Elgoibarko Udalak baserri auzoetako alkateak omendu zituen iaz Gabon Zahar Azokan, eta azokaren alde egin duten lanagatik hiru pertsona omendu ditu aurten. "Jende askoren beharra dago azoka aurrera ateratzeko, lan handia dago atzetik, eta Udalak aintzat hartu nahi izan du hiru lagun hauek omenduz", esan zuen errekomozimendu ekitaldiko aurkezle Lorea Arakistainek.
Joan den ekainean hil zen Javier Arrizabalaga Ansola "Belarreta" da omenduetako bat. Gabon Zahar feria berreskuratu zuen pertsona izan zela gogora ekarri zuten. "Azoka egiteko ohitura galduta egon zen garai batean, eta Arrizabalagak lan handia egin zuen berreskuratzeko". Demokrazia garaiko lehenengo legealdiko zinegotzia izan zela ere ekarri zuten gogora, 1979etik eta 1983era bitartean. Arrizabalaga Aiastiako auzo alkatea izan zen makina bat urtean eta Kalamua elkartearen sortzaile eta bazkidea ere bai. Gabon Zahar Azokan urte mordoxkan aritu zen epaile lanetan barazki zein fruten lehiaketetan, eta horrez gain, Euskal Herruian egiten ziren azoka desberdinetara joaten zen ekoizleak ezagutu eta pertsonalki azokara etortzeko gonbita egiteko. "Lan horietan urte osoan aritzen zen eta beti ekartzen zituen ideiak feria hobetzeko. Bera gabe feria hau ez zatekeen den bezalakoa izango", azaldu zuten udaletxeko pleno aretoan eginiko ekitaldian.
Agustin Irusta izan zen bigarren omendua. Elgoibarko Udalean zinegotzi izana (1991-1994), ordutik baserri munduarekin zerikusia duten herriko ekitaldi guztietan lagundu duela eta lagunzten jarraitzen duela azpimarratu zuten. Belarretak hasitako lanari jarraipena eman diola azaldu zuten azoketara joanez eta ekoizleak Elgoibarrera etortzeko gonbidatuz. "Azken 16 urteetan Kalamua elkarteak antolatzen dituen San Bartolomeetako eta Gabon Zahar Azokako gazta lehiaketak izan ditu kuttunenak eta antolakuntzan buru belarri aritu da, eta atzetik datozenei laguntzen jarraitzen du".
Pedro Erkiaga albaitaria izan zen hirugarren omendua. Aldundian egingo du lan aurrerantzean eta Debabarrena eskualdeko baserrietan albaitari moduan egin duen lanari aitortza egin nahi izan dio Elgoibako Udalak. "Baserritarrak eskertuta daude Pedrorekin, izugarri estimatzen dute bere lana, eta horregatik omendu nahi dugu. Ganaduak ondo zaindu ditu eta asko salbatu ere bai, eta horrek baserritarrentzat benetako balioa du. Bere dedikazioa eta konpromezua ezinbestekoak izan dira baserri munduarentzat".