Pyrenaica Blogaren Saria jaso du Ainhoa Lendinezek, Ama Dablan argitalpenagatik

Barren 2025ko urr. 20a, 17:04

Euskal Mendizale Federazioaren eta ‘Pyrenaica’ aldizkariaren sariak banatu zituzten, barikuan, Euskal Mendizaletasunaren Galan.

Club Vasco de Camping elkarteak antolatu zuen aurtengo gala, taldearen 75. urteurreneko ekitaldien artean. Urtero legez, ibilbide eta jarduera nabarmenen sariak banatu zituzten Donostiako Aldapeta Maria Ikastetxeko auditoriumean egin zuten ekitaldian. EMFren 2025 sariak banatu zituzten lehendabizi. Joseba Iztueta alpinistak jaso zuen sari nagusia, Andres Espinosa EMF saria. José María Pradera Gurrutxagak eta Juan Luis Arriola Loiolak jaso zuten Ibilbidearen EMF Saria, Mendietxe Elkartearentzat izan zen Euskal Mendizaletasunaren Adiskideak EMF Saria; Arantza Lazurtegi saritu zuten Emakume Mendizaleen Loli Lopez Goñi EMF Saria; eta, azkenik, hirukote batek jaso zuen Antxon Bandres Jarduera Onenaren Saria, Rafa Elorzak, Eli Azurmendik eta Juan Carlos Sanzek.

Sarituen irudiak eta eginiko merituak emf.eus webgunean

Pyrenaica sarietako bat Ainhoa Lendinezentzat

Euskal Mendizale Federazioaren aldizkaria den Pyrenaikak ere gala baliatzen du azken urtean argitaratutako artikulurik eta argazkirik onenak saritzeko. Pyrenaica Blogaren IX. Saria Ainhoa Lendinezentzat izan da aurtengoan, Ama Dablan argitalpenagatik. Artikulurik irakurriena saritzen dute sari horrekin. Lendinezek esker ona adierazi zuen saria jasotzerakoan, baina harrituta zegoela ere azaldu zuen, euskaraz idatzitako artikulu bat irakurriena izateagatik. "Mendiaz eta euskaraz, nire ametsa. Eskerrik asko Pyrenaica aldizkaria Euskal Mendizale Federazioari Club Vasco de Camping elkarteari eta batez ere zuei, mendizaletasuna, nik bezala, euskaraz bizi eta maite duzuen irakurle guztiei", esan zuen. Goiko bideoan saria jaso zuen unea. 

Lendinezek azaldu zuen berarentzat eta familiarentzat idatzi zituela Kronikak Nepalen zen bitartean, halako esperientzia "basati" eta "hunkigarria" momentuan bertan iltzatu behar dela uste baitu. "Eta zinez eskertuta nago, askok irakurri duzuelako, eta askok idatzi didazuelako. Bihotzean betiko Ama Dablam". 

Lendinezek barren.eus-eko Komunitatean ere eman zuen Nepalera eginiko bidaiaren berri

∞Lotura duten albisteak: