Elorrioko Erdella mendi taldeak dantza, musika eta umorea uztartu zituen Euskal Mendizaletasunaren 23. Gala antolatu zuen barixakuan, Elorrioko Arriola antzokian. Zigor Iturrieta eubarrak eta Ainhoa Lendinez kazetari elgoibartarrak aurkeztu zuten gala. Lendinezek saria jaso zuen iazko Pyrenaica sarietan eta beste bi elgoibartar saritu dituzte aurten EMF-ren Pyrenaica aldizkariak banatzen dituen sarietan. “Pyrenaica”-ko emakumeen blogaren IX. sarian sarrera gehien izan dituen kolaboratzailearen saria jaso zuten Estibaritzek eta Izagirrek. Argazkilari amorratuak dira biak, eta mendiko ibilbideak dibulgatzea da beraien pasioa. Mendikolore blogean uztartzen dituzte bi pasioak 2011. urtetik gaur arte. Maketazaile lanetan aritzen da Izaskun eta Jose Inaziok idazten ditu testuak. 2014an ere jaso zuten Pyrenaica sarietako bat, Tresviso: bidexka sinesgaitzak izeneko artikuloagatik. Bigarren saria jaso zuten mendiko artikuloen lehiaketan.
• Jarduera alpinistiko onena Bizipenak bideagatik
Jarduera alpinistikoko onenaren Andres Espinosa saria hirukote batek jaso zuen: Iñaki Arakistainek, Joseba Larrañagak eta Alberto Fernandez elgoibartarrak. Hiru mendizale gipuzkoarrek, Mikel Zabalza nafarrarekin batera, Bizipenak izena jarri zioten bide berria zabaldu zuten Drangnag-ri mendian (6.802 metro), Himalaian. Mendi horretako hego mendebaldeko ertzetik egiten den lehen igoera osatu zuten, estilo alpinoan. Elorrioko Galan Joseba Larrañagak jaso zuen saria hiru sarituen izenean. Euskal Telebistako Oreka saioan eman zuten espedizioaren berri Fernandezek eta Larrañagak. Alberto Fernandezek 2015ean ere irabazi zuen Andres Espinosa saria.