Historia egin du Elgoibarrek eta historia egiten jarraitu nahi du. Hala nabarmendu zuten joan zen eguenean 125. urteurreneko amaiera ekitaldian hitza hartu zuten guztiek, Maialen Gurrutxaga alkatearengandik hasita. Badio esaerak: izan zirelako gara eta garelako izango dira, eta horixe irudikatuz hasi zuten eguna, IMHko eta Mekako atarietan haritz eta pago landare bana landatuta. Handik antzokirako bidea hartu zuten gero, eta dozenaka gonbidatu batu zitzaizkien han, behealde guztia betetzeko beste lagun. Berezia zen eguna, eta nabari zen hango diosala, esku-emate, besarkada eta abarretan. Photocall-a ere jarri zuten sarreran antolatzaileek eta nekez sartu zen inor barrura lagun eta ezagunekin argazkirik egin barik. Behin barruan, gaur ikasle direnek egin zieten gonbidatuei lehen agurra, Alaitz Bastida IMHko Lanbide Heziketako zuzendariak eta Jose Mari Beristain MEKAko zuzendariak hitza hartu aurretik.
Lanbide Heziketako komunitateari egindako lana eskertzeko berbak izan ziren haienak. Eskerrak eman zizkieten, lehenengo eta behin, urteurreneko ospakizunak antolatzen jardun diren batzordekideei, haien irudimen, ekimen eta konpromisoz askotariko ekintzak egin direlako Elgoibarren urtebetean, eta esker on berbak izan zituzten Elgoibarko Lanbide Heziketak gaur duen erreferentzialtasuna lortzeko beren onena jarri duten norbanakoentzat ere, bai eta denbora guzti honetan bidaide, babesle eta laguntzaile izan dituzten erakunde publiko, enpresa, enpresa-elkarte eta gainerakoentzat, ahaztu gabe gaur irakasle-lankide eta ikasle dituztenez. Atzera begirako laburra ere egin zuen Beristainek, eta azpimarratu "ondarea babestu eta Lanbide Heziketa egungo beharretara egokitzeko" erronka beren egina dutela.
Beristainek gogorarazi zuen 126 urte bete zirela eguenean Elgoibarko lehen Marrazketa Akademia sortzeko akta sinatu zutenetik udaletxean, eta geroztik ikaragarri zabaldu dela Lanbide Heziketako eskaintza, hezkuntza sistema berritu bihurtzeraino, "industria modernoaren beharretara egokituta eta unibertsitatera zabalduta". Hutsetik hasi ziren duela 126 urte, beharrak akuilatuta, eta zientoka lagunen "konpromiso, ausardia eta ekinagatik" lortu du Lanbide Heziketak gaur duen erreferentzialtasuna. Hala baita hezkuntza-berrikuntzaren funtsezko alderdietan, hala nola, erronketan edo proiektuetan oinarritutako metodologia aktiboetan, prestakuntza dualean eta lanbide heziketak industriarako berrikuntza aplikatuko inguruneetan ekarri duen eraldaketan. Elgoibarren, Lanbide Heziketak hiru eraikin ditu, eta 1.200 ikasle, eta horiek 11.000 biztanleko herri batentzat "zifra handiak" dira.
Bastidak eta Beristainek esandakoa iruditan erakutsi zuten gero, Lanbide Heziketako komunitatearen indarra erakusten zuen zazpi bat minutuko bideoan (lerro hauen gainean duzue ikusgai). Eta ondoren, Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeari eman zioten hitza, etorkizuneko erronkei begira jartzeko.
