Aiastia auzoko elkarteak, Kalamuak, 50 urte bete ditu aurten, 1975. urteko apirilaren 13an eratu baitzuten. Auzoko eskola hartu zuen lokalean dago kokatuta, San Migel ermitaren gainean. Elkartea osatzen duten 54 bazkideek eta ingurukoek elkarrekin ospatu zuten urtemuga, joan den zapatuan. Mezarekin hasi zituzten ospakizunak eta pilota partiduaz gozatzeko aukera izan zuten gero. Ibon Ibarrak eta Harri Oterminek osatutaklo bikoteak Felix Condek eta Beñat Azketak osatutakoaren aurka jokatu zuten, eta partida berdindua jokatu zuten, 22-21 gailendu baitzen Ibarra eibartarrak eta Otermin bergararrak osatutako bikotea.
Belaustegi jatetxean jarraitu zuten ospakizunarekin , eta 66 lagun elkartu ziren bertsiolariek girotu zuten bazkarian. Bazkalostean, Kalamua elkartearen bazkide sortzaileetako bat izan zen Javier Arrizabalaga Ansola 'Belarreta' omendu zuten, auzoaren alde egindako lanagatik. Arrizabalaga 2024ko ekainean zendu zen, 78 urterekin.
Belarretari omenaldia
Ekintzailea izan zen Belarreta; hala enpresa munduan nola nekazaritza eta baserritarren alde eginiko lanean. Demokrazia garaiko lehenengo legealdiko zinegotzia izan zen Elgoibarko Udalean, baserrietako lehen zinegotzia, hain justu ere. Gero, 30 bat urtean izan zen Aiastia auzoko alkatea, eta auzotarren omenaldia ere jaso zuen 2013ko Sanmigeldarren Egunean. Era berean, iazko Gabon Zahar Feria Egunean ere jaso zuen aitortza, Azoka egiteko ohitura galduta egon zen garaian, berreskuratzeko "lan handia" egin zuela-eta. 1993an inauguratu zuten Murkaikupe pilotalekua egiteko ideiaren atzean ere egon zen Belarreta, eta pilotalekua gauzatzeko egin zuen ahalegina aitortu nahi izan diote orain Kalamua elkarteko kideek, elkartearen 50. urteurrenaren harira. Arrizabalagaren irudia ipini dute pilotalekuaren atzeko paretean, errebotean. Kalamua elkarteko gainerako bazkide sortzaileek ere hartu zuten parte ekitaldian.
San Migel jaietan zozkatutako karretila
Irail bukaeran Aiastian ospatu zituzten San Migel jaietan produktuz beteriko orgatilla zozkatu zuten, eta dagoeneko agertu da saritutako txartelaren jabea. Atzo jaso zuen saria auzoko alkate Xabier Loiolaren eskutik.