Iosu Rodriguezek 32 urte ditu eta azaldu duenez betidanik aritu da kulturismoan edo gorputzgintzan. Lehiaketetan parte hartzen, baina, 2019an hasi zen, eta orain arteko emaitzarik onena eskuratu berri du Txekian jokatutako Munduko Txapelketan. Brontzezko domina irabazi zuen. Kulturista korear batek lortu zuen lehen postua eta italiar batek bigarrengoa.
Bi adar daude kirol honetako txapelketetan. Batetik, Federación Española de Fisicoculturismo y Fitness (IFBB) federazioak antolatutako txapelketak daude. Normalean, ez da doping kontrolik egoten. Eta, bestetik, Asociación de Culturismo Natural (AFN) eta World Natural Bodybuilding Federation (WNBF) federazioak antolatutako txapelketak daude. Horietan, bestean ez bezala, dopinaren aurkako kontrolak egiten dituzte. WNBF federazioak antolatutakoa izan da Txekiakoa, eta ezaugarri hori nabarmendu nahi du Rodriguezek. "Kulturismo naturalean lehiatzen naiz ni, jan eta lan eginda landu ditut giharrak, beste ezeren beharrik gabe, eta kontrolak pasatzen ditugu hori horrela dela egiaztatzeko".
Munduko txapelketan lehiatu ahal izateko sailkapena Espainiako txapelketan lortu zuen elgoibartarrak. Kategoria ezberdinak daude eta 'Mens Fitness" izenekoan parte hartu zuen berak. "Valentzian jokatu genuen Espainiako Txapelketa, urriaren 15 eta 16an. Hogei kulturista lehiatu ginen, eta lehen hiruren artean sailkatu nintzen. Gero, aurreneko bost sailkatuek jokatu genuen Munduko txapelketara sailkatzeko saioa, Kordoban. Bigarren sailkatu nintzen han, lehenengoarengandik oso gertu, eta epaimahaikideek ere hori nabarmendu zuten, oso alde txikia egon zela bion artean. Irabazi ez arren, txartel profesionala jaso nuen, kulturista amateur izatetik profesional izatera pasa zarela adierazten duen txartela".
Hala, Espainiako taldearekin Munduko txapelketan lehiatu zen estreinakoz txartel profesionala duten lehiakideekin. "Maila handia espero nuen, eta zalantzekin joan nintzen Pragara, baina gainerakoen oso parean nengoela ikustean lasaitu nintzen eta neukan onena eman nuen", adierazi du.
Pozik itzuli da etxera munduko txapelketan lortutako garaikurrarekin eta bizitako esperientziarekin. Atseden labur bat hartzeko asmoa du orain, eta gero berriro hasiko da gogor entrenatzen. "Kirol honetan denbora luzea behar da hobekuntzak igartzeko, eta bakoitzak bere buruari jarritako helburura iristeko. Hori lortutakoan bakarrik itzuliko naiz lehiaketetara".