Jose Arakistain hil da, futbolean goi mailako atezain izan zena

Barren 2025ko ira. 28a, 14:31

Futbolean goi mailako atezain izandako Jose Arakistain Arrieta (Elgoibar, 1937) hil da gaur, domeka, 88 urterekin. C.D. Elgoibarren hasi zen futbolean, eta Real Madrilen egin zuen ibilbide loriatsuena, sei liga, Espainiako kopa bat eta Europako kopa irabazita. Bihar, hilaren 29an, egingo dute haren aldeko hileta-elizkizuna San Bartolome parrokian, 19:30ean.

Oso gazte zela hasi zen nabarmentzen Arakistain futbolean. C.D. Elgoibarren harrobian hasi zuen kirol ibilbidea. Soraluzen jokatu ohi zen txapelketa batean egin zuen debuta. Aurrelari gisa jokatu zuen estreinako partida hartan, baina luze gabe jarri zuten atepean jokatzen, taldean atezaina falta zutela eta. 16 urte zituenean Haundiren bigarren taldea zen Fleje taldera igo zuten eta urte bat geroago hasi zen nagusiekin jokatzen Haundin. Haren jokoaren berri laster izan zuten inguruko taldeek eta jarri zuten begia harengan. 1955-56 denboraldian, Realak fitxatu zuen, baina Eibarrera bidali zuten, utzita. Urtebete ez zuen egin Eibarren jokatzen. Izan ere, laster deitu zioten berriro Realetik talde txuri-urdinera itzultzeko. 1956ko abenduaren 2an egin zuten debuta Realarekin, Celtaren kontrako partidan. 

Ibilbide luze eta oparoa osatu zuen futbolean. Hamasei denboraldi egin zituen Lehen Mailan: bost Realean (1956-1961) zazpi Real Madrilen (1961-1968), hiru Elxen (1968-1971) eta bat Castellonen (1972-1973). Real Madrilekin Europako Kopa bat (gaur egungo Txapeldunen Liga), sei liga eta Generalisimoaren Kopa bat irabazi zituen. Gol gutxien jasotzen dituen atezainari ematen zaion Zamora garaikurra ere eskuratu zuen 1961-1962 denboraldian. Sei alditan jokatu zuen Espainiako selekzioarekin, eta Txileko 1962ko Munduko Txapelketa ere jokatu zuen Espainiako taldearekin. 

Elgoibarrek eman duen futbol jokalari onenetakoa izan da Arakistain, eta duela hamabost bat egun, irailaren 13an, omenaldia egin zioten Mintxetan, gizonezkoen Haundi taldearen ligako lehen partida hasi aurretxoan. C.D. Elgoibarrek antolatu zuen ekitaldia, hantxe eman baitzituen Arakistainek futbolari gisa lehenengo pausoak. 

Dolumin mezuak

Real Madrid eta Real Sociedad taldeek ere zabaldu dituzte dolumin mezuak sare sozialetan. Era berean, Realak Bartzelonaren aurka jokatu duen partida hasi aurretik ere minutu bateko isilunea egin dute Lluis Companys futbol zelaian. Athleticek ere jarri du mezua Arakistain talde zurigorriko moto Iribarrekin agertzen den argazkiarekin lagunduta. Euskal futbolak eman dituen atezain onenetarikoak elkarrekin. 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Real Madrid C.F. (@realmadrid)

 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Real Sociedad de Fútbol (@realsociedad)

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Athletic Club (@athleticclub)