dut Italiara joatea. Data aldetik ere oso ondo datorkit, bi astera lehiatuko naizelako Dubain. 2022an hiru-lau txapelketa jokatu nituen. Batetik bestera hiru asteko tartea izan zen, eta bederatzi astez fisikoa mantentzea oso gogorra da. Mugan bizi gara. Italiako txapelketara ondo noa, baina Dubaira topera joango naiz. Bi aste horietan beste ekinaldi bat egingo dut kilo bat gehiago kentzeko, eta horri esker azala puntuan edukiko dut Dubaiko txapelketarako.
Dubain daukazu begia jarrita. Zenbat denbora daramazu txapelketa prestatzen?
2022tik ari naiz prestaketa lanetan, baina nolabait esateko, lanik gogorrena azken hilabeteotan egin dut. Aitortu behar dut, hala ere, urte honetako entrenamenduekin inoiz baino gehiago ari naizela gozatzen. Eszenatokiko jarrera Bilboko profesional batekin landu dut, eta oso seguru ikusten dut nire burua. 40 segundu dauzkat nire gorputza bakarka aurkezteko, eta gero 15-20 bat minutu gainerako lehiakideekin igoko naiz oholtzara. Garrantzitsuena epaileen arreta lortzea izaten da, atentzioa ematea, eta aurten lortuko dut.
Zein helbururekin joango zara Dubaira?
Irabaztera noa, argi eta garbi. 2022an probatzera joan nintzen, eta sekulako sorpresa izan zen niretzat hirugarren postua eskuratzea. Aurtengo helburua txapelketa irabaztea da. Horretarako prestatu naiz, eta irabazteko egin dut lan. Italiako txapelketara ere ez noa pasiatzera, han ere irabazi egin nahi dut, baina helburua munduko txapelketa irabaztea da. Ni baino hobeto dagoen norbait agertzen bada, eskua emango diot eta zorionduko dut, baina ni dena ematera noa.
Nolakoa da txapelketa prestatzeko prozesua?
Bi fase daude, bolumena lantzekoa eta definizio-fasea. Bolumena lantzeko prozesua oso lu-zea da, eta iraun dezake urtebete edo bi ere bai. Fase horretan asko jan behar da, egunean 5.000 kaloria jatera iritsi izan naiz. Kaloria garbiak, jakina. Goserik gabe jan behar izaten da askotan, eta hori gogorra da. Definizio fasea desberdina da, gutxiago jan behar da, eta batzuetan gosea ere pasatzen dut. Mundu hau konplikatua eta zorrotza da. Lan handia egin behar da txapelketara perfekto iristeko, eta gero askok esaten dute ez dela kirola. Azken batean txapelketan poseak egiten ditugu bakarrik. Urtean zehar bai egiten dugu kirola gorputza prestatzeko, baina txapelketa gehiago da gorputza erakustea.
Nolakoa da zure ohiko egun bat?
Une honetan txapelketa bakarrik daukat buruan. Esnatzen naizenetik lokartu arte, txapelketan pentsatzen egoten naiz, eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan; ez daukat besterik. Entrenamendu sasoian oso nirekoia izaten naiz, eta nigan bakarrik pentsatzen dut. Saiatzen naiz lagunak eta etxekoak erabat ez baztertzen, baina hain da zorrotza entrenamendua, non ez zaidan apenas denbora librerik geratzen. Txapelketa aurreko azken asteak ez nizkioke gomendatuko inori. Ur asko edan behar da. Egun batzuetan zortzi litro ur edaten ditut, eta hori asko da. Aste honetan, gainera, gutxi jaten nabil, eta txapelketa aurreko azken egunetan ez dut apenas urik edango. Batzuek ez dute ur tantarik ere edaten, baina nik ez diot ura edateari guztiz lagatzen. Ura edatearen helburua da azken astean ahal den pisua deskargatzea. Batzuek botika diuretikoak ere hartzen dituzte horretarako, baina nik ez. Azken egunetan, aldiz, urik ez da edan behar, azala fin-fin eta tentsio puntu perfektuan egoteko txapelketa egunean. Muskuluak ondo markatzea garrantzitsua da.
Kulturismo natural kategorian hartzen duzu parte. Zertan datza?
Nik ez dut botika kimikorik erabiltzen. Nire gorputza kirolaren eta elikaduraren bidez prestatzen dut, eta oso harro nago. Kimika erabiltzen duenak kirol gutxiago eginda lortzen du gorputza sendotzea, baina hori ez da osasuntsua. Meritu handiagoa dauka horrelako gorputza modu naturalean lortzeak. Ikerketa asko egin dira elikadurari eta entrenatzeko moduari buruz, eta norberak berarentzat egokiena dena aukeratzen du. Modu naturala osasungarriagoa da, baina hala ere, gorputzari ematen zaion tratua ez da ona. Lehiaketarako azken muturreraino eramaten dugu elikadura eta nire analitika desorekatu egiten da, baina txapelketa ondoren berreskuratzen dut oreka. Eliteko kirola gaur egun muturreraino eramanda dago, eta kirol askotan egoten dira osasun arazoak. Gorputzeko koipe kopurua %5-6 inguruan edukitzea komeni da, eta ni tarte batzuetan hortik behera ibiltzen naiz. Horrek eragina dauka nire umorean ere. Nekatuta egoten naiz, logurea igartzen dut... Egunero ia lau ordu eskaintzen dizkiot entrenamenduari, eta gainera gutxi jaten ari naiz. Oso diziplinatua naiz. Denboraldia amaitzen denean lasaitzen naiz aspektu horretan, eta gustatzen zait lagunekin irtetea eta sozializatzea ere.
Zer ematen dizu zuri kulturismoak?
Batzuek txapelketekin gozatzen dute bereziki, baina niri eguneroko jarduna da gustatzen zaidana: entrenamenduak, eszena prestatzeko saioak, diziplina... Helburuak zehaztu eta helburu horiek lortzeko prestatzen disfrutatzen dut. Dubaiko txapelketa ondo irteten bazait, 2026an Koreara joatea gustatuko litzaidake hango txapelketaren batean lehiatzera. Korean maila ona dago, eta gainera, bidaiatzeko ere oso leku interesgarria da.
Profesionaletan lehiatzen zara, baina zuretzat kulturismoa zaletasuna da, ezta?
Bai bai. Txartel profesionala daukat eta horrek bereizten nau amateur kategoriatik, baina ez naiz kulturismotik bizi. Oso zaila da hori, eta kategoria naturalean, zailagoa. Munduko txapelketako irabazleak 1.500 euroko saria irabaziko du asko jota, eta horrekin ez daukagu bidaia ordaintzeko ere. Diru asko gastatzen dugu entrenamenduetan eta elikaduran. Aurten diru bila aritu naiz, eta 35 babesle lortu ditut. Elgoibarko eta Eibarko taberna eta denda askok lagundu didate, eta Elgoibarko Udalak ere bai. Eskerrak eman nahi dizkiet nigan konfiantza izateagatik. Orain dela urte batzuk inork ez luke nigatik euro bat ere emango, eta begira noraino iritsi naizen! Hau guztia modu naturalean lortzearen meritua ulertu dute babesleek. Kimika erabiliko banu, babesle gutxiago lortuko nituzkeela uste dut. Jende askok uste du kulturismoa eta kimika eskutik doazela, baina badago botikarik gabe lehiatzeko aukera ere, eta nik harrotasun osoz esaten dut lortu dudan guztia modu naturalean lortu dudala. Badakit kategoria honetan ere batzuek tranpak egiten dituztela. Lehiaketa aurreko azken hiru hilabeteetan botikak laga eta txapelketara garbi iristeko aukera ere badago, baina hori sahiesteko, tarteka abisatu gabeko doping kontrolak egiten dituzte.
Kulturismoan poseak eta presentziak ere garrantzia dauka. Ispiluari begira orduak pasako dituzu...
Pila bat. Ispilu eta edozein kristalen aurrean egoten naiz nire buruari begira. Norbaitekin hizketan ari naizenean ere, postura lantzen egoten naiz. Fisioterapeutak ere esaten dit garrantzitsua dela bi zangoen gainean jartzea pisua, baina ni beti alborantz begira egoten naiz. Lanean ere makinatik piezak irteteko zain nagoenean, poseak egiten egoten naiz. Nahigabe irteten zait.
Zein dira zure gorputzaren indargune eta ahulguneak?
Bizkarra eta sorbaldak dira nire indarguneak, eta atalik makalena agian paparra, baina azkenaldian hori ere asko hobetu dut. Lehen, bestalde, bainujantzi luzearekin lehiatzen nintzen, baina orain motzarekin nabil eta hankak ere erakusten ditut. Iztarrak ere landuta dauzkat.
Epaimahaiak kontuan hartzen dituen alorrak ondo zehaztuta daude ala subjetibotasunean oinarritzen dute erabakia?
Badaude baldintzak zehaztuta, baina garrantzitsuena oholtzan zerbait transmititzea da, jendearengana iristea. Azalaren lehortasuna ere neurtzen dute, eta horrek puntu asko ematen ditu. Tatuajeak estaltzen ere saiatuko naiz, makillaje moduko krema batekin. Subjektibotasuna ere badago, eta partaideon jatorria eta sare sozialetan ditugun jarraitzaileak ere hartzen dituzte batzuetan kontuan. Ni nire buruarekin lehiatuko naiz bereziki, baina ez dut gezurrik esango: urrea altxa nahi dut.
Crossfit eta gimnasioak indarrean daude, baina kulturismoa kirol minoritarioa da oraindik.
Bai, hala da. Indarra lantzea oso garrantzitsua da, eta bakoitzak bere neurrian eginda, ondo dago. Gimnasioak beteta daude, eta niri ere jende askok galdetzen dit ea entrenamendu pertsonalizatuak eskaintzen ditudan, baina gaur gaurkoz ez dut horrelakorik egiten. Etorkizunerako gustatuko litzaideke lanbidez aldatzea. Master bat egin eta entrenatzaile izatearen aukera aztertuko dut.
 
                                    

