CATT Morkaikoko kideak lehen postuetan sailkatu dira Txindokiko Kilometro Bertikalean

Barren 2025ko mai. 21a, 12:03

Taldeka hirugarren postuan sailkatu ziren CATT Morkaikokoak Txindokiko Kilometro Bertikalean.

Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Koparako lehen proba puntuagarria jokatu zuten zapatuan, Txindokiko Kilometro Betikala. 

Mendi lasterkariak Larraiztik (Abaltzisketa) abiatu ziren lauko taldetan banatuta, eta Larrunarriren gailurreraino igo behar zuten: 3,6 kilometro luzean eta 980 metroko desnibel positiboa. Aitor Ugarte aramaioarra eta Onditz Iturbe igorretarra izan ziren igoera osatzen azkarrenak. Ugartek 35 minutu eta lau segundo behar izan zituen Txindokira igotzeko. Bigarren postuan Ibai Larrea antzuolarra sailkatu zen (35:18) eta hirugarrenean Iu Net kataluniarra (35:43). Emakumezkoetan, 44 minutu eta 13 segundoko denborarekin gailendu zen Onditz Iturbe, eta, Leire Elola tolosarra sailkatu zen bigarren postuan (48:24) eta hirugarrenean Claudia Sarrate kataluniarra (48:40). Ainhoa Lendinez elgoibartarra 10. postuan sailkatu zen (0:51:16).

Euskadiko eta Nafarroako mendi federazioek antolatzen duten Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Kopako lehen proba izan zen Txindokiko Kilometro Bertikala. Denboraldi honetako Kopak sei proba izango ditu.

Iñigo Lariz eta Alazne Lozano podiumean

CATT Morkaiko taldeak ordezkaritza zabala izan zuen proban, eta kantitateaz gainera duten kalitatea ere agerian laga zuten. Gizonezkoetan hirugarren postua eskuratu zuten taldeka eta gazteen eta master kategoriatan lehen postuak eskuratu zituzten taldekideek. Batetik, Alazne Lozano izan zen azkarrena gazte mailako emakumezkoen artean; eta, bestetik, Iñigo Lariz izan zen onena Master A kategoriakoen artean. Sailkapen nagusiko 9. postuan sailkatu zen Lariz, 38 minutu eta 37 segundoko denborarekin. Master B kategorian txapeldunorde izan zen Iñaki Egizabal. Hona CATT Morkaikoko ordezkarien emaitzak:

  • Iñigo Lariz, 9. postua; 1. postua Master A (0:38:37)
  • Iñaki Goenaga, 23. postua (0:40:43)
  • Martin Egizabal 61. postua (0:45:23)
  • Aitor Hernandez, 74. postua (0:46:36)
  • Iñaki Egizabal, 84. postua (0:47:41)
  • Alex Bergua, 118. postua; 6. postua junior mailan (0:50:56)
  • Alazne Lozano, 24. postua emakumezkoetan; 1. postua gazte mailan (0:57:19)

*Argazkiak: CATT Morkaiko eta Goierriko Hitza.