Beitiak Realarekin debuta egin zuenetik haren bizipenak, oroitzapenak eta ametsak entzuteko gogoz izan dira Jo ta Sua taldekoak, baina futbol jokalari profesionalaren agenda gorabehera, atzo arte ezin izan zuten lotu hitzordua. Izatez, Luken Beitiari eta Josetxo Arakistaini egitekoak ziren omenaldia, eta joan den ekainerako iragarri bazuten ere, azken orduan saioa atzeratu beharra izan zuten. Ez zuten berriro antolatzeko aukerarik eduki, joan den irailaren 28an hil baitzen Josetxo Arakistain. Atzo gogoan eduki zuten goi mailako atezain izandako elgoibartarra, eta solasaldia hasi aurretik oroigarri bat eman zioten haren familiari. Luken Beitiak ere jaso zuen aitortza, eta ez edonoren eskutik gainera, Realeko jokalari ohi Markel Bergarak eman baitzion Jo ta Suakoen oroigarria. Omenaldien ostean, Jon Gurrutxaga kazetari eta musikari elgoibartarrak elkarrizketatu zuen Luken Beitia.
