Gizonezkoetan Aitor Ugarte izan zen azkarrena (0:26:22) eta Iñigo Lariz sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik bi minutu eta 15 segundora. Oier Etxeberriarentzat izan zen hirugarren postua (28:52). Mendi lasterkariak 6,5 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren. Galdames herrian hasi eta bukatzen zen Pico la Cruz proba, baina Koparako Galdamesetik Pico la Cruz tontorreraino (802 metro) eginiko denbora hartu zuten kontuan. Kategoria absolutuan txapeldunorde izateaz gainera, Master A kategoriako onena izan zen antxitxikari elgoibartarra.
Podiumaren atarian
Iñigo Lariz laugarren postuan sailkatu da 2025eko Kilometro Bertikalen Kopako azken sailkapenean. CATT Morkaiko taldeko ordezkariak 345 puntu batu ditu: 80 puntu Txindokin; 95 Beriainen, 75 Anboton eta 95 Pico La Cruzen. Kopa osatu duten sei probetatik emaitzarik onenak lortutako lau probak aintzat hartu dituzte azken sailkapenerako. Larizek Master A kategoriako bigarren postua ere eskuratu du, Txomin Bustinduiren atzetik sailkatuta (biak podiumean irudian). Elgoibartarrak Bustinduik baino sailkapen hobeak lortu ditu lasterketa ia denetan, baina puntu gehiago zeuden jokoan lasterketa batean, Aratzekoan, eta Larizek ez zuen parte hartu.
Orixol taldeko Aitor Ugarte Erizek irabazi du 2025eko Kopa. Bertsotan ere nabarmentzen den Aramaioko korrikalariak 420 puntu batu ditu denera. 2023ko Karakateko igoera irabazi zuen Aritz Unamuno bergararra sailkatu da bigarren postuan (365 puntu) eta Ibon Badiola hirugarrengoan (358 puntu).
Emakumezkoetan Leire Elola izan da txapelduna eta Larraitz Aragon eta Maider Unanue sailkatu dira bigarren eta hirugarren postuetan.