Lanbide Heziketa martxan jarri eta aldaketa eta erronka berrietara egokitzeko lan egin duten guztiei eskerrak eman ondoren, Labakak esan zuen erronka handia zutela gaur egungo "mundu konplexu eta aldakorrera" egokitzeko eta Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak ikasturte hasieran emandako datuak gogorarazi zituen, zailtasunez ohartarazteko. Batetik, azken bi ikasturteetan 13.000 matrikula gutxiago erregistratu direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hasierako etapetan, eta bestetik, iaz 8.000 ikasle matrikulatu zirela ikasturtea hasita zegoelarik, batez ere beste herrialde batzuetatik etorrita. Hasierako etapetako datuak ziren horiek, baina horren oihartzuna Lanbide Heziketara ere iristen ari zela azpimarratu zuen. "Gure erronketako bat da hizkuntza menperatzen ez dutenak eta DBH osatu gabe dutenak gizarteratzea", zehaztu zuen horren harira. Lortuko bada, malgutasun handia izatea eta sarean lan egiten asmatzea ezinbesteko izango direla nabarmendu zuen eta konfiantza osoa agertu zuen Lanbide Heziketan ardura hartuta dabilen jendearekiko, gaur garena bagara, lankidetza eta elkarlanerako borondate hori egon delako izan delako haren ustez. "Nik ez dut beste inon ikusi hemen duguna: ikastetxe publikoak eta itunpekoak elkarrekin lanean. Hori da gure ezaugarria eta sarean lan egiteko dugun ohitura hori da dugun onena, zor dieguna zuzendaritzetan izan direnei eta beste irakasle askori, haien inplikazioagatik eta ausardiagatik lortu dugulako".
AITORTZA HAINBAT LAGUNI
Sailburuordearen hitzaldiaren ondoren, hainbat lagun igoarazi zituzten oholtzara eta goizean landatutako landareen adaxka bana jaso zuten haiek. Ordezkari gisa igoarazi zituzten eta honako hauek izan ziren: Jose Mari Bastida Mekako zuzendari ohia; Joxean Egaña IMHko zuzendari ohia; Kontxi Arana Mekako irakasle izandakoa; Santi Sastre IMHko irakasle izandakoa; Ignacio Fernandez de Jauregi lanbide heziketako ikasle ohia; Gloria Mugertza Oria lanbide heziketako ikasle ohia; Arrate Berasategi Mekako langile ohia eta Fernando Montero IMHko langile ohia.
Aurkikuntzen berri emateko unea iritsi zen gero. Makina Erremintaren museoko zuzendari Rafa Zulaikak Shanty Oria Etxanizek museoari egindako dohaintza baten berri eman zuen, eta funts hori gordailuan ematea irudikatu zuten oholtzan. Bernardo Ezenarrok (1873-1956) Paristik ekarritako 30 bat laminatako bilduma da Oriak museoari emandakoa, Marrazki Akademian zein Arte eta Lanbide Eskolako irakaskuntzan erabilitakoak, orduan erabili zituzten ikasleen aztarnekin. Lamina horietako gehienen egilea Bernard-Romain Julien litografo lapurtarra eta grabatzailea (Baiona, 1802-1871) izan zen, Parisco Eçole des Beaux-Artsen ikasitakoa, XIX.mendearen erdian ospetsu egin zena. Gordailua ematea irudikatzeko ekintzan Bernardo Ezenarroren ondorengoek -Leire Melgoza eta Esther Arakistain- eta Shanty Oriak berak parte hartu zuten.
Ekitaldia Maialen Gurrutxaga alkateak itxi zuen. Aurreko denen ildo beretik esker on berbak izan zituen urte guzti hauetan Lanbide Heziketaren alde lan egin duten guztientzat, baina beste guztien gainetik 125. urtemugako ospakizunak antolatzen jardun diren batzordekideak goraipatu zituen. Gurrutxagak esan zuen "balio sendodun jendea" izan dela eta dagoela Elgoibarren Lanbide Heziketan eta haien guztien "ilusio, kemen, ekiteko gogo eta elkarlanerako borondate eta gaitasunaren emaitza" dela gaur duguna eta etorkizunean izango duguna: "Historia idatzita dago, baina jarraituko dugu idazten".
Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurreneko itxiera ekitaldia bideoan jaso dute antolatzaileek: