Erreportajea

Bide urratzaileak formakuntza teknikoan

Ainara Argoitia 2025ko mar. 11a, 08:55

M.Jesus Astigarraga, Ana Loiola, Marixabel Aizpurua, Carmen Diego, M.Jesus Insausti, M.Isabel Eguren, Pake Garzia, M.Asun Lopez eta Maria Perez.

Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurrenaren baitan eta Martxoaren 8aren testuinguruan, Elgoibarren formakuntza teknikoa jaso zuten lehen emakumeengan jarri dugu fokua asteon. 

1967ko uztailaren 24an baimendu zuen Espainiako Hezkuntza Ministerioak Lanbide Heziketan Ikaskuntzarako-titulurako Delineazio adarra eskaintzea, eta zabaldu zitzaien atea emakumeei Elgoibarko Orientazio eta Ikaskuntza Eskolan (gaur, Meka), estreinakoz. Juan Antonio Trincado Laorden zen orduan ikastetxeko zuzendari eta Jose Mari Bastida ikasketaburu [1974an zuzendari izendatu zuten]. Dozena bat emakumek eman zuten izena, ordura arte gizonezkoena zen mundurako.

Bide-urratzaileak izan ziren, baina kosta egiten zaie beren buruei aitortzea. "Ez dakit zer meritu egin dugun", dio Marixabel Aizpuruak mahaira batzerako. Elgoibarko Orientazio eta Ikaskuntza Eskolan (gaur, Meka) ikasketa teknikoak hasi zituzten lehen emakumeen taldekoa izan zen Aizpurua, Pake Garziarekin batera. Delineazio Ofizialtza ikasi zuten. "Dozena bat emakume hasi ginen, eta zortzik amaitu genituen ikasketak: Ana Mari Lakunza Oyeregik (+), Maria Asun Lopez Garciak, Belen Etxeberria Epeldek, Begoña Zorrakin Berrizbeitiak (+), Pilar Barezek, Maria Jesus Astigarraga Zubiaurrek, eta guk biok, Marixabelek eta nik". Haien antzera, Delineazio Ofizialtza egin zuen solasaldira gonbidatu dugun hirugarren lagunak ere, Ana Loiolak. Laugarren promozioko ikaslea izan zen Loiola, eta ikasketak amaitu eta bat, Etxe-Tarren hartu zuten lanerako. Hantxe egin zituen erretiroa hartu arteko 40 urte. 

"Gure lotsa eta erreparo guztiekin hasi ginen, 14-15 urterekin, eta ikasketak amaitu genituen urtean bertan abuzturako lanean hasita geunden" - Pake Garzia -

Elgoibarren emakumeentzako aukera handirik ez zen garaian matrikulatu ziren Delineazio Ofizialtzan, eta Mekari zor diote aukera eman izana. 1967. urtea zen. Jose Mari Bastida zen orduan ikastetxeko ikasketaburua, gerora, 1974an, zuzendari izendatu zutena, eta hark azaldu du testuingurua. Garai hartan, neskek eta mutilek bereizita ikasten zuten Elgoibarren, eta behin 14 urtera iritsitakoan, bi aukera zituzten emakumeek: Ana Etxeberriaren akademia [Señorita Anita] edota mojen eskola Mendaron. Mekan, Lanbide Heziketa ematen zuten, baina gizonezkoen mundua zen hura artean. 1967an, hala ere, eskolako zuzendaritzak Elgoibarren Delineazio Ofizialtza ematen hasteko eskaera egin zion Hezkuntza Ministerioari eta iritsi zen uztailean Madrilen onespena. Emakumeengan pentsatuta egin zuen eskaera zuzendaritzak, Elgoibarren ez zegoelako haientzako aukera handirik, baina baita eskolak hazteko bidea ikusi zuelako ere. "Eskola txikia zen gurea. Eibarko Armeria Eskola lehiakide handia zen guretzat, eta guk ere egin behar genuen zerbait ikasle kopurua handitzeko", gogoratu du Bastidak. Deialdia egin zuten eta dozena bat emakume matrikulatu ziren estreinako urtean. "Gure lotsa eta erreparo guztiekin hasi ginen, 14-15 urterekin, eta ikasketak amaitu genituen urtean bertan, abuzturako, lanean ginen. Danobaten, Agmen, Etxe-Tarren eta Ulazia arkitektura estudioan topatu genuen lana", esan du Garziak.

"Gure etxean ez zegoen dirurik eta gurasoek argi zuten ez nuela Batxilergoa egingo, Batxilergoa egiteak unibertsitatera joatea eskatzen zuelako gero eta gastu handia zelako hori. Egoera horretan gure amak aukera bat ikusi zuen han niretzat, eta esango nuke oso ausarta izan zela ni hara bidaltzen. Nik 15 urte nituen eta oso garbi nuen lehenbailehen hasi behar nuela lanean.
Oraindik akordatu egiten naiz lehen soldata sobrean hartuta amarengana joan nintzen egunaz", dio Aizpuruak. Amaren babesa eta bultzada izan zituen Pake Garziak ere: "Jakin nuenean Mekanikan neskentzako ofizialtza bat jarri behar zutela etxean esan nuen hara nahi nuela joan, eta akordatzen naiz amak nola eman zuen azkena: 'Zu azkarra zara eta hori ere egingo duzu'". Beste garai batzuk ziren, "gaur besteko mimorik ere ez zen izaten sarri etxeko umeentzat", eta horregatik, baloratzen dute orain hainbeste bereziki amengandik jaso zuten babesa. "Orduan, baina, natural-natural eman genuen guk pausoa, kontziente izan gabe bide bat zabaltzen ari ginela", gehitu du Loiolak.

GIZONEN MUNDUA

Meka gizonena zen orduan, eta gizonen munduan emakumeak sekula ez du errazik izan. Orduan ere ez. Eta zabaldu dute meloia: "Esango nuke irakasle batzuentzat sekulako enbajada izan zela emakumeoi atea zabaldu izana". "Gaurko egunean salagarriak liratekeenak ere entzun genituen han zenbait irakasleren ahotik". "Ez gintuzten ikaskide mutilen pareko ikusten". "Orain onartuko ez genituzkeen bromak ere egin izan zizkiguten ikaskide mutilek, baina oro har, haiek hobeto hartu gintuzten irakasle askok baino. Jose Mari Bastida zen libratzen zen bakarretakoa. Hark bai tratatu gintuen errespetuz". "Bromak eta bestelakoak aparte, moldatu ginen. Geuk ere egingo genuen zeozer, domeketan eskolara joandakoak ere bagara-eta, zigortuta". Irakasgai orokorrak -matematika, fisika, kimika, historia, gaztelania...- mutilekin batera ikasten zituzten, baina marrazketa teknikoa eta praktikoa -delineazioari lotutako ikasgaiakneskentzat bakarrik ziren hasierako urte haietan, nahiz eta Ana Loiola hasi zenerako mutilei ere zabaldua zieten eskaintza. "Gu lau neska izan ginen: Mariaje Insausti, Mariasun Isasti, Karmen Diego eta neu. Delineazioan beste sei bat mutil ibili ziren gurekin, eta gainerako ikasgaietan beste 40 bat mutilekin elkartzen ginen".

Hiru urteko ikasketak egin zituzten, eta denek topatu zuten lana ikasketak amaitzeaz batera. Aizpuruaren kasuan, aurretik. "Luis Ulazia arkitektoa etorri zen eskolara bi lagunen bila eta Belen Etxeberria eta biok hasi ginen harenean lanean. Ikasketak amaitu aurretik hasi ginen arratsaldez haren arkitektura estudioan, praktiketan". Planoak diseinatzea zen haien egitekoa. "Etxeetako planoak eta Elgoibarko ikastola berriko planoak ere egin nituen". Garzia Etxe-Tar enpresan hasi zen lanean planoak kopiatzen, argibide liburuak prestatzen eta krokisak marrazten. Oroitu du sei bat gizon zeudela garai hartan Etxe-Tarren bulego teknikoan lanean, eta emakume bat: bera.

Antzeko argazkia egiten du Ana Loiolak Etxe-Tarrera iritsi zen egunaz. "Hamabost bat gizon izango ziren bulego teknikoan, eta emakume bakarra: neu". Etxe-Tarren hasterako Rodisatik deitua zioten tailerreko lanerako, baina hura baztertu eta Etxe-Tarren bulego teknikoan hasteko eskaintza hobetsi zuen, delineazio alorrean. Garziaren ordez hartu zuten lantegian, lau urte egin ondoren, bere lekua beste nonbait zegoela iritzita enpresa mundua laga eta Filosofia ikasteari ekin ziolako hark, ondoren irakaskuntzan hasteko. "Gure ikasketak ere ez ziren maila handikoak, azken batean ofizialtza bat egitetik gentozelako, eta asumitzen genuen gure egoera ere, beste garai batzuk zirelako eta normala hori zelako, baina gu orduan las chicas ginen lantegian", dio Loiolak. Bat dator Garzia ere. "Bai, bai, las chicas ginen. Pertsianak jaistea-eta gure lanak izaten ziren, emakumeonak. Ez geunden beste langileak bezain baloratuta. Esango nuke, hori bai, enpresa munduan itzultzaile aritzen ziren emakume langileek prestigio handiagoa zutela".

Eta ezin jakin horren ondorio izan zen, edo beste arrazoiren bat(tzuk) izan ziren, baina ikastetxean ere beherakada izan zuten matrikulazioetan. "Guk bizimodua enpresan egin dugu eta gaur da eguna ezin dudana ulertu nola izan ginen gu lau emakume bakarrik eskolan, lehenengo promozioko guzti hauek lana topatu zutenean ikasketak amaitzeaz batera. Dena den, aspaldi ez dela izan naiz IMHn gazteei gure lekukotza ematen, eta iruditu zait egoera ez dela gehiegi aldatu, 50 urte pasatu diren arren. Eta ezin dut ulertu. Izan ere, ofizioa ikasita irteten dira eskolatik enpresa mundura, eta industrian, ordutegiak eta soldatak onak dira", dio Loiolak.
Garai hartako matrikulazio jaitsiera azaltzeko arrazoi bakarra topatu du Bastidak: "Enpresetan delineatzaile proiektistak behar zituzten eta delineatzaile ona izateko maila handiagoko ikasketak behar dira: ingeniaritza ikasketak". Horregatik beste adar baten aldeko apustua egin zuten eskolan. 1974ko urriaren 9an izendatu zuten Bastida zuzendari Antonio Trincadoren ordez, eta 1975eko otsailaren 5ean, Administraritzako adarra irakatsi ahal izateko eskaera egin zuten Madrilera. "Elgoibarren emakumezkoek eskatzen zituzten ikasketak eskaintzen zituen ikastetxe ofizialik ez zegoenez, pentsatu genuen gizartearen eskaerari erantzun behar geniola eta emakumeak industria alorreko espezialitateetara erakarri behar genituela". Horretarako, Ana Etxeberriarekin elkartu ziren. Ikastetxetik gertu zuen hark akademia, eta gazte asko prestatzen zituen, enpresen onarpen handiarekin. Hala, 1975eko urriaren 17an, administraritza adarreko gaiak irakasten hasi ziren Mekan, Ana Etxeberria kontratatuta. Harekin batera, ordura arteko haren ikasle guztiak ere matrikulatu ziren, eta sona hartu zuen eskolak. 1978-79 ikasturtera arte eman zituen Etxeberriak han eskolak, eta hark utzi zuenean Maite Arana eta Kontxi Arana sartu ziren irakasle.

Ordurako, hala ere, beste bide bat hartua zuten Delineazio Ofizialtza ikasi zuten gure hiru protagonistetako bik, Pake Garziak eta Marixabel Aizpuruak. Ulaziaren arkitektura estudioan zazpi urtez lanean ibili ondoren, Elgoibarko ikastolak sortutako haurtzaindegian ari zen lanean Aizpurua, esaterako. "1976an zabaldu genuen, hogei umerekin. Lehenengoetako haurtzaindegia izan zen Gipuzkoan, eta hasierak ez ziren errazak izan, jendeak ez zuelako ondo ikusten umeak han lagatzea. Sekulakoak entzuten genituen lankideak eta biok, eta gu, han, isil-isilik. Gogoan daukat garai hartan Lan Ministerioak banatzen zituela dirulaguntzak eta 40 bat emakumeren eskaerak aurkeztu genituela guk, haietako batzuen umeak gurekin egon ez arren", azaldu du.
Marixabelen gaurko bi lagunak ziren orduko gizarteak hainbeste kritikatutako ametako bi. "'Ume koitaduak! Nola abandonatu daitezke hor!', esaten zuen jendeak. Ni nintzen alaba han lagatzen zutenetako bat. 09:00etan laga eta 18:00etan jasotzen nuen, eta ordurako iristen ez banintzen, han egoten ziren hauek zain", gehitu du Garziak. Familia eta lana bateragarri egitea gaur ere ez da beti erraza, eta gauza askotan aurrerapausoak eman direla uste arren, gaur ere ama gazte zeneko oroitzapenak etortzen zaizkio burura Loiolari: "Ikusten ditut goizetan gurasoak presaka umeak hartuta eta erruki puntu bat ematen didate, gu ere antzera ibili ginen arren, konturatzeko baino lanpetuago. Adinarekin beste modu batean ikusten da dena, baina".

Ezkondu eta lana lagatzea zen gure protagonistak gazte ziren garaian ohikoena. Etxe-Tarren, Ana Loiola izan zen kontrako erabakia hartu zuen lehenengo emakumea. Kosta zitzaion jakinaraztea. "Kudeatzaileari esan behar izaten zitzaion, eta hura estuasuna! 'Voy a seguir esan nion nik, eta ¿qué? ¿que vas a salir? erantzun zidan berak". Soka ez zen gehiago tenkatu, hala ere, eta arazorik gabe jarraitu ahal izan zuen bere lanean, baina ez zen emakume guztien kasua izan. "Ezagutu genituen bulegotik tailerrera zigortu zituztenak ere".

Zorionez, urratsak egin dira berdintasuna lortzeko bidean, eta erakundeetatik eta bestelako estamentuetatik ari dira dirua inbertitzen emakumeak STEAM ikaskeketara erakartzeko eta enpresetan kontziliazio parekidea sustatzeko kanpainetan. "Egindako bidea ez da sekula alferrik izaten eta jarraitu behar da lanean".