Ikaskide izandakoak dira, Elgoibarko Orientazio eta Ikaskuntza eskolako zazpigarren promoziokoak, eta urtean behin elkartzen dira bazkaltzeko, garraio publikoak geltokia duen herriren baten. Ardura aldaketa sinbolizatzeko politikan aginte-makila eskuz aldatzen duten modu berean, karpeta bat dute hauek urtero eskutik eskura darabiltena, eta huraxe jasotzen duenak hartzen du bazkaltzeko lekua ziurtatzeko ardura. Aurten, Eibarren elkartu ziren maiatzean, Chalchan, baina eguenean Lanbide Heziketaren 125. urtemugaren itxiera ekitaldira gonbidatu zituztela probestuta, berriro elkartu ziren, Urazandiko La Union elkartean. Arratsalderako egin genuen haiekin hitzordua eta, hurbildu ginenerako, atean zain geneukan Anton Bergara. Azkenburukoak amaitu berri ziren haren mahai-lagunak, eta kafeak ateratzen ari zen haietako bat. Aldameneko mahai batera egin, eta ekin genion solasaldiari zortzi lagunekin: Anton Bergara, Jose Antonio Gonzalez, Ramon Mugika, Boni Maestro, Rosario Fernandez, Jesus Ostolaza, Vicente Garcia eta Julian Bilbao. Gustura ziren Lanbide Heziketari balioa emateko egindakoagatik eta goizean itxiera ekitaldian parte hartzeko aukera izan zutelako, baina arantza bat ere agertu zuten taldeko batzuek haserre, Rosario Fernandezen hitzetan. "Ez dut ezer ulertu eta nahi nuke zuek jasotzea. Sailburuordeak eta alkateak ere euskara hutsean egin dute. Gutako askok ez dugu ezer ulertu, eta gu ere historia horren parte izan gara". Ona gehiago izan dela, baina, eta egin dute aurrera gaztaroko kontakizunekin.
"Nola eta noiz hasi zineten elkartzen?". Inork ez du erantzun ziurrik, baina 40 urtetik gora izango direla diote gehienek eta gaur etortzerik izan ez duen Jose Antonio Etxeberria laguna izango zela sustatzaileen artean. "Hain ondo konpondu ginen beti elkarrekin pentsatu genuela egin behar genuela modua gutxienez urtean behin elkartzeko. Batzuk ordurako kanpoan bizi ginen, eta hemen gelditu zinetenon ideia izan zen", esan du Boni Maestro soraluzearrak, askok atletismoarekin eta Ego-Tokirekin lotuko dutenak, Mugertza Krosa irabazitakoa baita jubeniletan, eta baita Lasarteko Krosean bigarren egindakoa ere. Danobaten egiten zuen haren aitak lan, eta tailerrean Lanbide Heziketak entzute ona zeukalako ekarri zuen semea Elgoibarrera ikastera.
Bost urteko ikasketak egin zituzten gaur Meka den ikastetxean gehienek: hastapeneko bi urte eta Metalgintzako Ofizialtza gero, hiru urtekoa. Garai hartan, neskek eta mutilek bereizita ikasten zuten Elgoibarren, eta behin 14 urtera iritsitakoan, mutilek hiru aukera izaten zituzten lan mundurako prestatzeko: Batxilergoa edo Lanbide Heziketa hasi edo tailerrera aprendiz joatea, etxepe guztietan tailerrak zabaldu ziren garaian hori ere prestakuntza-aukera ona zelako ikasteko gogorik ez zutenentzat edota etxean diruz larri zebiltzanentzat. "Ikasi nahi ez zutenak, lehen, lanera joaten ziren; orain, petrilera", etena egin du Bergarak, gauzak zenbat aldatu diren azaltzeko. Emakumeen kasuan, hori bai, aukerak murritzagoak ziren: Ana Etxeberriaren akademia [Señorita Anita] edota mojen eskola Mendaron. Izan ere, Mekan gizonek bakarrik izan zuten lekua, harik eta 1967an eta emakumeengan pentsatuta eskolako zuzendaritzak Elgoibarren Delineazio Ofizialtza ematen hasteko eskaera egin zion arte Hezkuntza Ministerioari. "Gu ikasketak amaitzen geunden neskak hasi zirenean eskolan. Ikaragarria izan zen aldaketa hura guretzat, eskolan mutilak bakarrik ezagutu genituenontzat", aitortu du Ramon Mugikak. Irakasgai orokorrez gain, erlijioa, Formación del espíritu nacional, Laneko segurtasuna eta higienea, marrazketa teknikoa eta praktikoa ikasten zuten, bai eta planotik piezak egiten ere tailerrean, eta ikastetxean egunez nahiz gauez ematen zituzten eskolak.
Metalgintzako Ofizialtza gauez egin zutenetako bi izan ziren Rosario Fernandez eta Jose Antonio Gonzalez. "Lehen Hezkuntzako ikasketak bukatuta, pintxe lanetan hasi nintzen Arriolanean. Abenduan betetzen nituen 14 urte, baina gure etxean dirua falta zen eta han hasi nintzen, Maalako iturritik ura ekarri, ogitartekoen bila joan, soldagailura piezak eraman eta antzeko zereginetan. Baina ez nionez ikasteari laga nahi, gaueko txandara aldatu nintzen". 08:00etatik 17:30era lan egin, eta 18:00etan sartzen ziren eskolan gaueko txandakoak 22:00ak arte.
Geroztik dena aldatu dela diote. "Mekan, bost gela zeuden eta zirkuito bat osatzen genuen. Ikasturte bakoitzean gela batetik pasatzen ginen, eta bost geletatik pasatutakoan, kalera", oroitu du Bergarak. Orain, 1.200 ikasletik gora daude Elgoibarren Lanbide Heziketa ikasten, IMHn, Meka Albitzurin eta Meka Ezenarron.
2017an, ikasketak amaitu zituztenetik 50 urte bete zituztenean izan zuten Meka Ezenarro bisitatzeko aukera taldekoek, Alberto Iturricastillo orduko zuzendariari horretarako baimena eskatuta. Bisita gidatua egin zuten haren eskutik eskola izan zutenera, eta Gabin bazkaldu zuten gero, Arantxa Insausti idazkari izandakoarekin eta Elorza maisuarekin batera. "Administrazio eta Kudeaketa, Fabrikazioa, Gizarte eta kultur zerbitzuak, Osasungintzakoak, Automozioa... Ikaragarria da zenbat zabaldu den Mekako eskaintza", azaldu du. Metalgintzako Ofizialtza amaitu zuenean Arrasatera jo zuen Bergarak Jesus Ostolaza ikaskidearekin batera [Duala egiten zuten han, egun erdi eskolan eta beste erdi lanean], eta gainerako gehienak Eibarko Armeria Eskolara joan ziren, ordurako sona handia hartua zuen eskolara. Izan zen, hala ere, lanean hasi zenik. "Lehen ez zen hain gogorra ikasteari lagatzea, lana zegoelako. Eta hori gauza ona zen, bizimodua ateratzeko aukera denek zutelako orduan, beti egon direlako eskolan kostata ibili arren lanerako finak direnak eta, ofizial baten ondoan jarrita, ofizioa ikasteko gai direnak. Gaur, kontrakoa gertatzen da. Ikasketa handiak egin eta ezin lanik topatu. Guk zortea izan genuen", dio Vicente Garciak.
ZIGORRAK ETA MOMENTU AHAZTEZINAK
Oroitzapen onak dituzte Lanbide Heziketan egin zituzten urteetakoak; ez, ordea, Lehen Hezkuntzakoak. "Pedro Muguruzako eskolan ibili nintzen ni, Don Claudiorekin. Izua genion. 10 urte genituen eta beldurrez bizi ginen eskolan", oroitu du Garciak. Disziplinaren eta tratu txarren arteko muga lausoa zen garai hartan eskolan, baina Lanbide Heziketan jo behintzat ez zituztela egiten esan dute. Zigorrak, baina, ohikoak ziren, eta ekandu ere egin ziren haietara. "Gelako taulan apuntatzen zituen irakasleak hutsak, eta hamabi egiten zituenak domeketan eskolara joan behar izaten zuen 16:00etatik 20:00etara, zigortuta. Arbel ondoan liburu batekin tente egotea izaten zen zigorra, tortura bat; atezaina izaten genuen zaintzen", oroitu du Ramon Mujikak. "Ez zen han bromarik. 64 huts eginez gero, ikasturtea galtzen genuen, eta 84rekin etxera. Bakar batengatik ez nuen behin ikasturtea galdu", gehitu du Alberto Etxanizek.
Ikasle finenak ere ez ziren libratu. Saiatuenetako bat zen Julian Bilbao, emaitza onak ateratzen zituena, baina hura ere harrapatu zuten lehenengo egunean, eta zigortu 500 aldiz esaldi bera kopiatzera. Ikasle ona izateak estuasunak ere eragin zizkion. Behin, gainerako ikasleek eredutzat har zezaten, Bilbaoren hamarreko notak atean zintzilikatu zituen irakasleak eta amorrarazi zuen gaztea horrek, ikaskide zituenen aurrean nabarmendu nahiak, ikasle ona izatea burla-haizez hartu ohi zelako sarri. Beste behin, greba egin zuten aldi batean, loa ere galdu zuen Bilbaok, zuzendaritzatik eta Udaletik kontu eske deitu ziotelako. Itxuraz, gelako pertsiana jaitsita ikas-bidairako zozketa antolatu nahian ari ziren batean salatu egin zituen atezainak, behar baino buila handiagoa egiten ari zirelako. Bileran esan zituenengatik ikasle bat -Jesus Astigarraga Chusco zena- kaleratzea pentsatu zuen gero zuzendaritzak eta haren alde planto egin zuten ikaskideek. Bi egunez eskolara joan gabe egon ziren, protesta gisa, eta gaiztotu zen egoera. "Zuzendaritzatik eta Udaletik ere deitu zidaten azalpenak eskatzeko. Pentsa zelako tratua hartu nuen!", oroitu du Bilbaok. Erlijioko maisuak ikasleen alde egin zuen eta, Jose Antonio Etxeberria ikaslearen aitak, garai hartan Elgoibarren enpresarien ordezkari zenak, esku hartu eta zuzendu zuen auzia".
Baina une gozoak gehiago izan ziren. 1967an Tarragonara egin zuten ikas-bidairako dirua lortzeko antolatu zituzten zine-emanaldi, berbena eta jaialdiak ekarri dituzte gogora. Filmak erosi eta domeka arratsaldeetan proiektatzen zituzten eskolan herriko haurrentzat eta, atsedenaldian, goxokiak saltzen zizkieten. Merkatu plaza zaharrean erromeriak ere antolatzen zituzten eta taberna ere jartzen zuten han dirua ateratzeko, baina ekintzarik "arrakastatsuena" Odeonen antolatu zuten jaialdia izan zen. Trio Nubay soraluzearrak, Pather's Boys banda bilbotarra eta Hernaniko Los Bostan ekarri zituzten, bidairako gastuak eta otordu on bat aginduta trukean, eta euren kuadrillako Jose Angel Zelaia zenak ere kantatu zuen Odeonen. Oihartzun handia izan zuen jaialdiak, eta bete egin zen Odeon aretoa. Irabazi handiak izango zituzten ustearekin ekin zion diru-kontuak egiteari Bilbaok, taldeko diruzainak, baina sorpresa! Dirua barik zuloa egin zuten, 500 pezetakoa. "Ilusioa zer den! Otordua agindu genien, eta haiek beren bizitzako bazkaria egin zuten Gorbean gure kontura".
Egin zuten modua, baina, ikas-bidaia finantzatzeko eta joan ziren Tarragonara astebeterako, "ateak ixten ez zituen autobus zahar batean, arroparik berrienak eta poltsikorako diru justua hartuta". Zumarragan geldialdia egin zuten Orbegozo tailerra bisitatzeko eta lehenengo gaua Iruñean pasatu zuten, sanferminetan. "Bero demasarekin sartu gara autobusean gero, eta Monegrosera iritsita, kieto. Halako batean iritsi gara Tarragonara, beroak itota, ikusi dugu piszina ikaskide batzuek gaua pasatzekoa zuten hotelean, laga ditugu maletak autobusean besteok, eta bainua hartzetik bueltan, gutako hiruren maletak falta!", oroitu du Jose Antonio Gonzalezek. Eta hura barre-algara. Kontatu du taldearen diru-zorrotik milana pezeta eman zizkietela Corte Inglesen janzteko, eta aurrera!
Kontatzekoak eta isiltzekoak; milaka anekdota dituzte ikas-bidaikoak, eta bidaia prestatzeko aurrelanetakoak. Lloret del Marrera eta Bartzelonara ere iritsi ziren bidaia hartan, bisitatu zuten Agut S.A. enpresa eta, ostatu hartu zuten aldirietako auzo batean, berriak egiten zitzaizkien bizimoldeak eta giroak ezagutu zituzten; beste mundu bat, 100 pezetarekin lau lagunek xanpain eta guzti afaldu zezaketen garaikoak.
Astebeteko egonaldia izan zen, Jose Mari Bastida eta Jose Elkoro (U) tutoreek lagunduta egin zutena eta arrasto ahaztezina utzi duena haiengan. "Gure artean sortu dena izugarria da. Nik 10 urterekin polioa izan nuen, eta mila ezin eragin zizkidan; baita gastu handia ere etxean. Ebakuntza asko egin zizkidaten eta konplexuz beteta igaro nituen ikasle-urteak. Inori ez diot opa halako gaztarorik, baina gauza on bat eman zidaten behintzat urte haiek: lagun kuadrilla handi hau", esan du Jesus Ostolazak, hunkituta. Gauza on eta handi asko lortu ditu Elgoibarko Lanbide Heziketak 125 urtean, baina nekez adiskidetasuna baino balio handiagokorik.
Anton Bergara Ibarzabal, Alberto Etxaniz Ansola, Oscar Martinez Goikoetxea (atzean), Boni Maestro Heras, Vicente Garcia Mortalena, Julian Bilbao Etxabe, Antonio Garcia Marcos, Jose Antonio Gonzalez Diez (aurrean), Ramon Mugika Larreina, Rosario Fernandez Olmo (aurrean), Juan Antonio Palomino Zorrilla (atzean), Jesus Ostolaza Esnaola (atzean), Jose Migel Lariz Iriondo eta Javier Beristain Egaña.