Kilometro Bertikalen Euskal Herriko Kopako proba jokatu zuten Nafarroan, Uharte Arakil-Beriain Kilometro Bertikalaren 16. edizioa, eta podiumaren atarian geratu zen Iñigo Lariz, laugarren postuan, 44:27ko denborarekin. Beteranoetan lehen postua eskuratu zuen saltakari elgoibartarrak. 2023ko Karakateko igoera irabazi zuen Aritz Unamuno bergararra gailendu zen Beriainen, 43:29ko denbora eginda. Idiazabalgo Josu Urrestarazu sailkatu zen bigarren postuan (43:50) eta Mikel Merino iruñearra hirugarrengoan (44:26).Emakumezkoetan Lide Urrestarazu ordiziarra gailendu zen. Ekaitzengatik kolokan egon zen Beriain Km Bertikala, baina azkenean abiatu eta 179 korrikalarik osatu zuten proba.
Kilometro Bertikalen Euskal Herriko Kopakoko lau proba jokatu eta gero, sailkapen nagusiko 10. postuan dago Lariz, 175 punturekin, Txindokin eta Beriainen batutako puntuei esker. Aratzen eta Ardibidepikuan ez zuen punturik batu. Kopako hurrengo igoera bertikala Anbotokoa izango da, urriaren 4an.
Untzillaitz Zuzen, estreinakoz
Kilometro bertikalekin jarraituz, Untzillaitz Zuzen proba jokatu zuten estreinakoz, Mañaritik Atxetara mendi lasterketaren baitan. Emakumezkoetan bigarren postua eskuratu zuen Ainhoa Lendinezek, 0:42:02ko denborarekin. Leire Uribe izan zen azkarrena (34:37).
Hiru hilabetez geldirik egon da Lendinez lesio bat dela eta eta pozik zen itzuleran erakutsitako mailarekin. "Atzokoa ez det berehala ahaztuko. Hiru hilabeteko lesioaren ostean,bosgarren eguna mendian, eta dortsala soinean! Karakate, Aizkorri, Anboto, Garmo Negro eta Untzillaitz! Nire denboratik urrun egon arren, izugarri gozatu nuen, eta batez ere, lasterketaren ondoren, ez nuen ez lepoko miñik ez zorabiorik izan. Hori zen nire beldur nagusia. Mila esker Mañaritik Atxetara probako antolatzaileei hasieratik emandako maitasunarengatik. Antolakuntza bikaina eta paraje zoragarria. Liluratuta eta pilak kargatuta. Itzuliko gara!"